Gauzak egiteko beste modu bat badela gogorarazi nahi dizu LABORAL Kutxaren 2018ko egutegiak

Gauzak egiteko beste modu bat badela gogorarazi nahi dizu LABORAL Kutxaren 2018ko egutegiak

9 min.

Gauzak egiteko beste modu bat badela gogorarazi nahi dizu LABORAL Kutxaren 2018ko egutegiak

Hemen dago. Ilusio eta maitasun guztiarekin egin dugu, jakitun baikara urte osoan zuen etxeetan egongo dela eta, denboraren poderioz, oso objektu berezia bihurtu dela. Gure urteroko egutegiaz ari gara, jakina, eta, bezero bazara, zure LABORAL Kutxa bulegoan eska dezakezu jada. Gogoko izango duzula espero dugu; izan ere, iazkoan bezala, gure finantza-erakundea bereizten duena islatzen saiatu gara, gure baliorik garrantzitsuena: badela gauzak egiteko beste modu bat.

Aparteko 12 pertsona ezezagun

Apartekoa izateko ez da beharrezkoa oso ezaguna izatea. Ezta oso pribilegiatua, aberatsa edo herrikoia ere. Aldaketa bat eragiteko, eredu bat ezartzeko eta beste batzuek jarraitu beharreko bidea irekitzeko, ordea, apartekoa izan behar da. Halakoxeak dira gure egutegia apaintzeko aukeratu ditugun 12 gizon eta emakumeak.

Pertsona anonimoak dira, egunero beste modu batera jarduten dute eta LABORAL Kutxa egiten dugunok inspiratzen gaituzte. Eskerrak eman nahi dizkiegu haien historia kontatzeagatik eta zure etxean sartzeko egin genien proposamena onartzeagatik. Espero dugu zuretzat ere inspirazio-iturria izatea datozen 365 egunetan. Jarraian aurkeztuko dizkizugu.

Urtarrila: Borja Saracho, Crusoe Treasure urpeko ardandegiaren sortzailea

Irudikatu duzu inoiz itsas hondoa milaka eta milaka ardo-botilaz beteta? Ipuinetako irudia ematen du, ezta? Bada, egiazkoa da; areago, Borja Sarachok, Crusoe Tresasureren sortzaileak, negozio bihurtu du.

Ikerlan batekin hasi zen, baina, gaur egun, Plentziako (Bizkaia) kostaldetik milia-erdira urpean zahartzen dituen ardoak mundu-erdian saltzen dira. Gauzak egiteko beste modu bat da, zalantzarik gabe. Halere, Borjaren ustez, horrela lan egitea atseginagoa da, botila bakoitzak mezu bat luzatzen baitu lehorrera: itsasoa gizateriaren ondarea dela eta hura babesteko zeregina seriotan hartu behar dugula. Horrela eginez gero, altxorrak itzuliko dizkigu, Borjak merkaturatzen dituenak esaterako.

Otsaila: Gema Climent, aitzindaria errealitate birtualaren bidezko tratamenduetan

Gema Climent neuropsikologoa eta Nesploraren sortzailea da. Erakunde horrek irtenbide teknologikoak eskaintzen ditu giza portaera zehaztasunez aztertu, diagnostikatu eta tratatzeko, eta, horrela, gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko. Gemak garatu duen teknologiaren erabiltzaileak beste pertsona batzuen prozesu kognitiboak uler ditzake, errealitate birtualari eta ingurune simulatuei esker. Entzun duzu inoiz pertsona bat ulertzeko milia bat ibili behar dela haren oinetakoekin? Bada, irudika ezazu betaurreko batzuk jarri eta software bat erabiltzen duzula, hiperaktibitatearen nahasmendua edo arazo kognitiboren bat duten pertsonen burmuinak nola funtzionatzen duen jakiteko.

