Goi-mailako jantzigintzatik, txirrindularitzaren mundura. Patxi Rodrigok Etxeondoren historia kontatzen digu

Goi-mailako jantzigintzatik, txirrindularitzaren mundura. Patxi Rodrigok Etxeondoren historia kontatzen digu

4 min.

Goi-mailako jantzigintzatik, txirrindularitzaren mundura. Patxi Rodrigok Etxeondoren historia kontatzen digu

Laboral Irratia Enpresaren hirugarren atal honetan Etxeondo markako gerente Patxi Rodrigoren bisita dugu. Txirrindularitzarako arropa teknikoaren diseinuan eta fabrikazioan espezializatutako familia-enpresa horrek 50 urte baino gehiago daramatza bizikletaren izar handiak janzten. Gaur egun, 12 urte baino gehiago daramatza Patxik maila profesionalean markarekin lotuta, eta oraingoan Etxeondo nola sortu zen kontatuko digu, eta pandemian txirrindularitzak izan duen boom-ak nola lagundu dion markari bere hedapenean.

LK Enpresa: Dior eta goi-mailako jantzigintzatik Indurainera. Nola egin zuen Etxeondok?

Patxi Rodrigo: Jendea kokatu dadin, bi pertsonak sortu zuten Etxeondo, emakumezko marrazkilari batek eta gizonezko teknikari batek, eta biak ere Villabonako ehungintza-enpresa batean elkartu ziren lehenik. Teknikariak bere herritik –Castejonetik– irten nahi zuen eta Gipuzkoara lan egitera joan. Enpresa horretan, hainbat makina mota maneiatzen ikasi zuen, eta ehungintza-fabrikazio bateko prozesuak ere ezagutu zituen. Enpresa horretan hiru urte egin ondoren, beste bide bat jorratzea erabaki zuten biek, eta beren negozioa jartzea. Hor sortu zen benetan Etxeondo, Villabonan dagoen baserri batean, ehungintza-materialak fabrikatzeko helburuarekin, ekipazioekin hasi eta festa-kamisetekin buka, customizazioak ere barnean hartuta.

Urteak aurrera, ehungintza-sektorean jada esperientzia handia dutela konturatzen dira eta ez dutela ohiko fabrikatzaileak izan nahi, eta ez dutela nahi, halaber, Etxeondo marka fabrikazio-uneen edo kontsumitzaileen premien arabera soilik gidatutako konpainia izatea. Une horretan elkartu zen Paco talde ziklista batean ari ziren lagun batzuekin, bera ere txirrindularitzaren zalea baitzen. Puntu horretan, bidea egiteko eta arrakasta lortzeko irrikak, ilusioak eta gogoak guztia erraztu zuten.

LK Enpresa: Eta irrikaz, nazioarteko maila lortu zuen markak. Zenbat herrialdetan zaudete?

P. R.: Gaur egun 20 herrialdetan baino gehiagotan dago Etxeondo.

Lehen esan dudan bezala, Etxeondoren sortzaileek azkenean txirrindularitza-arropa egitera dedikatzea eta horretan elitista izatea erabaki zuten. Gainetik kendu zuten ohiko fabrikatzaile izan nahi izatearen eta fabrikatzaile izate hutsagatik prezioaren arabera lehiatu behar izatearen etiketa. Horregatik, beren filosofiari jarraikiz, marka benetakoa eta jasangarria izatea erabaki zuten, eta markaren fabrikazioa beste herrialde batzuetara ez eramatea. Hor azaldu ziren hainbat talde profesional –hala nola Reynolds, Banesto, ONCE, edo gaur egun Euskadi Fundazioa Euskaltelekin– eta orduan zabaldu zen, esaterako, Castejongo lantegia, konpainiak herrialdean bertan lana sortzeko zuen ilusioarekin. Kuloteen fabrikazioan espezializatuak daude une honetan, eta expertise handia eskuratu dute arlo horretan.

LK Enpresa: Pandemiaren ondorioz kontsumo-ohituren aldaketa bat ikusi dugu, eta asko bilatzen da orain aire zabaleko jarduera. Txirrindularitzak, zehazki, boom bat bizi izan du konfinamendutik irten ginenetik, nola bizi izan duzue hori Etxeondon?

