Dirua zor dizute? Kontuz itzulketa faltsuekin

Dirua zor dizute? Kontuz itzulketa faltsuekin

2 min.

Dirua zor dizute? Kontuz itzulketa faltsuekin

Black Friday, gabonetako erosketak, erreserbak, itzulketak... Egun hauetan eragiketa gehiago egiten ditugu, eta baliteke diru-itzulketaren bat jasotzeke egotea.

Ziberdelitugileek badakite hori, eta egoera hori balia dezakete egin gabeko itzulketei, bikoiztutako kobrantzei edo ezeztatu behar ditugun karguei buruzko jakinarazpen faltsuak bidaltzeko, azkar eta informazioa egiaztatu gabe jardun dezagun bilatuz.

 

Nola funtzionatzen du engainuak?

Iruzurra itxuraz zilegia dirudien SMS, posta elektroniko edo dei batekin hasi ohi da. Mezuak adieraz dezake egiteke dagoen itzulketa bat, kobrantza bikoiztu bat edo ezeztatu behar den eragiketa bat dagoela.

Hortik aurrera, helburua da biktimak ustez dirua jasotzeko edo kargua konpontzeko argibide batzuei jarraitzea.

 

Zein dira seinaleak?

Iruzur horiek sinesgarriak izan daitezke, gure egunerokotasunaren parte diren egoeretatik abiatzen direlako. Edozein argibideri jarraitu aurretik, komeni da segundo batzuez gelditzea eta mezuak zentzurik duen egiaztatzea. Lagundu diezaguketen seinale batzuk:

  1. Espero ez zenuen itzulketa bat: abisu bat jasotzen duzu dirua jasotzeko duzula adieraziz, nahiz eta ez duzun gogoratzen inolako diru-itzulketarik eskatu duzunik. 
  2. Berehala ezeztatu behar duzun kargu bat: mezuak eragiketa batez ohartarazten zaitu, normalean zenbateko handikoa, eta berehala jarduteko presionatzen zaitu. 
  3. Dirua jasotzeko informazioa eskatzen dizute: kredentzialak, txartelaren datuak edo egiaztapen-kodeak eskatzen dizkizute ustezko itzulketa izapidetu ahal izateko. 
  4. Esteka bat bidaltzen dizute eragiketa "kudeatzeko": aplikazio edo webgune ofiziala zuzenean kontsultatu beharrean, mezutik bertatik sartzeko eskatzen dizute.

 

Ziberaholku praktikoak zure burua babesteko

Itzulketa bati edo kargu ezezagun bati buruzko jakinarazpen bat jasotzeak zalantzak sor ditzake, batez ere duela gutxi erosketa bat baino gehiago egin baditugu. Gakoa da mezutik bertatik ekintzarik ez egitea eta egoera gure kabuz egiaztatzea. Gomendio hauek modu seguruan egiten lagun diezazukete:

  • Egiaztatu lehenik eragiketa: kargu edo itzulketa batekin lotutako abisu bat jasotzen baduzu, sartu zuzenean zure banka digitalean edo saltokian haren aplikazio edo orri ofizialetik. 
  • Ez jardun jasotako esteketatik: ez erabili SMSetan, mezu elektronikoetan edo mezuetan sartutako estekarik eragiketa bat kontsultatzeko edo ezeztatzeko. 
  • Ez partekatu segurtasun-koderik: inoiz ez eman erabilera bakarreko kodeak, pasahitzak edo kredentzialak itzulketa bat jasotzeko. 
  • Ez fidatu urgentziaz: azkar jarduteko presioa egiten dizun mezu batek egoera egiaztatzeko denborarik ez izatea bilatzen du. 
  • Egiaztatu benetan diru horren zain zauden: edozein kudeaketa hasi aurretik, berrikusi zure azken erosketak, ezeztapenak eta itzulketak. Ustezko diru-itzulketaren jatorria ezagutzen ez baduzu, kontuz ibili.
  • Edozein zalantza izanez gero, erabili kanal ofizialak: harremanetan jarri zuzenean entitatearekin edo saltokiarekin, harremanetarako datu ofizialak erabiliz.

 

Gogoratu: itzulketa faltsu batek ere dirua galtzea eragin diezazuke bankuko datuak ematen badituzu. Kargu edo itzulketa baten inguruan jardun aurretik, egiaztatu beti eragiketa kanal ofizialetik.


Zein da zure erreakzioa?