Ikuspegi baikorragoa euskal enpresen espektatiba ekonomikoetan, urteko bigarren hiruhilekoari begira
2023-03-15
Ikuspegi baikorragoa euskal enpresen espektatiba ekonomikoetan, urteko bigarren hiruhilekoari begira
Euskadiko Enpresa Konfiantza Adierazlea 52,7koa izango da 2023ko bigarren hiruhilekoari begira. Datu horrek igoera nabarmena erakusten du aurreko hiruhilekoarekiko; 45 puntukoa baino zertxobait handiagoa zen orduan indize hori. Horrela, 50 puntutik beherako elkarren segidako hiru hiruhilekoko bolada negatiboarekin amaitu, eta hedapen-zona batean sartu gara.
Indize hori intereseko eremu geografikoetako indizearekin alderatzen badugu –Espainiakoaren edo Eurogunekoarekin, esaterako, non urtarrilean 51,6koa eta 50,3koa zen indize hori, hurrenez hurren– euskal enpresen aldetik baikortasun handiagoa dagoela nabari dezakegu. Txosten honetan aurkezten diren zifrek erakusten dute urteko bigarren hiruhilekorako ekonomian hobekuntza bat begiztatzen hasi dela Euskadi, LABORAL Kutxako Azterketen Departamentuak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresari egindako inkestak jasotzen duenaren arabera.
Ingurune ekonomikoa eta enpresen espektatibak
Artikulu honen hasieran aipatu dugun bezala, inkestari erantzun dioten euskal enpresek ingurune ekonomikoari buruzko ikuspegi baikorragoa erakusten dute dagoeneko. Kasu honetan, erakundeen % 13,7k uste du bigarren hiruhilekoa hobea izango dela; urteko lehenengo hiruhilekoa hobea izango zela, berriz, enpresen % 4,8k bakarrik uste zuen. Hala ere, 10 enpresatik ia hiruk oraindik uste du egoera hori hiruhileko honetan gainbehera etorriko dela.
Fakturazioaren eta eskarien bilakaera
Enpresa konfiantzari buruzko inkesta honetan, beharrezkoa da gure enpresek fakturazioari buruz dituzten espektatibak nabarmentzea ere; bigarren hiruhilekoz jarraian hobetu dira espektatibok. Datu hori 2023ko lehenengo hiruhilekoan eskuratutakoa baino 7 puntu handiagoa da, eta % 26,9ra iristen da. Hala ere, inkestari erantzun dioten erakundeen % 60k oraindik uste du antzerakoak izango direla.
Aurreko adierazle horrekin bat etorriz, eta azkeneko bi txostenekin alderatuta, hobekuntza bat nabari da jarduera-datuen bilakaeran. Hiruhileko honetan, % 18,4koa da bilakaera hobetu egingo dela uste duten enpresen portzentajea; 2023ko lehendabiziko hiruhilekoari begira, berriz, enpresen % 10ek uste zuen hori.
Salmenta-bolumenak eta prezioek ere badute eragina enpresa baten fakturazio- zein jarduera-espektatibetan. Ildo horretan, bigarren hiruhilekoz jarraian, eskarien bolumena igo egingo dela eta prezioak berriro igoko direla erakusten dute emaitzek.
Inkestari erantzun dioten enpresen % 26,9k espero du eskarien bolumena igo egingo dela, eta % 15ek baino gehixeagok uste du aurkakoa; % 57,7k, berriz, egoera egonkor mantenduko dela uste du. Halaber, prezioei buruzko emaitzak honela banatzen dira: % 29,1ek uste du prezioek igotzen jarraituko dutela, eta % 59k, berriz, uste du prezioak ez direla aldatuko datozen hilabeteetan.
