Jasangarritasuna, LABORAL Kutxaren estrategiaren funtsezko alderdia
2021-06-01
Jasangarritasuna, LABORAL Kutxaren estrategiaren funtsezko alderdia
Duela 60 urtetik baino gehiagotik, «jasangarritasuna», «berdintasuna» eta «ingurumena» terminoak gure erakundearen ohiko hiztegian sartuta daude, baita gure erakundearen DNAn bertan ere. Moda edo oportunismoetatik haratago, LABORAL Kutxan beti jakin izan dugu gure erabakiek gure herrien eta hirien orainari eta etorkizunari eragiten dietela, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik.
2020an bizi izan genuen osasun-larrialdiko egoera erabakigarria izan zen, egoera horren eraginez gure jardueraren sendotasuna erakutsi eta, aldi berean, finantza-irtenbideak eskaini ahal izan baititugu gure enpresa-, ekintzailetza- eta gizarte-ehunari egoera zail horri aurre egiten laguntzeko. Pandemiak agerian utzi zuen, halaber, gizarte- eta ingurumen-eredu jasangarriago bat lortzeko gure ahaleginean sakondu beharra.
Enpresa, negozio eta ekintzaileentzako laguntza
Negozioari dagokionez, LABORAL Kutxak hitzarmena finantzatzeko 715 milioi euroko eragiketak sinatu ditu, eta eragiketa horien bidez, gure enpresa-sareari eta gizarteari lagundu ahal izan diogu krisiaren une gogorrenetan. Laguntza hori gure ekosistema ekintzaileari ere zuzendu zaio Gaztenpresa Fundazioaren bitartez, hark enpresen eta lanpostuen sorkuntzan laguntzen jarraitzen baitu.
Berdintasunaren aldeko apustua
Laboral Kutxa erakunde aitzindaria izan da eta oraindik ere bada, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak diseinatzen eta ezartzen. Horrek esan nahi du gure administrazio-organo gorenean erabateko parekotasuna dagoela, eta emakumeen ehunekoa etengabe hazten ari dela erantzukizuneko lanpostuetan. Gainera, apustu irmoa egin da soldata-arrakalaren aurka. Joan den urtean zehar, Kutxak hainbat ekimen egin ditu; besteak beste, barne-erregelamendua berrikusi du, hizkera inklusiboa bermatzeko. Hala ere, oraindik bide luzea dago, eta garrantzitsua izango da genero-ikuspegia txertatuko duen lidergo partekatuaren eredurantz aurrera egitea.
Ingurumen-jasangarritasunarekiko kezka
Ingurumenaren ikuspuntutik, 2020an % 83 murriztu ditugu gure CO2 isurketak energia berriztagarrien erabilerari esker, eta paperaren kontsumoa ere % 18,5 murriztu dugu, hau da, 1.150 zuhaitz gutxiago moztu eta 17 milioi litro ur gutxiago erabili dira. Gainera, lehentasuna eman diogu tokiko hornitzaileak eskuratzeari, ondasun eta zerbitzu guztien % 94,9 tokiko enpresei kontratatuz.
Sektorean lidergoa mantenduz
Emaitza gisa, urte hau oso bestelakoa izan da zerbitzuaren kalitateari dagokionez; horri esker, lidergoan mantendu ahal izan gara, sektoreko batez bestekoaren gainetik, eta gure bezeroek erantzun diote kanal digital berriak gaitzearen aldeko gure apustuari, aurrez aurreko arreta ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin.
Zerga-sistema
LABORAL Kutxak lau foru-lurraldeetan eta lurralde erkidean betetzen ditu bere zerga-betebeharrak, horietan garatzen baitu bere jarduera osoa, eta horrela, zerbitzu publikoak sostengatzen eta gizartea garatzen laguntzen du. Zerga-arloan, 2020an urtean, 35,5 milioi euro ordaindu zaizkie administrazio publiko ezberdinei.
Sakondu beharreko neurriak
Ekitaldi honi begira, LABORAL Kutxak are gehiago sakondu nahi du helburu horietan guztietan 2021ean. Hala, finantza iraunkorren jasangarritasun-estrategia integral bat diseinatzen ari gara, datozen urteetan abian jarri beharreko ekimenekin ibilbide-orri bat definitzeko. Neurri horien artean, honako hauek daude:
- Gure bezeroen datuen eta eragiketen pribatutasuna eta segurtasuna zaintzea, zibersegurtasuna hobetuz.
- Kudeaketa arduratsua nabarmentzea, gure produktuen azalpen argiak eta gardenak emanez.
- LABORAL Kutxaren finantza-sendotasuna, arriskuen kudeaketa eta likidezia indartzea.
- Digitalizazioaren aldeko apustuan sakontzea eta, horrela, bezeroei beren kontuen eta aseguruen urrutiko kudeaketa pertsonalizatua eskaintzea.
- Gizarteari eta ekonomia osoari laguntza handiagoa ematea.
- Kontroleko eta kode etikoko neurriak ezartzea, baita ustelkeriaren eta zuriketaren aurkako neurriak ere.
- Laneko arriskuen prebentziorako sistema ISO 45001 arauaren arabera ziurtatzea.
- Ordainketak ez atzeratzea eta tokiko hornitzaileen aldeko apustua mantentzea.
- Gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik arduratsuak diren produktuak eta zerbitzuak garatzea.
- Berotegi-efektuko gasen isurketa txikiagotzea, eta ingurumen-arloko eraginkortasuna eta jasangarritasuna sustatzea.
Ekimen horiek guztiek indartu egiten dute LABORAL Kutxak bere jardueraren barruan jasangarritasunaren alde egiten duen apustua, eta gure erakundea aktibo gisa kokatzen dute gure ingurunean aberastasuna eta ongizatea sortzeko orduan.
Zein da zure erreakzioa?