IAT berriari buruz jakin beharrekoa

IAT berriari buruz jakin beharrekoa

3 min.

IAT berriari buruz jakin beharrekoa

IATaren araudi berria 2017ko urriko BOEn argitaratu da, baina 2018ko maiatzean sartuko da indarrean.

2018ko maiatza. Orduan sartuko da indarrean Ibilgailuen Azterketa Teknikoa, IATa, eguneratuko duen Errege Dekretua . Azterketa hori automobil guztiei egin behar zaie; berria erosi eta lau urtera, bi urtean behin gero, eta, azkenik, 10 urteko eta gehiagoko ibilgailuen kasuan, urtero. Zer gertatuko da dekretua indarrean sartu ondoren? Ba, gure automobilen segurtasuna eta ondorio kutsagarriak gehiago kontrolatuko dituzte, baina badaude zenbait alde on ere. Kontuan hartu behar dituzun alderdi nagusiak azalduko dizkizugu.

Auto seguruagoak

IAT berriaren oinarrizko helburuetako bat gure ibilgailuen segurtasuna eraginkortasunez kontrolatzea da. Gaur egun, pneumatikoen egoera, esekigailuak, balaztatze-sistema, lotzeko oinarrizko sistemak eta argiak egiaztatzen dira, baina arau berria harago doa. Izan ere, orain arte, ezinezkoa zen egiaztatzea automobilen fabrikatzaileek diseinatutako segurtasun aktiboko eta segurtasun pasiboko sistemak benetan zer egoeratan zeuden azterketa-guneetan. Zergatik? Ez zutelako ibilgailuen elektronika egiazta zezakeen ordenagailurik. 2018ko maiatzetik aurrera, beharrezko ekipamendua izango dute (derrigorrezkoa izango da), autoaren beraren diagnosi-tresnekin konektatzeko. Horri esker, funtzionamendu-akatsak hautemango dituzte motorrean, transmisioan, abiadura-kaxan, airbagetan edo ABSan. Gainera, iruzurrak eta manipulazioak eragoztea lortuko dute.

Isuri kutsatzaileen gaineko kontrol handiagoa

IAT berriaren beste helburu nagusietako bat da diesel ibilgailuek Europako Euro V eta Euro VI araudiak benetan betetzen ote dituzten jakitea, araudi horiek isuri kutsatzaileak txikitzea derrigortzen baitute. Gaur egun, zaila da araudi horiek aintzat hartuta ibilgailuen isuriak fidagarritasunez aztertzea. Baina, azterketa berriari esker, proba gainditzeko egiten diren iruzurrik ohikoenak detektatuko dira; izan ere, nitrogeno oxidoen isuriak gutxitzeko, partikula-iragazkiak hustu eta EGR balbulak manipulatzen dira maiz.

Bigarren azterketa, beste gune batean

Lehen ibilgailu batek azterketa gainditzen ez zuenean, jabeak (enpresa edo pertsona) konpondu egin behar zituen azterketan hautemandako akatsak, eta azterketa-gune berera itzuli behar zuen. 2018ko maiatzetik aurrera, bigarren azterketa beste gune batean egin ahal izango da. Hori bai, epe bera egongo da horretarako: hilabetea.

Azterketa aldez aurretik egitea

Beste gauza on bat erabiltzaileentzat: azterketa aldez aurretik egin ahal izango da, iraungi baino hilabete lehenagotik aurrera. Horrek ez du eraginik izango berritze datan (esaterako, azterketa teknikoa abenduan egin behar baduzu baina hilabete lehenago, azaroan, egiten baduzu, hurrengoa abenduan egin beharko duzu beti, dagokizun urtean).

IAT berriaren beste neurri aipagarri batzuk

● Beste herrialde batzuetako ziurtagiriak. Ibilgailu bat Europar Batasuneko edozein herrialdetan erosten baduzu eta ibilgailu horrek jatorrizko herrialdean IATa egin duela egiaztatzen duen ziurtagiria badu, ez duzu berriro egin behar, lehen ez bezala.

● Urrutiko prestakuntza. Hori ez dagokie zuzenean gidariei, baina Errege Dekretuak arautu egiten du. IAT guneetako langileen kualifikazio-baldintza berriak adierazten ditu; horretarako, urrutiko prestakuntzara jo ahal izango dute. Gainera, azterketa teknikoak egiten dituzten langileen gutxieneko titulazioa arautzen da lehen aldiz: automozioko goi-mailako teknikaria.

● Informazio-trukea. Azterketa-guneek eta Administrazioak elkarri informazioa ematea ahalbidetzen du araudi berriak, ikuskaritza-jardueren berrikuspena indartzeko.

Eta prezioak?

Oraindik zehazteke daude. Gaur egun, Nafarroako IAT guneak dira Espainiako merkeenak, gasolinako ibilgailuentzat zein diesel ibilgailuentzat; bi kasu horietan, 33,20 euro balio du IATa egiteak. Bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako IAT guneek azterketa-preziorik garestiena dute gasolinako automobiletarako: 46,69 euro. Diesel-ibilgailuek diru-kopuru bera ordaindu behar dute, baina beste autonomia-erkidego askotan garestiagoa da.


Zein da zure erreakzioa?