Enpatiak mundua mugiarazten duela irizten dio Gemak, eta ideia horren zerbitzuan jarri du teknologia. Apartekoa den guztiarekin gertatzen den bezala, egin duenak erraza dirudi. Beste pertsona baten burmuina ulertzen saiatuko bagina zenbat aurreratuko genukeen jakin nahi zuen Gemak, besterik gabe, pertsona hori epaitu gabe. Eta errealitate birtualaren bidez lortu du. Horrez gain, ikasgeletako bullynga saihesteko software bat ere sortu du Gemak, eta sorkuntza horrekin finalista geratu da Europar Batasuneko 2017ko Emakume Berritzailearen Sarian .

Martxoa: Ixone Sádaba, artista kultura-berrikuntzako proiektuetan

“Nire iritzian, gizakia harrigarria da, baina guk geuk mugatzen dugu geure burua”. Halaxe dio Ixone Sádabak(Bilbo, 1977), Bilbon jaio eta Londresen bizi den artista plastiko eta sortzaileak. Urte batzuk daramatza kultura-berrikuntzako proiektuetan murgilduta, eta Moving Artists ekimena sortu berri du, gatazkan bizi diren edo bizi izan diren lekuetan arte-ondare bizia babesteko inkubagailua.

Ixonek uste osoa du artista bat ez dela dohain bat duen norbait, baizik eta arazo bat edo obsesio bat duen eta hori arte-adierazkortasunaren bidez konpontzen saiatzen den norbait. Adierazkortasun horrek bultzatuta, denetariko diziplinak arakatu ditu Ixonek, bai bideoa, bai performancea, bai hiru dimentsioko elementuak dituen argazkia. Haren lanbide-karrerak etxetik hurbil erakusketak egitera eraman du, adibidez Guggenheim Bilbao Museoan, baina baita urrunago ere, mundu zabaleko arte-zentroetan, hala nola Reina Sofía Museoan, Torontoko Arte Garaikidearen Museoan eta New Orleanseko Arte Garaikidearen Museoan.

Apirila: Xabier Pelegrín, bitxigile minimalista eta abangoardiakoa

Iruñeko historiarik handieneko bitxigintza-lantegi batean jaio eta hazi zen Xabier: aitarenean. Baina ez zuen tradizio familiarrarekin jarraitzera mugatu nahi. Urrunago joan nahi zuen. Horregatik joan zen Glasgowera, munduko bitxigilerik onenetako batekin ikastera. “Itzuli nintzenean ez nintzen pertsona bera”, dio.

Orain, berriro bere hirian dagoela, lerro fin, garbi eta leuneko pieza paregabeak sortzen ditu bere artisau-estudioan , eta pieza horietan kalitatea da nagusi. Hain zuzen, edertasuna xehetasunik ez izatean datza. Pieza paregabeak sortzen ditu, horiek erosten dituzten pertsonak ere halakoak direlako. “Beti uste izan dut bakoitzaren esentzia gainerakoengandik bereizten jakitea dela, eta jendeak hori balioestea atsegina eta harrotzeko motiboa da niretzat”.

Maiatza: Rakel Mateo, munduko duatloi-txapelduna eta triatleta paralinpikoa

25 urte zituelarik, laneko istripu larria jasan zuen Rakel Mateok. Istripuak arrasto fisikoak utzi eta ezker-hanka galtzekotan izan zen. Baina norbaitek uste badu Rakel gogogabetu egin zela, ez du ezagutzen. Gertaerari aurre egiteaz gain, kirola egiteari ekin zion buru-belarri. Hala erakusten dute haren kirol-palmareseko lorpenek: munduko paraduatloi-txapelduna izan zen, meritu handiko zortzigarren postua lortu zuen Rio 2016ko Joko Olinpikoetan eta brontzezko domina eskuratu zuen Australiako Gold Coast proban, Munduko Triatloi Serieetakoan.

Izan ere, hanka mugitu ezinak ez du esan nahi geldirik egon behar duenik. Alderantziz: Mungiako triatleta honek igeri eta korrika egin eta pedalei eragiten die irribarrea galdu gabe, eta sekulako kirol-karrera landu du.

