LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko uztaileko proposamenak

LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko uztaileko proposamenak

2 min.

LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko uztaileko proposamenak

Lagunok, harpidedunok, irakurleok:

 

Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak.

Uztailean, egunaren orduak eta gauaren promesak luzatzen diren hilabetean, badirudi denetarako astia dugula, eta guk denetarik ekarri dizuegu, kaleko eta etxeko plazerrak gozatu ditzazuen. Gure sorkuntza kulturalaren iragan hurbiletik, euskal zinemagintzari hasiera eman zion pelikula ikonikoa ekarri dugu eta euskal literaturari bultzada eman zioten lehen eleberri garaikideak entzuteko aukera. Nahiago baduzue iragan urrunera hurbildu, eskaintza interesgarriak dituzue Bilboko eta Iruñeako museoetan, eta musika bada interesatzen zaizuena, hauxe da momentua jazzaldirako sarrerak hartzeko edo abuztuan iritsiko den Hamabostaldiak prestatu duen podcasta entzuteko.

 

🎥  Pelikula

Tasio

Euskal zinemaren historia ez hain luze baina zinez oparoan, leku berezia dauka Primeran plataformak berreskuratu duen klasiko honek, 1984an, Montxo Armendarizen zuzendaritzapean Patxi Bisquert Euskal Herriko aktorerik ezagunena bihurtu zuen ikazkinaren istorioak.

 

📚 Literatura

Eleberrigintza garaikidearen klasikoak audioliburu gisa

Guau plataformak euskarazko audioliburuen eskaintza ugaritu du, eta euskal eleberrigintza garaikidearen klasikoak entzungai jarri ditu, tartean, Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox eta Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez.

 

🎨 Artea

Arte Ederren Bilboko Museoa

Berrikuntza lanak bukatzen dituen bitartean, Bilboko Museoak argazki eta margolan berriekin aberastu du bere funtsa; zaharberritutako Pedro Berrugueteren Deikundea jarri du ikusgai, eta espainiar jatorrizko artisten margolanekin erakusketa ikusgarria osatu du

 

📖 Historia

Beste garai bateko irainak

Iritzi iraingarriekin edo kalumniekin lotuta, epaitegietan aurkeztutako 6.000 salaketa aztertu ondoren, XVI. eta XVII. mendeetako irainekin erakusketa zinez interesgarria antolatu dute Iruñean eta Nafarroako Artxibategi Nagusian ikusi ahal izango da abuztuaren 18ra arte.

 

🕺 Jaialdia

Jazzaldia

Uztailaren 22tik 25era, Euskal Herriko jazz jaialdi guztien artean handienak bere programazioa indartuz ospatuko dituela 60 urte, Kursaalen, San Telmo Museoan, Chillida Lekun, Victoria Eugenian eta Zurriolan kontzertuak eskainiz.

 

🎙️ Podcasta

Bi ahotsetan

Abuztuaren 1etik 29ra egingo da Donostian Hamabostaldia baina hori baino lehen, musika klasikoa maite dutenek edo maitatzen ikasi nahi dutenek Guau plataforman daukate Joseina Etxeberria gidari duen podcast bikain hau, Hamabostaldiak berak sortua.

 


Zein da zure erreakzioa?