Europako Inbertsio Fondoari esker, 24 milioi euro ditugu enplegua sortzeko

Europako Inbertsio Fondoari esker, 24 milioi euro ditugu enplegua sortzeko

3 min.

Europako Inbertsio Fondoari esker, 24 milioi euro ditugu enplegua sortzeko

Mikrofinantzaketako Progress programaren barruan Europako Inbertsio Fondoarekin (EIFarekin) sinaturiko hitzarmenean jasotzen den zifra edo helburua 24 milioikoa da. Horretarako epe bat jarri dugu: 24 hilabete (2 urte). Helburu zehatzak ere jarri ditugu: 1.600 mikroenpresa eta 2.700 enplegu sortu eta sendotu nahi ditugu, mailegu txikiak eskainiz. Hitzarmen horrekin oso gustura gaude, ekintzaileak eta enplegua babesten jarraitzeko aukera ematen baitigu. Hain zuzen, hori da gure izatearen arrazoietako bat.

Jarraian hitzarmenaren gakoak bost galderatan laburbilduko dizkizugu.

1. Nori egingo dio on?

Batez ere, 36 urtetik beherako autonomoei eta 2.000.000 eurotik beherako urteko fakturazioa duten 10 pertsonarainoko enpresei. Filosofia? Banka tradizionalaren finantzaketa lortzeko zailtasunak dituzten pertsona fisiko eta juridikoei laguntzea. Hitzarmenak lerro gorri etiko bat jasotzen du: onuradunak ezin dira armagintzari, giza klonazioari, tabakoari eta ausazko jokoei loturiko enpresak izan.

2. Zer baldintzatan mailegatuko da dirua?

Prezioen baldintzak bereziki abantailatsuak dira: % 5,95eko interes-tasa finkoko maileguak eta ekintzaileentzako Gaztenpresa Maileguak % 3tik aurrera; bi kasuetan irekiera-komisioak % 1ekoak izango dira. Mikrofinantzaketaren ohiko estandarrei jarraiki, maileguko 25.000 euroko gehienezko zenbatekoa jarri da eta itzultzeko epea 3 eta 60 hilabete bitartekoa izango da. Inongo kasutan ez da eskatuko hipoteka-bermerik eta ezin izango da erabili higiezinak erosteko eta birfinantzaketetarako.

3. Zer garrantzia du hitzarmenak?

Espainian lortu den mota horretako handiena da. Testuingurua ezagutzeko: gaur arte mikromaileguen bitartez 130 miloi euro baino gehiago eman dira Europan eta hitzarmen horri esker 24 milioi emango dira. Orain arte, honako herrialde hauek sinatu dituzte hitzarmenak: Austriak, Belgikak, Bulgariak, Txiprek, Danimarkak, Esloveniak, Eslovakiak, Espainiak, Frantziak, Greziak, Holandak, Irlandak, Italiak, Lituaniak, Poloniak, Portugalek, Erresuma Batuak eta Errumaniak.

4. Zer da Europako Inbertsio Fondoa?

EIF berrikuntzari, ikerketari, garapenari, ekintzailetzari, hazkundeari eta enplegu-sorrerari laguntzeko Europar Batasunaren tresna da. Bere egitekoa mikroenpresei eta ETE-ei finantzaketa lortzen laguntzea da. Horretarako, finantza bitartekariei bermeak edo arrisku-kapitala eskaintzen die bere fondoen bitartez eta Europako Inbertsioen Bankutik edo Europar Batasunetik datozen beste fondo batzuen bitartez.

2013 amaieran, EIFak guztira 7,9 bilioi euro garbi zituen bideratuta kapital pribatuko fondoetara. EIFak lidergo-posizioa du Europan, bere inbertsioen eskalagatik eta garrantziagatik; izan ere, 435 fondotan baino gehiagotan ditu inbertsioak. Inbertsio horien onuradunak, hain zuzen, duela gutxi abian jarritako enpresak eta teknologiaren sektorekoak izan dira. 2013ko abenduan, EIFaren kreditu-bermeen zorroa 5,6 bilioi euro baino gehiagokoa zen, 300 eragiketa baino gehiagotan banatuta. Hori dela eta, bermeen arloko protagonistarik handienetako bat da Europan, batez ere, mikrofinantzaketaren esparruan.

5. Mikrofinantzaketako Progress programa zertan datza?

Esan dugu EIFak arrisku-kapitala edo bermeak eskaintzen dizkiela finantza-bitartekariei. Bigarrenik aipatuko dugu Progress programak zer estaltzen duen eta gure kasuan zer egin duen: datozen bi urteetan beren enpresa-helburuak betetzeko ekintzaileei maileguan emango dizkiegun 24 milioi euroen bermea estaliko du.

Progressek guztira 205 milioi euroko diru-hornidura du, Europako Batzordeak eta Europako Inbertsio Bankuak emandakoa. Diru hori, batez ere, banka tradizionalean finantzaketa lortzeko zailtasunak dituzten autonomoei, emakume ekintzaileei eta talde minoritarioei zuzenduta dago, baina baita beste talde batzuei ere.  LABORAL Kutxarekin sinaturiko hitzarmena 2010ean sortu zenetik Mikrofinantzaketako Progress programaren esparruan egin den 51. eragiketa da.

LABORAL Kutxa ekintzaileekin

Kreditu-kooperatiba da gurea, enplegua sustatzeko sortu zena. Hortaz, ekintzaileei laguntzea gure DNAn dago. Ideiaren bat baduzu, zatoz guregana. Berdin dio bezero izan ala ez. Ekintzaileentzako plan bat dugu zuretzat, prozesu osoan lagunduko dizuna.

Zure bideragarritasun-plana lantzen lagunduko dizun aditu bat jarriko dizugu, finantzaketarekin lagunduko dizugu eta zure proiektua abiarazteko prozesu osoan lagunduko dizugu, baita era guztietako izapideak egiten ere. Eta zure negozioa irekitzen edo zure ideia abian jartzen duzunean ez zaitugu bakarrik utziko: etengabeko gestoria-zerbitzua, laguntza-lantegiak eta negozioetan adituak diren gestoreak eskainiko dizkizugu.

Ideiaren bat baduzu, zatoz gure sukurtsaletako batera. Zuri lagunduz, gure xedea betetzen lagunduko diguzu: zuretzat eta gure ingurunearentzat baliagarriak izaten.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Kreditu lerroak