Gure hizkuntza-politika sare sozialetan

Gure hizkuntza-politika sare sozialetan

3 min.

Gure hizkuntza-politika sare sozialetan

Irudia: EGIZU Getxo Euskaldun Elkartea

Hizkuntza-politika gure lanaren funtsezko osagaia da. Nork bere hizkuntzan hitz egiteko eskubidea duela uste dugu. Ildo horretan, orain hamarkada batzuk hizkuntza-eskubideen aldeko konpromisoa hartu genuen.

Horregatik, norberak aukeratzen duen hizkuntzan komunikatzeko konpromisoa hartua dugu gizartearekin, LABORAL Kutxan lan egiten duten pertsonekin eta, jakina, gure bezeroekin. Era berean, uste dugu hizkuntza gutxituek erakundeen, enpresen eta pertsonen laguntza osoa behar dutela, normalizazioa lortzeko.

Euskara sustatu eta zabaltzeko hizkuntza-politika aktiboa dugu, eta blog honetan bertan hitz egin genizun horri buruz. Prentsarekiko harremanak, langileekikoak, publizitatea... alderdi horiei guztiei buruz hitz egin genizun bere garaian, baina bada beste gai bat gaur egun oso garrantzitsua dena: Internet, gure gizartean zein sustraituta dagoen kontuan hartuta.

Bada, nola gauzatzen dugu konpromiso hori sare sozialetan?

Sarez sare azalduko dizugu, blog honetatik bertatik hasita.

  • Bloga: Hasiera-hasieratik, blog hau euskaraz eta gaztelaniaz irakur daiteke osorik. Beste horrenbeste gertatzen da Gaztenpresaren blogarekin, Consulting Proren edukiekin eta Enpresen Bankaren blogarekin. Horietako edukirik garrantzitsuenak blog honetan ere argitaratu ohi ditugu.
  • Facebook: Sare sozial horretan emandako lehen urratsak blogean emandakoen ildotik joan ziren. Hau da, gure eduki guztiak euskaraz argitaratzen genituen, eta gero gaztelaniaz, edo alderantziz. Gaur egun, Facebook-ek eboluzionatu eta hobera egin du; horri esker, besteak beste hizkuntzaren edo eremu geografikoaren arabera segmentatu ahal dugu, jarraitzaileei interesatzen zaiena soilik emateko, nahi duten hizkuntzan. Baina, gure ustez, bi gauza berdin era desberdinean tratatzea bezain bidegabea da bi gauza ezberdin era berdinean tratatzea. Eta bi hizkuntzen egoera soziala oso desberdina da. Horregatik, euskara lehenetsi nahi dugu. Halere, ez diogu inori kendu nahi behar duen informazioa. Bada, Facebooken aukeratu duzun hizkuntza euskara bada, euskara hutsean jaso beharko zenuke informazioa. Aitzitik, gaztelania aukeratu baduzu, informazio bi hizkuntzetan jasoko duzu. Hartara, adibidez euskara ikasten ari direnek hobetzen jarrai dezakete, garrantzizko ezer galtzeko beldurrik gabe.
  • Twitter: Sare horrek momentuz hizkuntzaren araberako segmentazioa onartzen ez duenez, txioak bi hizkuntzetan egiten saiatzen gara, 140 karaktereek eskaintzen dituzten aukera mugatuen barruan, jakina. Nahiago dugu kontu bakar bat izan bi hizkuntzak bistaratzeko. Eta txio bakar batean ezin bada dena esan, bi mezu plazaratzen ditugu, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Batzuetan jarraian eta bestetan une desberdinetan, baina aste berean. Ez dugu nahi bezeroak informazio garrantzitsurik gabe geratzea, eta ez dugu nahi elebidunek gauza bera bi aldiz irakurri behar izatea. Esan bezala, erronka bat da, baina komunikazio hobea lortzea du helburu. Izugarri gustatzen zaigun erronka da.
  • Instagram: Postak bi hizkuntzetan egiten ditugu eta, horietan, euskara sustatzea lehenesten dugu, Igerrak instagramerren komunitatearekin hilero lehiaketa bat egiteko hartutako konpromisoari esker.
  • Buletina: Hamabost egunean behingo newsletterra bi hizkuntzetan kaleratzen dugu. Bidalketa bakoitzean, euskarazko bertsioa eta gaztelaniazkoa txertatzen ditugu. Goialdetik erraz iristen da irakurri nahi dugun atalera, nahi dugun hizkuntzan.
  • Publizitatea. Sare sozialetako publizitatea benetako erronka da. Beste komunikabide masiboago batzuetan (adibidez, telebistan, prentsan edo irratian) baino askoz kirurgikoagoak izan behar dugu pertsona bakoitzarengana iristeko. Kasu horretan, mezu bereiziak hobesten ditugu, pertsona bakoitzarengana haren gustuen arabera iritsiko direnak, baina gastuen proportzionaltasunaren irizpidea aplikatuta.
Ikusten duzunez, ez dago Internet guztirako balio duen irtenbide perfektu eta unibertsalik. Kanal bakoitzera moldatzen ahalegintzen gara, jarraitzen diguten pertsona guztien eskubideak errespetatzeko eta bi helburu betetzeko: jende guztiak informazioa eskura izatea, modurik erosoenean, eta euskara sustatzea, horixe baita gure Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren sorrerako helburu nagusietako bat.

Baduzu zalantzarik? Galderatik? Iradokizunik? Hemen gaude behar duzunerako.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Marketin estrategiak