Ekaina: Leire Ancín, “Ideas for Pamplona” ekimenaren koordinatzailea

Jende askori gustatzen zaio bizi den lekua, baina oso jende gutxik jartzen du abian hura hobetzeko proiekturen bat. Horixe egin zuen Leire Ancínek . 24 urte besterik ez zituelarik, Ideas for Pamplona jarri zuen martxan, bere jaioterrirako proiektu-mintegi bat, asmo handiko helburu batekin: atzerrian bizi diren nafarrek leku haietako ideiarik onenak Iruñera eramatea. Ba ote dago ezer hobeagorik hiriak onura atera dezan bertan jaio baina urrun bizi diren pertsonengandik?

Bere proiektuari esker, gizarteari laguntzeko eta etorkizuna hobetzeko gogoa duen jende interesgarria ezagutzeko aukera izan du Leirek. Espero dugu Iruñera ideia onak ekartzea, hiriak etorkizunik onena izan dezan. Ziur gaude hala izango dela!

Uztaila: Joxe Maria Aizeaga, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia

“Gastronomiaren Harvard” deitzen diote Basque Culinary Centerri. 8 urtean, ametsa errealitate bihurtu da, eta mundu osoko sukaldaritza-ikasleak erakartzen ditu gaur egun. Zentro aitzindaria da, zalantzarik gabe. Gastronomiari soilik eskainitako lehen unibertsitatea, teknologia, berrikuntza, prestakuntza eta kultura bateratzen dituen proiektua. Eta arrakastaren zati bat bere zuzendari nagusiari zor dio, Joxe Maria Aizeagari.

Joxe Marik uste osoa du, BCCrik ez balego, “asmatu egin beharko” litzatekeela. Zoriontsua da mundu osoko 30 herrialde baino gehiagotako ikasleak dituen proiektu bat zuzentzeaz, eta egiten duenarekiko maitasun sakona adierazten du bere hitzen bidez. Sukaldaritzarako grina kutsatu egiten du, baina, beharbada, BCCko sukalde eta geletan ikasten duten pertsonen bilakaera ikustea da bere lanetik gogokoen duena. “Pertsonak heztea erantzukizun handia da, baina, aldi berean, hunkigarria da ikustea nola heltzen diren ikasleak 18 urterekin eta nola irteten diren graduatuta, baita haien heltze-prozesu pertsonala eta profesionala ere. Hunkitu egiten nau horrek.”

Abuztua: Shakti Olaizola, kulturaren eta bihurrikatzearen arteko lotura

Eldarnioa, umorea, zentzugabekeria eta erronka. Halako hitzekin definitzen du bere lana Shakti Olaizolak. Arte Ederretako lizentziadun honek zirku-antzerkiko ikuskizunak egiten ditu, hainbat diziplina —hala nola bihurrikatzea, orekak, akrobazia, keinu-antzerkia, musika, kantua, pintura— eta ohiko ekintzak —irakurtzea edo marraztea, kasu— nahastuz. Horrela sortzen duen ikusmen- eta gorputz-hizkuntzak ohiko imajinarioa berraurkitzera darama ikuslea.

Shakti akrobata, bihurrikaria eta clowna da. Berak sortutako Irakurtzen ikuskizunarekin hainbat herrialde bisitatu ditu. Irakurtzen dugunean gure buruan gertatzen denari buruz hausnartzen du ikuskizun horretan. Zirkuarekin lotutako diziplinetan trebatzen hasi zenetik, antzerki-jaialdietan jardun du Espainian, Italian, Frantzian, Kolonbian eta Ekuadorren, besteak beste, helburu bat duela beti: publikoari ikusaraztea inoiz ez dela berandu askatasun galdua berreskuratzeko.

Iraila: Leroy Sánchez, YouTuber arrakastatsua izatetik AEBn abeslari izatera

15 urte zituela, hainbat artista ezagunen coverrak grabatzen eta bere Youtubeko kanalera igotzen hasi zen Leroy.Adele, Sam Smith, Ed SheeranDrake eta beste artista askoren kantak abesten entzun ahal dugu kanal horretan. Hori guztia etxean egiten zuen, Gasteizko Abetxuko auzoan, eta ez zuen espero jolas gisa hasi zena lanbide bihurtuko zenik.

