Euskal enpresen 2022ko hirugarren hiruhilekorako espektatibak hoztu egin dira
2022-06-28
Euskal enpresen 2022ko hirugarren hiruhilekorako espektatibak hoztu egin dira
Enpresen Konfiantzaren Indizea 50,6 punturaino jaitsi da Euskadin, eta datu hori antzekoa da, baina pixka bat altuagoa, 2022aren hasierarako aurreikusitakoaren aldean, orduan 48 puntura ailegatu ez zelarik. Oraingoan, euskal enpresek negatibotasun handiago bat erakutsi dute beste eremu geografiko interesgarri batzuetan baino; Espainian edo Eurogunean, adibidez, datu hori 55 puntutik gora ibili da. Kopuru horiek aditzera ematen dutenez, Euskadik ikuspegi neutro bati eusten dio ekonomiaren bilakaerari dagokionez 2022ko hirugarren hiruhilekora begira, LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresaren artean egindako inkestak jasotakoaren arabera.
Ingurune ekonomikoa eta enpresen espektatibak
Euskal enpresen konfiantzarik eza hori inkestaren lehen adierazlean nabari da, ingurune ekonomikoari eta enpresen espektatibei buruzkoan, hain zuzen. Erakundeen % 12,5ek uste dute egoera ekonomikoak hobera egingo duela, eta % 39,1, aldiz, ez da baikor azaltzen horri dagokionez. Gainerako % 48,4k aldaketarik gabe jarraituko duela uste dute.
Fakturazioaren eta eskarien bilakaera
Ohikoa denez, fakturazio-espektatibak dira enpresen konfiantza baloratzeko beste parametro garrantzitsu bat. Kasu horretan, inkestatutako enpresen laurden batek iragartzen dute fakturazioak hobera egingo duela, eta % 55,5ek antzekoa izango dela uste dute.
Jarduerari dagokionez, % 21,4k uste dute gora egingo duela, eta % 20,6k, aldiz, okerrera egingo duela. Enpresa parte-hartzaileen gainerako % 58k uste dute jarduera mantenduko dela, ia-ia aldaketarik gabe.
Bi adierazle horiek estu lotuta daude salmenta-bolumenaren eta prezioen bilakaeraren inguruko espektatibekin. Ildo horretan, inkestaren emaitzek aditzera ematen dute eskariek okerrera egingo dutela, eta prezioetan, aldiz, igoera nabarituko dela, azken hilabete hauetako joerari jarraikiz. Inkestatutako enpresen % 26k uste dute eskari-bolumenak gora egingo duela, eta ia % 20k okerrera egingo duela; erdiak baino gehiagok, berriz, egonkor mantenduko dela uste dute. Gainera, % 55,9k uste dute hurrengo hilabeteetan prezioek aldaketarik gabe jarraituko dutela, eta % 29,2k, aldiz, goraka jarraituko dutela.
Errentagarritasun-espektatibak
Eragiketen errentagarritasun-espektatibei dagokienez, egoera ez da oraindik askorik hobetu aurreko aldien aldean, euskal hamar enpresatik bederatzik berdina edo txikiagoa izango dela uste baitute.
Egoerak nolabait okerrera egingo duela aurreikusten da, eta, gauzak horrela, aurreikusitako inbertsio-bolumena moteltzen ari dela ere nabari da. % 16,7 baikor azaltzen dira, eta hirugarren hiruhilekoan inbertsioek gora egingo dutela uste dute; % 17,8k, aldiz, behera egingo dutela uste dute. Nolanahi ere, inkestatuen % 65,5ek inbertsioak eutsiko diola uste dute.
Enplegua enpresetan
Kontratu berrien mailari dagokionez, aurreko aldietan ere gertatu ohi denez, gehienek, ia % 80k zehazkiago, enplegua mantenduko dela uste dute. Nolanahi ere, enpresen % 12,5 plantilla handitzearen alde azaltzen dira, eta % 8 pasatxo, aldiz, ezkor azaltzen da horri dagokionez.
I+Gko esportazio eta ekimenen portaera
Gainera, LABORAL Kutxak enpresen konfiantzari buruz egindako inkestak beste parametro osagarri batzuk ematen ditu, eszenatoki ekonomiko zehatzago bat azaltzea ahalbidetzen dutenak. Horietako batek, azken urtean esportazioek izandako portaerarekin du zerikusia. Gehienek (% 53,7) kanpoko salmentei eusten dieten arren, % 22,4k bakarrik uste dute hobera egin dutela. % 24 inguruk, ordea, salmentek okerrera egin dutela uste dute.
Azken urtean berrikuntzara edo I+Gko ekimenetara bideratutako salmenten ehunekoari dagokionez, berriz, egoera ezer gutxi aldatu da aurreko hiruhilekoen aldean: inkesta egindakoen % 76,6 gutxieneko balioetan daude, % 0 eta % 1 bitartean, eta % 6,7k, aldiz, % 5 baino gehiago bideratzen dute horretara.
Kobratzeko epea eta banku-finantzaketa
Emaitzak errepikatzen dira, halaber, bezeroei kobratzeko epean. Gehienentzat, (% 76,2) epe hori berdin mantendu da azken urtean, enpresen % 5,3arentzat igo egin da, eta % 18,5 nabarmen batentzat, aldiz, murriztu.
Inkestatutako enpresa gehienek (% 82,2), banku-finantzaketarako sarbidea azken urtean berdin mantendu dela uste dute. Gainerakoen artean, % 5,3k hobera egin duela uste dute, eta % 12,5ek kontrakoa uste dute.
Next Generation funtsak
Next Generation Funtsek haize berria suposatu dute Europako industria-sarea birsortzeko bidean. Horregatik, gai horri lotutako bi galdera sartu dira inkesta berrian. Enpresa gehienek (% 71) planaren berri badute ere, oraingoz % 22,1ek baino ez dute lortu funtsak eskuratzea.
Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerragatiko krisia
Azken hilabete hauetan, Ukrainan gertatzen ari den egoerak bere eragina izan du Europako enpresa-sarean. Inkesta honetan, Europako Funtsei buruzko bi galdera berriak ez ezik, beste galdera bat ere erantsi da, gerrak enpresen salmentetan izan lezakeen efektu negatiboari buruzkoa. Eta galdera horri erantzunez, % 40 baino gehixeagok % 5etik % 10era bitarteko beherakada aurreikusten dute, eta % 12 pasatxok, berriz, % 20tik gorako beherakada izango dela onartzen dute.
Esteka honetatik informazio guztia deskarga dezakezu.
Zein da zure erreakzioa?