Errentagarritasunari eta inbertsioei buruzko espektatibak
Eragiketen errentagarritasun-espektatibak ere garrantzitsuak dira Enpresa Konfiantza Indizea kalkulatzerakoan. Oro har, datu horren aurreikuspenean etengabeko negatibotasuna ikusten dugun arren, enpresek nolabaiteko baikortasuna erakusten dute aurreko hiruhilekoarekiko. Kasu honetan, % 85,ek uste du errentagarritasuna berdina edo txikiagoa izango dela; 2023ko lehenengo hiruhilekoari begira, berriz, % 89,1ek zuen iritzi hori.
Orain arte aztertutako datuek baikortasunerantz bultza gaitzaketen arren, euskal enpresak oraindik ere ez daude haien inbertsio-planak berriz abiarazteko prest. Enpresen % 15,8 bakarrik dago baikor, eta uste du handitu egingo dela inbertsio-bolumena; % 16,7k, berriz, oraindik ere uste du joera beheranzkoa izango dela, eta % 67,5ek, azkenik, egoerak egonkor jarraituko duela.
Enplegua enpresetan
Enpresek enplegu-sorkuntzari buruz duten iritzia aurreko aldietan zutenaren antzekoa da; % 80 inguruk uste du bere horretan jarraituko duela. Hala ere, enpresen % 11,1ek hiruhileko honetan langile kopurua handitzea espero du; % 9k, berriz, ezkor jarraitzen du gai horri dagokionez.
Esportazioen portaera
Enpresa konfiantza indizearekin zuzeneko zerikusia duten ohiko parametroez gain, agertoki ekonomiko berri bat hobeto bistaratzen laguntzen diguten datu osagarriak ere aztertu ditugu txosten honetan.
Horietako lehena enpresen esportazioek azkeneko urtean izan duten bilakaera da; horri dagokionez, aurreko bi hiruhilekoekiko hobekuntza nabarmena izan dutela ikusi dugu. Ia % 60k kanpoko salmentak mantentzen jarraitzen duela dioen arren, % 23,1ek dagoeneko uste du salmenta horiek hobetu egin direla (2023ko lehenengo hiruhilekoan lortutako datua baino 3 puntu gehiago, eta 2022ko ekitaldiaren itxierakoa baino 9 gehiago). Hala ere, oraindik ere, % 17 ezkor ageri da, eta salmenta horiek okerrera egin dutela uste du.
Berrikuntza edo I+Geko ekimenak
Berrikuntzara edo I+Geko ekimenetara bideratutako salmenten portzentajeari dagokionez, azkeneko txostenetakoarekiko ia aldaketarik gabe jarraitzen du. Inkestari erantzun dioten enpresen % 76,9 gutxieneko balioetan dago oraindik, % 0 eta % 1 artean; % 6k, berriz, % 5 baino gehiago bideratzen du arlo horretara.
Kobratze-epea eta banketxe-finantzazioa
Bezeroei kobratzeko epeak ere ez du aldaketa handirik izan 2023ko lehenengo hiruhilekoarekiko. Hamar enpresatik ia zortzitan jarraitu du berdin aldagai horrek azkeneko urtean; % 19ren kasuan, berriz, luzatu egin da epe hori.
Inkestari erantzun dioten euskal enpresen % 74,8k jarraitzen du pentsatzen banketxe-finantzaziorako aukerak berdin jarraitu duela azkeneko urtean. % 8,1ek uste du hobetu egin dela, eta % 17,1ek, berriz, aurkako iritzia du.
Next Generation funtsak
Gaur egun, aurreikusten da Europako Next Generation Funtsek garrantzi handia izaten jarraituko dutela industria-sarea berroneratzeko.
Horregatik, inkesta honetan ere gai horrekin zerikusia duten beste bi galdera egiten jarraitu dugu. Horietako lehendabizikoan, funts horiek ezagutzen al dituzten galdetu diegu enpresei; % 76,4k erantzun du baietz. Hala ere, % 18,3k bakarrik adierazi du bere enpresan funts horien laguntza jaso dezakeen proiekturen bat duela, bigarren galderari erantzunez.
Esteka honetatik jaitsi dezakezu informazio osoa.
Zein da zure erreakzioa?