Euskal enpresek antzeko itxaropen ekonomikoak dauzkate 2023ko hirugarren hiruhilekorako
2023-06-07
Euskal enpresek antzeko itxaropen ekonomikoak dauzkate 2023ko hirugarren hiruhilekorako
Euskadiko enpresa-konfiantzaren indizeak pixka bat behera egin du urteko hirugarren hiruhilekoari begira eta 49 puntutan geratu da; aurreko hiruhilekoan, aldiz, 52,7 puntukoa izan zen. Horrela, beherakada izan den arren eta nahiz eta uzkurdura-zonan egon, datu hori ikuspen neutrotik hurbil dago eta, hortaz, esan daiteke ia ez dela aldatu.
Indize hori Espainiako eta euroguneko eremu geografikoko datuekin konparatuta (56,3 eta 54,1 hurrenez hurren apirilean), ikus dezakegu euskal enpresak apur bat ezkorrak direla. Horregatik, txosten honek erakusten du Euskadin urteko bigarren hiruhilekoari begira igarritako ekonomiaren hobekuntza pixkanaka jaisten ari dela.
Ohikoa den moduan, kopuru horiek LABORAL Kutxako Azterketa Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresari egindako inkesta batetik atera dira.
Ingurune ekonomikoa eta enpresen itxaropenak
Oro har, inkestatutako euskal enpresek agerrarazitako ingurune ekonomikoa aurreko hiruhilekokoaren antzekoa da. Kasu honetan, ingurunea hobetuko dela uste duten erakundeen ehunekoa egindako azken txostenean ikusitako berbera da: % 13,7. Hala ere, enpresen % 25ek baino pixka bat gehiagok oraindik uste dute egoerak beste hiruhileko batez okerragotzen jarraituko duela.
Fakturazioaren eta eskabideen bilakaera
Inkesta honetan aztertu beharreko datuetako bat da euskal enpresek fakturazioari dagokionez duten itxaropena. Elkarren segidako bi hobekuntza-aldiren ondoren, inkestatutako erakundeek adierazi dute urteko hirugarren hiruhilekoari begira ikuspegi pixka bat ezkorragoa daukatela. Haietatik % 23,7k bakarrik aurreikusten dute hobekuntza bat eta aurreko hiruhilekoan, aldiz, ia % 27k aurreikusten zuten. Antzeko fakturazioa edukiko dutela uste duten enpresen kopurua ere jaitsi egin da, % 60tik % 51,7ra.
Aipatu berri dugun adierazlearekin bat etorriz, hiruhileko honetan ere uste da jardueraren bilakaera pixka bat hobetuko dela. Hiruhileko honetan, jarduera hobetuko dela uste duten enpresak % 20 dira, 2023ko bigarren hiruhilekoari begira % 18,4 ziren arren.
Salmenta-bolumenak eta prezioek ere eragiten diete enpresen fakturazio-itxaropenei eta jarduerari. Ildo horretan, aurreko hiruhilekoan ez bezala, emaitzek iradokitzen dute eskabideen bolumenak okerrera egin duela. Dena den, euskal erakundeek adierazten dute prezioek gorantz egiten jarraituko dutela.
Inkestatutako enpresen % 20k bakarrik espero dute eskabide-bolumena haztea, eta beherakada hori nabarmena da azken txostenaren emaitza kontuan hartuta (26,9 puntu). Hala ere, erdiek baino gehiagok oraindik uste dute egonkor mantenduko dela. Era berean, prezioei buruzko emaitzak banatuta daude: % 19ren ustez, gorantz jarraituko dute eta % 69,2ren aburuz, berriz, ez dira aldatuko datozen hilabeteetan.
Errentagarritasunarekin eta inbertsioarekin lotutako itxaropenak
Eragiketen errentagarritasunarekin lotutako itxaropena ere adierazle garrantzitsua da enpresa-konfiantzaren indizea kalkulatzeko. Oro har, datu horren aurreikuspenean ikusi dugun etengabeko ezkortasuna gorabehera, enpresek nolabaiteko baikortasuna agertu dute segidako bigarren hiruhilekoan. Oraingoan, % 85,8k uste dute errentagarritasuna berdina edo txikiagoa izango dela; 2023ko lehen hiruhilekoari begira, aldiz, % 85,5ek uste zuten hori.
