Euskadiko enpresek aurreikuspen ekonomiko positiboak dituzte 2025. urtearen hasierari begira
2024-12-19
Euskadiko enpresek aurreikuspen ekonomiko positiboak dituzte 2025. urtearen hasierari begira
Enpresa Konfiantza Indizeak Euskadiko enpresek 2025eko lehendabiziko hiruhilekoari begira ikuspegi positiboa dutela islatzen du, 53,6 puntuko balio batekin. Zenbaki hori aurreko hiruhilekoko 55,6 puntutik zertxobait behera kokatzen bada ere, jarduera ekonomikoaren hedapena adierazten jarraitzen du, 50 puntuen atalasearen gainetik kokatzen baita.
Txosten honetan, era berean, kontuan izaten dira eremu geografiko ezberdinetako aurreikuspenak. Kasu honetan, indizeak Eurogunearen gainetik egoten jarraitzen du, eta Estatuarekin alderatuta, apur bat beherago baino ez da kokatzen, 50 eta 55,2 punturekin hurrenez hurren (bi datuak urrikoak dira). Emaitzak desafiozko ekonomia-ingurune baten aurrean Euskadiko enpresek ageri duten erresilientzia baieztatzen du.
Beti bezala, zenbaki horiek LABORAL Kutxaren Ikerketa Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresa baino gehiagori, 2025eko lehenengo hiruhilekoari begira, beren aurreikuspen ekonomikoak zertan diren jakiteko xedez egindako inkesta baten ondorio dira.
Ingurune ekonomikoa eta enpresa-aurreikuspenak
Inkestak ingurune ekonomikoarekiko zuhurtzia gehixeagoko ikuspegia erakusten du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Lehendabiziko adierazle honek islatzen duenez, 2025. urtearen hastapenari so, enpresen % 14k irizten du hobekuntza izango dutela, 2024. urtearen amaierarako eskuratutako datuaren oso antzekoa. Haatik, % 49k uste duenez, berdin mantenduko da, eta % 36,9k okerrera egingo duela uste du. Zenbaki horiek espektatibetan doikuntza dagoela islatzen dute. Era berean, ordea, berehalako aldaketa negatiborik aurreikusten ez duten enpresen proportzio adierazgarria dagoela baieztatzen dute.
Aipatu behar da ingurune ekonomikoari buruzko iritzia ez dela kontuan hartzen Enpresa Konfiantza Indizea lortzeko
Fakturazioaren eta eskaeren eboluzioa
Enpresen fakturazioa Enpresa Konfiantza indizea eskuratzeko garaian nabarmendu beharreko adierazlea da. 2024. urtearen amaieran goranzko joera ikusten da, urte berriaren hastapenari begira hautsi egiten dena berriro. Epealdi horretan, inkestan parte hartu duten enpresen % 20,7k irizten du beren fakturazioa hobetu egingo dela 2025eko lehenengo hiruhilekoan zehar, aurreko hiruhilekoan eskuratutako datua baino 10 puntu gutxiago (% 31,3). Datu horretan izandako beherakadak adierazle horretan egonkortasuna aurreikusten duten enpresak eta ezkor agertzen direnak areagotu egin direla adierazten du, % 64,5 eta % 14,8 punturekin hurrenez hurren. Zenbaki horiek, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, atzerakada arin bat erakusten badute ere, ikuspegi oparoak dituzten erakundeen nukleo sendoa dagoela adierazten jarraitzen dute.
Bestalde, aurreko adierazlearekin lotuta, eskarien gaineko espektatibetan ere nolabaiteko atzerapena ikusten da aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Kasu honetan, enpresen % 22,7 baikor agertzen dira eta eskarien bolumena areagotzea espero dute, % 63,8k egonkortasuna aurreikusten du eta % 13,5ak eskariek behera egingo dutela aurreikusten dute. Zenbaki horiek eskariek fakturazioaren eta jardueraren aurreikuspenen oinarri modura duten garrantzia nabarmentzen dute.
Jarduera eta prezioak
Jardueraren gaineko aurreikuspenek behera egin dute berriro aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Aurreikuspen horien arabera, enpresen % 16,7k uste du 2025eko lehenengo hiruhilekoan hobekuntza izango dutela. Datu hori % 23,1ekoa zen 2024. urtearen amaieran. Jaitsiera arin bat badago ere, sentsazioak positiboak dira, urte osoan zehar izandako gorakadaren ondorioz. Haatik, inkestan parte hartu duten erakundeen % 23,2k datu horrek behera egingo duela aurreikusten du oraindik, eta % 60,1ak egonkortasuna espero du.
