Ezagutu... kreditu kooperatibak

Ezagutu... kreditu kooperatibak

4 min.

Ezagutu... kreditu kooperatibak

Beharbada, entzungo zenuten noizbait Euskadiko Kutxa kreditu-kooperatiba dela.  Munduan kooperatiba-talderik handiena den MONDRAGON Korporazioko kidea dela ere badakizue agian. Baina ba al dakizue zertan bereizten diren kreditu-kooperatibak eta gainerako banku eta kutxak? Eta ba al dakizue horrek nolako eragina duen zuengan, bezeroak zareten aldetik?

Bankuek, kutxek eta kreditu-kooperatibek merkataritza-zerbitzu berak eskaintzen dizkiete bezeroei. Guztiek bitartekaritza-lana egiten dute diru-kontuetan. Hartara, mailegu bat eskatu, epe finkorako ezarpen bat egin, kontu korronte bat ireki, zordunketa-txartel bat kontratatu eta abar egitera joan zaitezkete horietara. Bezeroak zareten aldetik, ia ez duzue ezberdintasunik igarriko, merkataritza-eskaintza berdina dute eta. Baina norbaitek produktu edo zerbitzu bat kontratatzea erabakitzen duenean, merkataritza-eskaintza ez da alde garrantzitsu bakarra.

Hiru entitate mota horien arteko ezberdintasunak honako hauek dira: nor den jabea, nork hartzen dituen erabakiak eta nora doazen mozkinak. Azken batean, guztiok jakin nahi dugu noren esku dauden gure aurrezkiak eta zer egiten duten horiekin.

Banku, aurrezki-kutxa eta kreditu-kooperatiben arteko ezberdintasunei buruzko postean ikusi genuen bezala, bankuak enpresa pribatuak dira. Horietan, akziodunek hartzen dituzte erabakiak eta mozkinak. Kutxek, berriz, ez dute jaberik, eta beren mozkinen zati bat gizarte-ekintzara bideratzen dute.

Kreditu-kooperatibak

Kreditu-kooperatiben gestioa ez da bankuena eta kutxena bezalakoa. Kreditu-kooperatibek izaera bikoitza dute: alde batetik, kooperatiba arruntak dira eta Kooperatiben Legearen mende daude. Baina, bestetik, kreditu-entitateak dira, eta bankuen eta kutxen betekizun berberak dituzte.

Euskadiko Kutxako BazkideakKreditu-kooperatibek finantza-zerbitzuak eskaintzen dizkiete beren kideei (jabeei) eta hirugarrenei (zu bezalako bezeroei). Kreditu-kooperatibek bankuen aldean duten bereizgarri nagusia honako hau da: bazkide guztiek, duten jabetzaren portzentajea gorabehera, boto-eskubide bera dute. Ez dago bazkide handirik eta txikirik erabakiak hartzerakoan, guztiek hartzen dute parte berdintasunez erakundearen gobernuan. Gainera, ez dituzte bazkide nagusiei komeni zaizkien erabakiak soilik hartzen: ohiko gestioaren funtsezko oinarriak adostasuna eta orekekiko errespetua dira. Neurriek bazkide guztientzat izan behar dute onak, ez bazkide handientzat soilik.

Kreditu-kooperatiben historia

Euskadiko Kutxaren bulego zahar batOhiko bankuetan finantzaketa lortzeko zailtasunak zituzten ekimen profesional batzuek, eta horiei zerbitzu emateko sortu ziren Kreditu-kooperatibak. Alemanian jaio ziren, XIX. mendearen erdialdean, eta enpresa-jarduerari oso lotuta zeuden, bai hirian (kreditu-kooperatiba herritarrak eta profesionalak) bai landan (kreditu-kooperatiba landatarrak). Kooperatiba horien bidez, ohiko bankak baztertutako taldeek elkarri laguntzen zioten negozioak finantzatzen.

