Euskal enpresek beren aurreikuspenak hobetu dituzte eta hedapen-mailetan jarri dute Euskadi
2021-06-02
Euskal enpresek beren aurreikuspenak hobetu dituzte eta hedapen-mailetan jarri dute Euskadi
COVID-19ak eragindako ziurgabetasun ekonomikoaren 14 hilabete igaro eta gero, baikortasuna berriz sartzen hasi da euskal enpresa-ekosisteman, eta horrek hedapen-egoeran jarri ditu Euskadiko aurreikuspen ekonomikoak. Euskadin, urteko hirugarren hiruhilekoko Enpresa Konfiantzaren Indizeak hamar puntu handiagoa izan da aurreko seriean erregistratutakoa, eta 52,7 puntukoa izan da, hau da, atzeraldiaren amaiera adierazten duten 50 puntuen gainetik; beraz, hedapen-eremuan sartu garela esan genezake. Datu hori bat dator apirilean beste interes-eremu batzuetan erregistratutakoarekin, hala nola Espainian eta Eurogunean, horietan konfiantza-maila 55,2 eta 53,8 puntura igo baitzen, hurrenez hurren. Eta, batez ere, hobekuntza nabarmena erakusten du enpresek hurrengo hiru hilabeteetarako dituzten aurreikuspen ekonomikoei dagokienez, ondoz ondoko bost hiruhilekotan ezkortasun orokorra izan ondoren. Konfiantza hori islatzen duen lehen adierazlea ingurune ekonomikoari eta enpresek urteko lehen hiruhilekorako dituzten aurreikuspenei buruzkoa da. Aurreko hiruhilekoan ez bezala ¾hartan, euskal enpresen ia erdiak ezkor agertu ziren¾, kasu honetan, enpresa gehienek (% 41,1) uste dute egoerak hobera egingo duela; bestalde, % 20k uste du egoera okerragoa izango dela, LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresari egindako inkestaren arabera. Baikortasun hori neurrizkoagoa da fakturazioaren eremuan: izan ere, enpresen ia erdiek uste dute beren fakturazioa antzekoa izango dela hurrengo hiru hilabeteetan, baina % 30,8k uste du hobera egingo duela aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; beste muturrean, % 20k baino gutxiagok uste du okerrera egingo duela. Konfiantzak hobera egin du, halaber, enpresa-jardueraren bilakaerari dagokionez: % 28,1ek uste du jarduera hori aurreko hiruhilekoan baino hobea izango dela, eta erdiek baino gehiagok berdin mantenduko dela iragarri dute; bestalde, % 21,0 ezkor agertu da zentzu horretan. Aurreko gakoekin hertsiki lotuta dauden bi aldagai eskaeren portaera eta prezioen bilakaera dira. Baikortasun orokorra txikiagoa da lehen parametroan; inkestari erantzun diotenen ia % 31k uste du eskaeren bolumena handitu egingo dela, eta % 50ek pentsatzen du oraingo hiruhilekoaren antzekoa izango dela; bestalde, % 19,2k uste du okerrera egingo duela. Aitzitik, pertzepzioa kontinuistagoa da prezioen kasuan: % 68,6k iragarri du orain arte bezala mantenduko direla, eta % 15,4k bakarrik uste du gora egingo dutela. Gauza bera islatzen da enpresek hurrengo hiru hilabeteetan egingo dituzten eragiketen errentagarritasunaren kasuan: inkestari erantzun dioten enpresen % 87k uste du haien balioa txikiagoa edo berdina izango dela, eta % 13k etekin handiagoak lortzea espero du. Datu horiei esker, hurrengo hilabeteetarako inbertsio-planak berreskuratzen hasi dira enpresak; ia % 20k inbertsio-planak areagotzea erabaki du, eta % 13,6k bakarrik uste du behera egingo dutela. Gainerakoek, % 66,6k, bere horretan mantenduko direla pentsatzen dute. Enpresek enpleguaren portaerari buruz dituzten aurreikuspenak ere zertxobait itxaropentsuagoak dira duela hiru hilabete baino. Gehienek, % 78,8k, enplegu-maila aldaketarik gabe mantenduko dela uste dute, baina erdira murriztu da lanpostuak galduko direla uste duten enpresen kopurua, eta ia % 14 lanpostuak areagotzearen alde agertu da. LABORAL Kutxak enpresen konfiantzari buruz egindako inkestan beste adierazle batzuk ere jasotzen dira hurrengo hilabeteetarako egoera ekonomikoa zehazten laguntzeko. Adierazle horietako bat esportazioek azken urteetan izan duten portaerari buruzkoa da: % 36k hobekuntza hauteman du esparru horretan, eta esportazioak bere horretan mantendu direla uste duten enpresen kopurua ere oso antzekoa da; bestalde, % 26,7k bakarrik uste du bere kanpo-salmentek behera egin dutela. Azken urtean beren salmenten % 5 baino gehiago berrikuntzara edo I+G arloko ekimenetara bideratu dituzten enpresen ehunekoa ere zertxobait egin da; izan ere, % 3,8tik % 7,6ra igaro da hiru hilabetetan. Bestalde, bezeroei kobratzeko epeak portaera okerragoa izan du; elementu hori bereziki delikatua da krisi-egoeretan, enpresa askok diruzaintza-arazoak izaten baitituzte: inkestari erantzun dioten enpresa gehienek (% 78,4k) uste dute epeak ez direla handitu, baina ia % 19,8k epe horiek luzatu egin direla ikusi du. Azkenik, enpresen % 20k nolabaiteko hobekuntza hauteman du banku-finantzaketa lortzeko orduan; % 70ek ez du aldaketarik ikusi, eta % 10ek okerrera egin duela uste du. Esteka honetan, informazio guztia deskarga dezakezu.
Zein da zure erreakzioa?