Zer irakurri, ikusi eta entzun euskaraz – 2026ko azaroa | LKULTURA
2026-11-16
Zer irakurri, ikusi eta entzun euskaraz – 2026ko azaroa | LKULTURA
Lagunok, harpidedunok, irakurleok:
Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak.
Azaroan, soloetan, babak eta garia ereiteko unea izaten da, baina guk jasotako uzta konpartitu nahi dugu zuekin. Hasteko, Shelby familiako gangsterren istoriari bukaera ematen dion pelikula ekarri dizuegu, telesail bikain bati bukaera gogoangarria ematen diona. Horrez gain, bere azken pelikula estreinatu duen zuzendari apasionante baten filmografia ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu; lehen orrialdetik interesatuko zaizuen nobela ezohiko bat irakurtzera; eta urtetik urtera, sarrerak agortzen eta ikusleak txunditzen dituen jaialdiaren podcastarekin gozatzera. Azkenik, teatrora joateko bi gomendio ditugu, giizarte garaikidearen arazo kolektiboei eta gizarte honetan gizabanakoek ditugun arazoei zorroztasunez eta sakontasunez heltzen dioten bi antzeslan.
🎞️ Pelikula
Peaky Blinders: Gizon hilezkorra
Netflix plataforman jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin ikusi daiteke izen bereko telesail arrakastatsuari jarraipena ematen dion pelikula, Cillian Murphy aktoreari Tommy Shelby gangsterraren azalean berriz jartzeko aukera eman diona.
📹 Ikusentzunezkoak
Koldo Almandoz zuzendariak Azken agurra bikaina berri estreinatu du, adin ertainaren bidegurutzean galduta dabilen gizon baten istorio hunkigarria; aukera ederra Primeran plataformaren bilduma honetan murgiltzeko eta bere filmografia apasionantea ezagutzeko.
- Entzun LABORAL Irratian Koldo Almandoz zuzendariari egin genion elkarrizketa (gaztelaniaz): «Zinema-zuzendari batek banpirizatu egin behar du besteen lana»
📒 Literatura
Margolari enigmatiko batek hotel abandonatu bat alokatzen duenean hasten da Jasone Osororen azken lana, doluaz, bizirauteko senaz eta maitasunaz hitz egiten digun eleberri laburra, estilo zehatz eta poetikoan idatzia, errealismo magikoaren ukituarekin.
🎙️ Podcasta
LABORAL Kutxaren laguntzarekin urtero egiten den jaialdia 2027ko urrian itzuliko da, baina ordura arte lehen mailako musikariak entzun nahi badituzu, podcast bikain honetan dituzu, Xabi Solano, Evaristo Páramos, Eñaut Elorrieta, Aiora Errenteria eta beste hainbat.
🎭 Antzerkia
Azaroaren 28an, Astigarragara iritsiko den Ttanttakaren produkzio honetan Ainhoa da protagonista, zientzia politikoetan doktoretza lortzeko eskubide zibilei buruzko doktore-tesia epaimahai akademiko baten aurrean defendatu behar duen graduatua.
🎭 Antzerkia
Azaroaren azken asteburuan, Basaurira eta Markinara joango da Artedrama eta Axut! taldeek elkarlanean egin duten azken ikuskizuna, Harkaitz Canoren eta Ximun Fuchsen gidoi batetik abiatuta, nor garen ote dakigun galdetzen diguna, jakin daitekeen edo jakin nahi ote dugun.
- Entzun Harkaitz Canori LABORAL Irratian egin genion elkarrizketa: «Jendeak ikusten ez dituen hainbat ofizio daude liburu batean atzean»
Zein da zure erreakzioa?