Euskadiko Kutxa mende bat geroago jaio zen, 1959an, Fagorrekin eta beste 41 kooperatibarekin batera. Euskadiko Kutxaren bulego ibiltariaGaur egun munduan den kooperatiba-talderik handienetako eta arrakastatsuenetako bat sorraraziko zuten horiek gero: MONDRAGON Korporazioa. Euskadiko Kutxak funtsezko eginkizuna zuen sare horretan: gainerako kooperatibek sortzeko eta garatzeko behar zituzten finantza-zerbitzuak eskaintzea. Korporazioa sorrarazi eta bultzatu zuen apaizak, Jose Maria Arizmendiarrietak, honela ikusten zuen Euskadiko Kutxaren zeregina: herritarren aurrezkia sustatu eta baliabide horiek kalitatezko enplegua sortzera eta kooperatibak garatzera bideratu behar zituen erakundea izan behar zuen.

Zenbait hamarkada geroago, zeregin hori aski sendotuta zuen, eta, gaur egun, kooperatiba ez diren enpresa askori ere ematen die zerbitzua Euskadiko Kutxak. Kreditu Kooperatiben Elkarte Nazionalaren arabera, erakunde horiek, beren jatorri profesionalagatik, txikizkako finantza-bitartekaritzaren benetako negozioa ongien ezagutzen dutenak dira. Gaur egun, mundu osoan daude kreditu-kooperatibak. Euskadiko Kutxaz gain, gertu dituzuen beste kreditu-kooperatibak ikusi nahi badituzue, kontsultatu elkartearen kooperatiben zerrenda.

Nor dira Euskadiko Kutxako bazkideak?

Euskadiko Kutxako BazkideakEuskadiko Kutxak bi bazkide mota ditu: entitateko langileak (pertsonak) eta beste kooperatiba batzuk (enpresak). Euskadiko Kutxa bigarren mailako kooperatiba da. Horrek esan nahi du langileak entitatearen zati baten jabe direla, baina ez entitate osoarena. Gestioan parte hartu eta mozkinen zati bat jasotzen dute. Euskadiko Kutxaren zati nagusiaren jabeak beste kooperatiba batzuk dira, hala nola Fagor eta Eroski.

Kreditu kooperatibek, izaera pribatua duten arren, ezaugarri komun bat dute gainerako kutxekin: beren irabazien % 50 nahitaezko erreserbetara doa eta gainerakoa gizarte-ekintzara; kreditu-kooperatiben kasuan, gizarte-ekintza Hezkuntza eta Sustapen Fondoa da. Bankuek ez dute horrelako betebeharrik, irabazi guztiak akziodunentzat dira.

Langileen garrantzia

Kooperatiba arrunt batean (teknikoki esanda, "lehen mailako kooperatiba batean") bazkide langileek negozioari buruzko edozein erabaki har dezakete, enpresaren jabe bakarrak haiek direlako. Bigarren mailako kooperatiben kasuan, berriz, bazkide langileek demokratikoki parte hartzen dute erabakietan -bazkide batek, boto bat- baina, erabakiak hartzeko, kreditu-kooperatibaren bezero diren beste kooperatiba batzuek ere parte hartzen dute. Hori dela eta, Euskadiko Kutxaren erabakiak hartzeko prozesuan, bazkide diren 1.903 langileek bozkatzen dute (entitatean lan egiten dutenen % 88k) bezerorik garrantzitsuenekin batera. Horrela, gestioa gehiengoaren onerako izatea sustatzen da: bazkide langileen eta bazkide jabeen onerako.

Erakunde ezberdina gara, zalantzarik gabe. Eta kudeatzeko era ezberdin horrek sariak lortu ditu: 2009an, Zerbitzu Kalitatearen Bikaintasunean lehen postua lortu genuen Espainiako 105 finantza-erakundeen artean, Stiga aholkularitza independentearen arabera. Eta, horrez gain, Europako hamar enpresarik onenetako bat gara lan egiteko, Fortune aldizkariaren arabera.

Euskadiko Kutxaren lehen bulegoaEuskadiko Kutxaren egungo bulego bat


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Enpresa estrategia