Euskal enpresen itxaropen ekonomikoak pixka bat hobetu dira 2023a hasteko.
2022-12-14
Euskal enpresen itxaropen ekonomikoak pixka bat hobetu dira 2023a hasteko.
Euskadiko Enpresen Konfiantzaren Indizea uzkurdura-eremuan dago oraindik ere 2023ko lehen hiruhilekoari begira, eta 46 puntura iritsi da. 50 puntutik behera jarraitzen duen arren, 2022ko amaieran izandakoa baino pixka bat positiboagoa da datu hori.
Hirugarren hiruhilekoz jarraian, EAEko enpresek negatibotasun handiagoa erakusten jarraitzen dute beste eremu geografiko interesgarri batzuetan baino, hala nola Espainian edo eurogunean, horiek 48 (urriko datua) eta 47,8 (azaroko datua) puntu izan baitituzte, hurrenez hurren. Txosten honetan aurkeztutako zifrek erakusten dutenez, Euskadik ekonomiaren bilakaeraren ikuspegi ezkorra du 2023aren hasierarako, LABORAL Kutxako Azterketen Departamentuak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresari egindako inkestaren arabera.
Ingurune ekonomikoa eta enpresen itxaropenak
Aipatu dugun moduan, 2023ko lehen hiruhilekoari begira inkestak agerian utzi du ingurune horrek hobekuntza txiki bat izan duela, galdetutako euskal enpresen ikuspegia ez baita hain ezkorra, eta halaxe erakutsi du lehen adierazleak. Baikortasun txiki horren erakusgarri dugu erakundeen % 4,8k uste izatea hobekuntza bat izango dela, 2022ko azken hiruhilekorako % 2,8k baino ez baitzuen pentsamendu hori.
Fakturazioaren eta eskarien bilakaera
Enpresen konfiantzari buruzko inkesta honetan nabarmendu beharreko beste parametro bat fakturazio-aurreikuspenak dira. Kasu horretan, gure enpresek datu hobeak aurreikusi dituzte 2022ko amaierarekin alderatuta. 2023ko lehen hiruhilekoan fakturazioa hobea izango dela uste duten enpresek % 4 egin dute gora, eta ia % 20ra iritsi dira. Hala ere, datu hori bere horretan geratuko dela uste dutenak % 58 inguru dira oraindik.
Aurreko adierazlearekin bat etorriz, jarduera-datuen aurreikuspena hobea da azken txostenean izandakoa baino. % 10etik oso gertu dago jarduerak hobera egingo duela uste duten enpresen ehunekoa, 2022ko laugarren hiruhilekorako, berriz, % 7,5ekoa zen. Datu horren aurrean, % 59,1ek uste du jarduerak bere horretan jarraituko duela ia aldaketarik gabe.
Aipatu berri ditugun bi adierazle horietan eragina dute salmenta-bolumenaren aurreikuspenak eta prezioen bilakaerak. Alde horretatik, emaitzen arabera, eskaerak hobetu egingo dira eta, berriro ere, prezioak igo egingo dira, 2022ko azken txostenean ikusi genuen bezala.
Inkesta egindako enpresen % 14,3k uste du eskaeren kopurua handitu egingo dela, eta % 24k baino gehixeagok okerrera egingo duela. % 61,3k, berriz, egonkor jarraituko duela uste du. Era berean, prezioei dagokienez, % 53,5ek uste du bere horretan mantenduko direla datozen hilabeteetan, eta % 28,3k, aldiz, uste du prezioek igotzen jarraituko dutela.
Errentagarritasun-aukerak
Eragiketen errentagarritasun-aukerak ere kontuan hartu ditugu inkesta honetan. Datu horren aurreikuspenak negatiboa izaten jarraitzen duen arren, 2022ko azken hiruhilekoari begira lortutakoa baino zertxobait baikorragoa da. % 95,7tik % 89,1era pasa da errentagarritasuna berdina edo txikiagoa izango dela uste dutenen ehunekoa.
Orain arte ikusi dugun bezala, zertxobait positiboagoa nabari da egoera. Hala ere, EAEko enpresek uste dute inbertsioa moteltzen ari dela oraindik ere, enpresen % 20,4k uste baitu inbertsioak jaitsi egingo direla. Hala ere, % 11,7 baikor ageri da, eta uste du 2023ko lehen aldian handitu egingo direla inbertsioak, eta % 67,8k uste du egonkor jarraituko dutela.
Enplegua enpresetan
Enpresek enplegua sortzeari buruz duten iritzia aurreko aldietakoen antzekoa da oraindik ere, % 80 inguruk uste baitu bere horretan mantenduko dela. Hala ere, enpresen % 10,9k espero du plantilla handitzea hiruhileko honetan, baina oraindik ere % 9 inguru ezkor dago alderdi horretan.
Esportazioen eta I+G ekimenen portaera
Enpresen konfiantzari buruzko inkestaren ohiko parametroei dagokienez, txosten honi esker, egoera ekonomiko berria hobeto ikusten laguntzen diguten datu osagarriak eskuratu ditugu, baina ez dute zuzeneko loturarik lehen azaldutako indizearekin.
Lehenbizikoan, enpresen esportazioek azken urtean izan duten bilakaeraz hitz egiten da. Kasu honetan, oso positiboa da datua, % 20,4k uste baitu esportazioak hobetu egin direla (azken txostenean baino 6 puntu gehiago), baina oraindik ere % 63,3k mantendu egiten ditu kanpoko salmentak. Hala ere, % 16 ezkor daude oraindik, esportazioek okerrera egin dutela uste baitute.
Berrikuntzara edo I+G ekimenetara bideratutako salmenten ehunekoari dagokionez, egoera ia ez da aldatu aurreko txostenekiko. Galdetutakoen % 77 gutxieneko balioetan dago oraindik ere, % 0 eta % 1 artean, eta % 5,4k, berriz, % 5 baino gehiago bideratzen du arlo horretara.
Kobratzeko epea eta bankuaren finantzaketa
Bezeroei kobratzeko epea azken hiruhilekoaren antzekoa izan da. Hamar enpresatik zortzirentzat datu horrek bere horretan jarraitu du azken urtean, eta % 17k, aldiz, ikusi du handitu egin dela epe hori.
Galdetutako enpresa gehienek (% 73,5) uste dute bankuen finantzaketa izateko aukera bere horretan mantendu dela azken urtean. Gainerakoei dagokienez, % 8,3k uste du hobera egin duela, eta % 18,3k, berriz, kontrakoa.
Next Generation funtsak
Next Generation Europako Funtsek garrantzi handia izan dute azken urtean industria-sarea suspertzeko, eta hala izaten jarraituko dutela aurreikusi da.
Hori dela eta, gai horri buruzko beste bi galdera gehitu ditugu inkesta honetan. Lehenengoa funts horiek ezagutzeari buruzkoa da, eta bigarrena, galdetutako enpresa-sareak laguntza horiek eskuratzeko aukerari buruzkoa. Azpimarratzekoa da, galdetutako hamar enpresatik zazpik funts horiek ezagutzen dituzten arren, % 20k bakarrik lortu duela, oraingoz, argitaratutako deialdietakoren batean sartzea.
Esteka honetan deskarga dezakezu informazio osoa.
Zein da zure erreakzioa?