Gaur egun, haren kanalak hiru milioi jarraitzaile baino gehiago ditu eta fenomeno biral bihurtu da. Filmetako historia bat ematen du: duela zazpi urte, Beyonceren ekoizleak aurkitu zuen, eta gaur egun, mundu osoan arrakasta du Leroyk. Baina ez du zorteak eraman haraino, baizik eta lanak eta jarraitutasunak. “Zorteak ez du ez konposatzen ez kantatzen”, dio. Zorionez, Leroyk bi gauzak egiten ditu, eta nazioarteko arrakasta du bietan.

Urria: Ainhoa Ocio eta Jone Conde, lehen patata-garagardoaren sortzaileak

Ekintzaileak, garagardogileak… eta lehen mailako patatazaleak. Ainhoa eta Jone Conde hori guztia eta askoz gehiago dira. Izan ere, meritu handiko zerbait lortu dute: arrakasta handia izatea merkatu oso maskulino batean, garagardoarenean. Eta, horretarako, beste emakume batzuengan inspiratu dira, Mesopotamiako eta Sumeriako antzinako zibilizazioetako emakumeengan, duela 7.000 urte haiek egiten baitzuten hain unibertsala den edaria, Ainhoak eta Jonek gogorarazi digutenez.

Beren lurreko patataren ukitu berezia eman diote edariari. Bilbok eta Donostiak bazuten beren garagardoa; horregatik, Gasteizek ere bere garagardoa izateko garaia iritsia zela erabaki eta Gastheiz sortu zuten, Arabako patata-garagardoa, bere jatorria harrotasunez idatzia duena. Begira nola egiten den eta dastatu lehenbailehen!

Azaroa: Victor Mayoral, Erle Roboticsen sortzaileetako bat

Robotikaren mundua piezaz pieza aldatu nahi du Victor Mayoralek. Gaurko “frikiak” biharko liderrak izango direla uste du, eta oraina aldatu nahi du, etorkizuna ere aldarazteko. Hori guztia berrikuntzaren bidez egin nahi du, “aldaketa horiek burutzeko bide bakarra” dela uste baitute berak eta Erle Roboticseko taldeak.

2012. urtean jakin genuen lehen aldiz talentudun gazte honen berri. Urte hartan, 3.000 €-ko inbertsio xumearekin, gaur egun milioi asko balio duen enpresa sortu zuen anaiarekin batera. Hardware-estandar bat asmatu zuten, mundu osoko milaka robotentzako adimen artifiziala sortzea ahalbidetuko zuena. Horrelaxe heldu da 35 urtetik beherako 10 pertsonarik sortzaileenetako bat izatera, Massachusetseko Unibertsitate Teknologikoaren aldizkariak hala aukeratua.

Abendua: Peio García, Greziako uharteetan errefuxiatuei jaten ematen dien Zaporeak proiektuaren sortzailea

Arma solidarioa izan daiteke gastronomia? Peio Garcíak dio baietz, izan daitekeela. Horregatik, duela sei urte, furgoneta eta sukaldeko ontziteria hartu eta Mediterraneoko kostaldera eraman zuen Zaporeak proiektua, aukera baten bila Greziara iristen diren eta bizitza literalki galtzeko arriskuan jartzen duten etorkinei jaten emateko.

Hasieran 800 otordu ematen zituen egunero, eta gaur egun 1.700 lagun elikatzen ditu proiektuak. Chiosen kokatu zen proiektua hasieran, baina, etorkin kopuruak behera egin zuen heinean, Greziako beste esparru batzuetara eraman zuten. Borrokan ari dira beren helburua betetzeko: herrialdean dauden 70.000 errefuxiatuei jaten ematea. Horregatik, urtea ahalik eta aho-zaporerik onenaz amaitzeko aukeratu dugu haien proiektua.


Zein da zure erreakzioa?