Prezioei dagokienez, enpresen % 41,6k prezioek gora egingo dutela usten dute, eta % 54,4k egonkor mantenduko direla aurreikusten dute. Oraindik gutxiengoa da prezioak areagotzen joango direla uste duten erakundeen portzentajea.
Errentagarritasun eta inbertsioen aurreikuspenak
Enpresek burututako eragiketen errentagarritasunari buruzko aurreikuspenak ere funtsezkoak dira Enpresa Konfiantza Indizea eskuratzeari begira. Azken hiruhilekoetan izandako joera negatiboaren ondoren, 2025. urtea hasteko baikortasun zirrikitu txiki bat hautematen da. Kasu honetan, inkestan parte hartu duten enpresen % 84,2k errentagarritasuna berdina edo apalagoa izango dela uste du; portzentaje hori % 85,2koa zen aurreko hiruhilekoan. Haatik, % 15,8k etekin handiagoak eskuratzea espero du oraindik.
Orain arte aztertutako datuek aurreko hiruhilekoarekin alderatuz baikortasun gutxiago erakusten dute. Horrek Euskadiko erakundeen inbertsio-planak epealdi horri begira ahuldu egiten direla suposatzen du. Enpresen % 17,7 baikor ageri dira, eta etekinak areagotu egingo direla uste dute, % 71,2k berdin mantentzea espero du, eta soilik % 11,1ak aurreikusten du beherakada. Datu horiek, epe laburrean, inbertsioarekin lotutako erabakiei begira zuhurtziazko ikuspegia islatzen dute.
Enplegua enpresetan
Enpleguaren sorrera ere kontua izateko alderdi oso garrantzitsua da. Datu horrek egonkortasuna erakusten jarraitzen du enpresa-ikuspegiaren funtsezko ezaugarri gisa. Enpresen % 85,7k beren plantilla mantentzea aurreikusten du, % 10,1ak areagotzea aurreikusten du, eta % 4,2k plantillak behera egitea espero du.
Jarraian Enpresa Konfiantza Indizean sartzen ez diren arren, etorkizunera begira eszenario ekonomiko hobea begitantzea laguntzen duten zenbait alderdiren azterketa aurkezten da.
Esportazioen portaera
Lehendabiziko adierazleak esportazioek azken urtean zehar izan duten bilakaerarekin du zerikusia. Datu horrek nazioarteko merkataritzak, hazkunderako motor modura, duen garrantzia azpimarratzen du. Kasu horretan, baikor agertu diren eta atzerrian egindako salmentak hobetu egin direla uste duten enpresen portzentajea % 26,6ra iritsi da jadanik. Haatik, inkestan parte hartu duten erakundeen % 55 baino gehiagok uste du egonkor mantendu direla, eta % 17,2k egoerak okerrera egingo duela adierazi du.
Berrikuntzak edo I+G ekimenak
Kontuan izateko beste parametro garrantzitsu bat berrikuntzara edo I+G ekimenetara bideratutako salmenten portzentajea da. Horri begira ikusten denez, gorabehera txikiak egon arren, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz joera egonkor mantentzen da. 2025eko lehendabiziko epealdian zehar, enpresen % 62,6k bideratzen dute bere salmenten % 0 eta % 1 I+G ekimenetara, eta soilik % 15,8k bideratzen du % 5 baino gehiago. Zenbaki horietan hobekuntza-tarte bat badago ere, berrikuntzarekin gero eta handiagoa den konpromiso bat ere islatzen dute.
Kobratzeko epea eta banku-finantzaketa
Bezeroei egindako kobrantzen epea egonkor mantendu da azken urtean zehar. Enpresen % 76,6k uste duenez, datu hori berdin mantendu da, eta % 14ren aburuz epe hori areagotu egin da (aurreko hiruhilekoan portzentaje hori % 6,7koa zen).
Azkenik, banku-finantzaketa eskuratzeko erraztasuna konstante mantendu da azken urtean zehar enpresen % 81,3ren ustez (aurreko hiruhilekoan portzentaje hori % 75,2koa zen). Gainerakoak honela banatzen dira: % 6,2k uste du okerrera egin duela, eta % 12,6k uste du hobera egin duela.
Enpresa Konfiantza Indizeak eta adierazle osagarriek Euskadiko enpresek 2025. urtearen hastapenari begira jarrera baikorra dutela nabarmentzen dute, zuhurtziaz bada ere. Eskuratu xehetasun guztiak esteka honetan txosten osoa deskargatuz.
Zein da zure erreakzioa?