Euskal enpresen espektatiba ekonomikoek beheraka segitzen dute urteko azken hiruhilekora begira
2022-10-14
Euskal enpresen espektatiba ekonomikoek beheraka segitzen dute urteko azken hiruhilekora begira
Euskadiko Enpresa Konfiantzaren Indizeak behera egin du 42 punturaino, eta horrek esan nahi du uzkurtze-bidean dagoela. Azpimarratzekoa da datu hori askoz ere txikiagoa dela hirugarren hiruhilekora begirako aurreikuspenetan lortutakoa baino, non, beherakada gorabehera, 50 punturen gainetik kokatu zen. Euskal enpresek negatibotasun handiago bat erakusten jarraitzen dute beste eremu geografiko interesgarri batzuetan baino; Espainian edo Eurogunean, adibidez, datu hori 50,5 eta 48,9 izan da, hurrenez hurren. Kopuru horiek aditzera ematen dutenez, Euskadik oso ikuspegi ezkor bati eusten dio ekonomiaren bilakaerari dagokionez urteko azken hiruhilekora begira, LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresaren artean egindako inkestak jasotakoaren arabera.
Ingurune ekonomikoa eta enpresen espektatibak
Euskal enpresen konfiantzarik ezaren beherakada hori inkestan beti aipatzen dugun lehen adierazlean nabari da, ingurune ekonomikoari eta enpresen espektatibei buruzkoan, hain zuzen. Ezkortasun horren adierazgarri, erakundeen % 64,6 ez dira baikorrak datuak hobetzeko aukerari dagokionez.
Fakturazioaren eta eskarien bilakaera
Fakturazio-espektatibak dira enpresen konfiantza baloratzean nabarmendu beharreko beste parametro bat. Kasu honetan, enpresek aurreikusten dute datu horrek okerrera egingo duela azken hiruhilekoaren aldean. Inkestatutako enpresen % 15,7k soilik iragartzen dute fakturazioak hobera egingo duela, eta ia % 58k antzekoa izango dela uste dute.
Aurreko adierazlearen harira, jarduera dugu, eta hartan aurreikuspenak antzekoak dira. Enpresen % 7,5ek bakarrik uste dute jarduera areagotuko dela, hirugarren hilekora begira genuen % 21,4ko datuaren aldean. Datu horren aldean, % 34,3k okerrera egingo duela espero du, eta % 58 pasatxok uste dute jarduerak eutsi egingo diola ia aldatu gabe.
Bi adierazle horiek estu lotuta daude salmenta-bolumenaren eta prezioen bilakaeraren inguruko espektatibekin. Ildo horretan, inkestaren emaitzek aditzera ematen dute eskariek etengabe okerrera egingo dutela, eta prezioetan, aldiz, igoera nabarituko dela, azken hiruhilekoan izan den joerari jarraikiz. Inkestatutako enpresen % 12,2k uste dute eskari-bolumenak gora egingo duela, eta % 28k baino gehiagok okerrera egingo duela; % 60k, berriz, egonkor mantenduko dela uste dute. Prezioei dagokienez, % 60,2k uste dute hurrengo hilabeteetan prezioek aldaketarik gabe jarraituko dutela, eta % 19,7k, aldiz, goraka jarraituko dutela.
Errentagarritasun-espektatibak
Eragiketen errentagarritasun-espektatibei dagokienez, aurreikuspenak negatiboa izaten jarraitzen du, oraingoan ere, % 95,7k berdina edo txikiagoa izango dela uste baitute.
Nolabaiteko okertzea espero den egoera baten aurrean, inbertsio-bolumenaren panorama are negatiboa da hirugarren hiruhilekoan baino. % 10,6 baikor azaltzen dira (6 puntu azken datuaren azpitik) eta hirugarren hiruhilekoan inbertsioek gora egingo dutela uste dute; % 22,8, aldiz, behera egingo dutelakoan daude. Hala eta guztiz ere, oraindik inkestatuen % 66,5ek mantenduko dela uste dute.
Enplegua enpresetan
Kontratazio berrien mailari dagokionez, aurreko aldietako iritziari eusten zaio, % 81,1ek enplegua mantenduko dela uste baitute. Nolanahi ere, enpresen % 5,9k hiruhileko honetan plantilla handituko dela uste dute, eta % 13, aldiz, ezkor azaltzen dira horri dagokionez.
Esportazioen eta I+Gko ekimenen portaera
Beti bezala, enpresa-konfiantzari buruzko inkestaren ohiko parametroez gain, txosten honek beste datu osagarri batzuk ematen ditu, egoera ekonomiko berri bat ikusten laguntzen digutenak. Horietako lehena, azken urtean enpresek egindako esportazioei buruzkoa da. % 14k hobera egin dutela uste duten arren, oraindik % 60 dira atzerriko salmentei eusten dietenak. Hala eta guztiz ere, oraindik % 26 ezkor azaltzen dira, eta salmentek okerrera egin dutela uste dute.
Berrikuntzarako edo I+Gko ekimenetarako salmentei dagokienez, egoera ezer gutxi aldatu da aurreko txostenen aldean. Inkesta egindakoen % 78,4 gutxieneko balioetan daude, % 0 eta % 1 bitartean, eta % 5,6k, aldiz, % 5 baino gehiago bideratzen dute horretara.
Kobratzeko epea eta banku-finantzaketa
Bezeroei kobratzeko epeari dagokionez, emaitzak aldatu dira, baina azken hiruhilekoan izandakoen antzeko kopuruetan mantentzen dira. Hamar enpresatik zortzirentzat datu hori berdin mantendu da azken urtean, eta % 17,3 nabarmen batentzat, berriz, epe hori luzatu egin da.
Inkestatutako enpresa gehienek (% 79,5), banku-finantzaketarako sarbidea azken urtean berdin mantendu dela uste dute. Gainerakoen artean, % 5,9k hobera egin duela uste dute, eta % 14,6k kontrakoa uste dute.
Next Generation funtsak
Azken hilabete hauetan asko hitz egin da Next Generation Funtsen inguruan, Europako industria-sarea berroneratzeko garrantzi handia izan duten heinean. Hori dela-eta, inkesta honetan bigarren aldiz txertatu ditugu gai horri lotutako bi galdera gehigarri. Inkestatutako enpresa gehienek (% 74) planaren berri badute ere, oraingoz % 16,8k baino ez dute lortu funtsak eskuratzea.
Esteka honetatik informazio guztia deskarga dezakezu.
Zein da zure erreakzioa?