Orain arte aztertutako datuek ez dute baikortasunerako adorerik ematen eta aurreko hiruhilekoan baino egoera ezkorragoa begiztatzen da; beraz, euskal enpresak oraindik ez daude prest beren inbertsio-planak berriz abiarazteko. Enpresen % 12,8 bakarrik agertu dira baikor eta uste dute inbertsio-bolumenak gora egingo duela; 2023ko bigarren hiruhilekoari begira, aldiz, % 15,8 ziren iritzi horretakoak. Hala ere, % 15,2k oraindik uste dute datu horrek beheranzko joera edukiko duela, eta % 72k egonkor mantenduko dela pentsatzen dute.
Enplegua enpresetan
Ohikoa den bezala, euskal enpresek gauza bera pentsatzen jarraitzen dute enplegu-sorketari buruz. Hortaz, aurreko aldietako datu berbera daukagu, alegia, gutxi gorabehera % 80k uste dute bere horretan mantenduko dela. Hala ere, plantilla handitzea espero duten enpresen proportzioa % 11,1etik % 14,7ra pasatu da; % 8,5ek, ostera, alderdi horretan ezkor jarraitzen dute.
Esportazioen portaera
Enpresa-konfiantzaren indizearekin zuzeneko harremana duten ohiko parametroez gain (inguruneari buruzko iritzia izan ezik), txosten honetan etorkizuneko egoera ekonomikoa hobeto bistaratzen laguntzen duten beste datu batzuk ere aztertzen dira.
Lehenengoa enpresek azken urtean egindako esportazioen bilakaera da. Datu honetan, lehenago analizatutakoekin bat etorriz, aurreko hiruhilekoan baino joera pixka bat ezkorragoa ikusi dugu.
Ia % 52k kanpoaldeko salmentak mantentzen jarraitzen dutela baieztatzen duten arren, % 22ren ustez salmentak jada hobetu dira. Dena den, % 26 oraindik ezkorrak dira eta salmentek okerrera egin dutela uste dute, azken hiruhilekoan baino 9 puntu gehiago, orduan kopuruak ez baitzuen % 20a gainditzen.
Berrikuntza edo I+G ekintzak
Aztertu beharreko beste parametro bat berrikuntzara edo I+G ekimenetara bideratutako salmentak dira. Azken hiruhilekoetan azaldutako joera lineala gorabehera, oraingoan aldakuntza txiki bat ikusi da. Hain zuzen ere, inkestatutakoen % 82 oraindik balio minimoetan daude, % 0ren eta % 1en bitartean; % 3,3k, aldiz, % 5 baino gehiago bideratzen dute.
Kobratzeko epea eta banku-finantzaketa
Bezeroei kobratzeko epean ez dago aldakuntza handirik 2023ko lehen bi hiruhilekoekin erkatuta. Hamar enpresatatik ia zortzirentzat, datua berdin geratu da azken urtean zehar, baina % 15,2rentzat epe hori luzatu egin da.
Inkestatutako euskal enpresen % 73k oraindik uste dute banku-finantzaketa lortzeko aukera berdin geratu dela azken urtean. Gainerakoen artean, % 4,7k hobetu dela uste dute eta % 22,3k kontrako iritzia dute.
Next Generation funtsak
Azken hilabeteetan ikusi den moduan, Europako Next Generation funtsek industria-ehuna onera ekartzeko garrantzi handia edukitzen jarraituko dute.
Horregatik, inkesta honetan ere gai horrekin lotutako bi galdera gehigarri egin ditugu. Lehenengoa funtsen ezagutzari buruzkoa da; horri dagokionez, inkestatutako enpresen % 73,5ek ezagutzen dituztela esan dute eta, hala ere, % 13,5ek soilik baieztatu dute funts horien onura jaso dezakeen proiekturen bat duela dio.
Informazio guztia esteka honetan deskarga dezakezu.
Zein da zure erreakzioa?