Euskal enpresek beren aurreikuspen ekonomikoen inguruko ezkortasun berarekin egingo diote aurre 2021. urteari
2020-11-27
Euskal enpresek beren aurreikuspen ekonomikoen inguruko ezkortasun berarekin egingo diote aurre 2021. urteari
Euskal enpresek ia lehen bezain ezkor jarraitzen dute 2021eko lehen hiruhilekorako aurreikuspenen inguruan. COVID-19aren aurkako txerto berrien ikerketan izan diren aurrerapenak ez dira nahikoak izan Euskadin Enpresa Konfiantzaren Indizea hobetzeko. Izan ere, indize hori 31,4 puntutan geratu da finkatuta, eta, beraz, aurreko hiruhilekoan erregistratutakoa baino sei hamarren handiagoa baino ez da izan. Balio hori uzkurdura-muga (atzeraldiaren muga) ezartzen duten 50 puntuen oso azpitik dago.
Ezkortasuna berriz ere
Pandemiaren bilakaeraren inguruko ziurgabetasuna eta bigarren boladak ekonomian eta osasunean izan dituen ondorioak dira ezkortasun horretara bultzatzen duten arrazoiak, LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresari egindako inkestan jasotakoaren arabera. Ezkortasun hori inkesta osatzen duten ia balio guztietan islatu da, enpleguari lotutakoan izan ezik, enpresa gehienek enpleguari eutsi egingo diotela uste baitute.Egoera ekonomiko txarra
Inkesta egin duten enpresen ia hiru laurdenek (% 71k) argi eta garbi iragarri dute 2021eko lehen hiru hilabeteetan egoera ekonomikoa urtearen amaierakoa baino okerragoa izango dela; % 9,1ek, aldiz, pertzepzio baikorragoa dute. Enpresak ezkor agertu dira, halaber, datorren hiruhilekoko fakturazio-aurreikuspenen inguruan: erdiek baino gehiagok uste dute fakturazioak okerrera egingo duela, % 38,7ren ustez ia ez da aldaketarik egongo, eta % 11k adierazi dute hobea izango dela. Jarduera-adierazleak oso antzeko joera erakusten du. Izan ere, % 55,4k adierazi dute jardueraren bilakaera okerragoa izango dela, % 8,9 baikorrago agertu dira, eta % 35,7k ez dute aldaketarik espero.Eskaera gutxiago, baina antzeko prezioak
Eskaeren inguruko aurreikuspenen aldagaia hertsiki lotuta dago jarduerarekin eta fakturazioarekin, eta, ildo horretan, aurreikuspenak ez dira batere onak: inkesta egin duten enpresen ia erdiek (% 48,8k) uste dute eskaerek behera egingo dutela, % 10,4k gora egitea espero dute, eta % 40,8ren ustez ez da aldaketarik egongo. Nolanahi ere, enpresen ezkortasuna txikiagoa da prezioen etorkizuneko bilakaerari dagokionez. Inkesta egin duten enpresa gehienek (% 60k) uste dute egonkor jarraituko dutela datorren urtean, % 35en ustez behera egingo dute, eta % 5ek baino gehiagok uste dute gora egingo dutela.Eragiketen errentagarritasuna
Eragiketen errentagarritasunari dagokionez, errentagarritasuna txikiagoa izango dela uste duten enpresen taldearen ehunekoa eta aldatuko ez dela diotenen taldearena berdinak dira (% 47,3); baikor agertu diren enpresak, berriz, % 5,4 dira.Antzekoa gertatzen da inbertsioarekin. Inkestan jasotako zifren arabera, enpresa gehienak inbertsio-planak atzeratzearen edo egoera ekonomikoa argitu arte plan horiek ez aldatzearen aldekoak dira. Horixe da inkesta egin duten enpresen % 43,8ren eta % 48,5ren iritzia, hurrenez hurren. Inbertsio-planek gora egingo dutela uste duten enpresak, berriz, % 7,7 baino ez dira.
Enpleguak bere horretan jarraitzen du
Azkenik, inkestan ezkortasunik txikiena agertu duten balioetako bat enpleguarena izan da. Izan ere, inkesta egin duten enpresen % 64k uste dute enpleguari eutsi egingo diotela 2021eko lehen hiruhilekoan, % 29,5en ustez plantilla murriztu egingo da, eta % 6,5ek plantilla handitzea aurreikusi dute.Esportazioen bilakaera eta beste datu batzuk
Enpresa Konfiantzaren Indizeaz gain, LABORAL Kutxak egindako azterketak egoera ekonomiko zehatzagoa deskribatzen laguntzen duten adierazle osagarri batzuk biltzen ditu. Lehen adierazlea kanpoko merkatuei lotuta dago, eta, islatzen duenez, enpresen erdiek baino gehiagok (% 51,2k) uste dute esportazioek behera egin dutela, % 14,3ren ustez gora egin dute, eta % 34,5en ustez, berriz, maila berean jarraitzen dute. Pandemiak eragina izan du, halaber, I+Gari lotutako ekimenetan: enpresen hiru laurdenek baino gehiagok (% 77,8) onartu dute % 0-1 bideratu dutela alderdi horretara, eta % 5,4k baino ez du inbertitu % 5 baino gehiago. Bezeroei kobratzeko epeak berdinak izan dira enpresen % 66,8rentzat; % 26k, berriz, atzerapen handiagoak izan dituzte, eta, azkenik, % 7,3k adierazi dute kobratzeko epeak murriztu egin zaizkiela.Azkenik, azken urtean ia ez da aldaketarik izan banku-finantzaketa eskuratzeko aukeran, enpresen % 68,6k baldintza beretan lortu ahal izan baitute.
Informazio osoa deskargatu dezakezu esteka honetan.
Zein da zure erreakzioa?