Gobernuak % 2 igo ditu aseguru gehienen zergak
2021-01-07
Gobernuak % 2 igo ditu aseguru gehienen zergak
Hemendik aurrera, zerbait gehixeago ordaindu beharko duzu aseguruak berritzen dituzunean. Laboral Kutxak ez du igo primaren prezioa, ez; baina gobernuak, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuan, Aseguru Primen gaineko Zerga (APZ) % 2 igotzea erabaki du (% 6tik % 8ra). Kontsumitzaile gehienek kontratatuak dituzten aseguru askotan zuzeneko eragina izango du erabakiak. Gogora dezagun kontsumitzaileak dira nahitaezko igoera horren azken ordaintzaileak.
Jakingo duzuenez, Aseguru Primen gaineko Zerga (APZ) Estatuak BEZaren ordez kobratzen duen zeharkako zerga bat da. Aseguruaren prima ordaintzean edo ordainketa zatikatua egitean kobratzen da. Aseguru-mota gehienei eragiten die karga horrek, hauei izan ezik: nahitaezko gizarte-aseguruak eta pentsioak, kauzioa, osasun-laguntza eta gaixotasuna, nekazaritza-aseguruak eta esportaziorako kredituak direla eta konpromisoak dituztenak.
Honenbestez, aurten berritu behar diren edo ordainketa zatikatua dagokien aseguru guztiei eragingo die igoerak. Horien artean daude auto-, etxe- eta ehorzketa-aseguruak, hau da, ohikoenak: familien ia % 80k daukate auto-asegururen bat kontratatua; % 74k, berriz, etxebizitza-asegurua, eta ia erdiek (% 45ek) ehorzketakoa. Hamazazpi milioi familiari zuzenean eragingo die igoerak, eta batez beste 28 euro gehiago ordaindu beharko dute urteko, sektoreko patronalaren kalkuluen arabera. Helburua? Bostehun milioi eurotik gora biltzea aurten eta datorren urtean.
Auto-aseguruari dagokionez, urteko 8-10 euroko igoera ekarriko du zergaren garestitzeak (batez beste eta Espainiako Estatuan), edonolakoa direla ere autoa, haren antzinatasuna eta aireratzen duen gas kutsatzaileen kantitatea. Gogoan izan dezagun 30 bat milioi ibilgailuk zirkulatzen dutela Espainiako Estatuan, eta familia askok ibilgailu bat baino gehiago dutela. Etxe-aseguruari dagokionez, urteko 4-6 euro bitartekoa izango da igoera, bai eta ehorzketa-aseguruarena ere. Hileta-zerbitzua estaltzen du aseguru-mota horrek.
Zein da zure erreakzioa?