P. R.: Egia esan, egoera honek asko lagundu digu, aldaketa-une batean baikeunden. Egiten genuen merkaturatze mota aldatzeko erronka genuen, hau da, kontsumitzailearengana zuzenean heltzeko zer eta nola egin behar genuen ikusi nahi genuen. Ez bakarrik saltzeagatik, baita haiei nor garen azaltzeko ere, eta, horrekin batera, nola zaindu nahi ditugun eta nola izan nahi dugun garden, oso mugatuta baikeunden puntu horretan zer banaketa mota geneukan kontuan izanda.

Kontuan hartu behar dugu gaur egun aldatu egin dela pentsatzeko eta merkaturatzeko modua. Kontsumitzaileetan lehendik errotutako ohiturak bizkortzen lagundu du Covid-19ak, hala nola online erosketa edo markak, produktuak, eta abar, sareetan bilatzeko erraztasuna.

Etxeondoren plataforma osoa muntatu ondoren iritsi zen pandemia eta horrekin batera boom digitala, jendea zuzenean gure webgunearen bidez erosten hasi zelarik, gure markarekin elkarri eragiten. Eta horrekin konturatu gara, egiaz, horrek ez duela soilik eragin guk Interneten gehiago saltzea, orain jendeak, halaber, gehiago ezagutu baitu gure produktua, badaki nor garen, nola garen, eta hurbilagoko lotura bat sortu da. Hori oso lagungarria izan da banaketarako, azken kontsumitzailea Etxeondo ezagututa joaten baita saltokietara, eta horrek nabarmen aldatu gaitu. Gainera boom hori lagungarria izan da jendea osasunaren gaiarekin kontzientziatuagoa egon dadin, bere burua gehiago zaindu nahi izatea, eta, hori horrela, gorantz datorren kirola da, une honetan, txirrindularitza.

LK Enpresa: Adierazi duzu jada egungo erronkak direla, baina epe zertxobait luzeagora begiratuta, anbizio handiagoko aldaketaren bat planteatzen duzue etorkizunari begira?

P. R.: Egia da Etxeondon iraunkorrak izan nahi dugula hazkundeari dagokionez, gure helburua ez delako hazteagatik haztea. Gure enpresako ateak zabaldu nahi ditugu, jendeak benetan ezagutu gaitzala eta duela 45 urtez geroztik dugun benekotasun horri eutsi. María Jesús eta Paco –nire gurasoak– dira hasieran aipatzen nituen pertsona horiek, benetakoak izatea eta hemen fabrikatzea erabaki zuten, eta orain haien pausoak jarraitu nahi ditugu. Ez dugu hazkunde oso bizkorra bilatzen, baizik eta iraunkorra.

Hori dela-eta, esan dudanez, etorkizunera begirako gure erronka orain arte egindakoa egiten jarraitzea da, gure enpresaren ateak zabaltzea jendeak ezagutu gaitzan, merkatuak oso masifikatuak baitaude gaur egun. Txirrindularitzaren kasuan, adibidez, markak ugaritu egin dira boom honen ondorioz, eta, hori horrela, besteengandik bereizi beharra daukagu, eta jendeak txirrindularitza benetakotasunez eta egiaz bizi dezala lortu.

LK Enpresa: Bukatzeko, orain arte azaldu ez den Etxeondoren ideiaren bat nabarmentzea gustatuko litzaizuke?

P. R.: Familia-enpresa bat garela, eta ilusioz eta benetakotasunez lan egiten dugula nabarmendu behar da. Horrela nahi dugu besteek gu ikusi gaitzatela. Gainera, Holandan, Belgikan eta abar gero eta garrantzitsuagoak gara, eta, horrenbestez, Europan hazten jarraitzea da gure erronketako bat, estatu osoan marka ezaguna baikara jada. Alemanian, Frantzian eta Asiako herrialdeetan merkatua zabaltzen jarraitu nahi dugu, haietan murgilduta baikaude.


Zein da zure erreakzioa?