Jorge García del Arco (AQUADAT): “Ura eta biodibertsitatea babestu behar dugu. Urik gabe, jarduerarik ez dago, ez ingurumenekorik, ez ekonomikorik, ez sozialik”
2022-04-19
Jorge García del Arco (AQUADAT): “Ura eta biodibertsitatea babestu behar dugu. Urik gabe, jarduerarik ez dago, ez ingurumenekorik, ez ekonomikorik, ez sozialik”
Ba al zenekien sektoreak munduko ur gezako erauzketen % 60tik 70era bitarte kontsumitzen duela? Edo datozen urteetan indarrean hasiko diren hainbat neurrik Euskadiko ur-kudeaketan eragina izango dutela?
Jorge García del Arco, AQUADAT euskal startup-aren kofundatzailea eta CEOa, bisitan etorri zaigu Laboral Irratia Enpresa podcastera, galdera horiei eta uraren kudeaketarekin zerikusia duten beste hainbat galderari erantzuna emateko. 20 urtetik gorako ibilbidea eraiki dute gizarte- eta ingurumen-berrikuntzako proiektuen kudeaketan eta industrian, balio partekatua sortzearen, inpaktu positiboaren eta jasangarritasunaren zutabeen gainean, besteak beste.
L.K: Zer da Aquadat? Zer zerbitzu eskaintzen ditu?
J.G: Aquadaten uraren datuak sortzen ditugu, eta gure helburua da, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik funtsezkoa, ordezkaezina eta urria den baliabide hori jasangarritasunez kudeatzen laguntzea.
Aquaradar izan da gure lehen proposamena, eta alerta goiztiarreko sistema bat da. Datu guztiak informazio bihurtzea du helburu, erabakiak garaiz hartzeko lagungarri. Hainbat datu-iturritatik elikatzen da sistema: satelitea, droneak, sentsorika eta geofisika. Gure esku dauden teknologia guztiak erabiltzen ditugu, kontratatzen diguten erakundeen helburura ezin hobeto egokituta, nekazaritza-operadore bat, industria bat edo hiri-ingurune bat ez baitira gauza bera. Bakoitzak bere erronkak dauzka, eta horrenbestez, konponbide itxi bat eduki beharrean, erakunde bakoitzaren erronka eta helburuetara egokitzen dugu.
Ia hiru urte daramagu proiektu berri batean lanean; “Aquanano” deitzen diogu gure artean. Ura eskala nanometrikoan monitorizatzea du helburu, baita eskala azpinanometrikoan ere. 2023an, edateko uren zuzentarau berri bat izango dugu indarrean: horren arabera, Europar Batasunak zera eskatuko du, urak eduki behar ez dituen hormona jakin batzuk detektatu eta deuseztatzea. Eta guk espero dugu ur-kudeatzaile guztiei konponbide hori efizientziarekin eskaintzea.
L.K: Teknologia hori gure inguruneko enpresaren batean nola aplikatu den azalduko zeniguke?
J.G: Botilaratzeko makina baten adibidea jarriko dugu. Bere sektorean liderra izanik, 2019an ia 900 milioi euro fakturatu zituen multinazional batena da. Enpresa horrek bazuen lehendik laginketa bidezko prozesu bat, oso ongi kudeatua. Prozesua aztertu ondoren, ura prozesuan sartzeko puntuan sentsore bat jartzea proposatu genien, beren intereseko parametroak neurtzeko, eta parametro horiek segundoz segundo aztertzen dira orain. Dagoeneko ez da laginketa soil bat, uraren % 100 aztertzen baitugu, eta, horri esker, prozesua erabat kontrola dezakete, kalitatearen kontroleko betiko helburu idealarekin bat etorriz.
L.K: Zenbateraino eragiten digu uraren kudeaketa arduratsu eta efizienteak? Zein da jasangarritasunaren zeregina?
J.G: Nire ustez, gaur egun ez dago erakunde edo pertsona bat ere, jasangarri izateari uko egin diezaiokeenik. Urik gabe ez dago bizitzarik, ezta jarduera ekonomiko, sozial edo ingurumenekorik ere; beraz, orain artean egin duguna baino efizientzia nabarmen handiagoarekin kudeatu behar dugu ura, ezinbestean.
Guretzat, jasangarritasunak hiru abizen eduki ditu betidanik: Ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Gure aurkezpenetan erabili ohi dugun adibide bat azalduko dut jarraian: satelite bidezko irudi bat da, itsas uraren sarrera batera isurtzen diren ibai batzuetako eremuari buruzkoa, eta isurketa bat detektatu da bertan, zianobakteria mota bati elikagaia ematen diona. Isurketak elikatzeko aukera ematen dienez, zianobakterioak ugaldu egiten dira, eta hori ingurumen-osasunaren kaltetan doa, azalera horren azpiko landare- eta animalia-biomasari kalte egiten dion heinean. Eremu horretan, akuikultura dago zehazki. Munduko muskuilu-ekoizle nagusietako batzuk dira. Kutsatutako ur toxiko hori bateak dauden gunera iristen bada, produktua ez da jada kontsumorako egokia izango. Horrenbestez, ingurumen-arazo batek, osasun publikoko arazo bat ekar dezake, baina aldi berean, eremuko osasun ekonomikoan ere izan dezake inpaktua.
Hortaz, jasangarritasuna behar-beharrezkotzat jotzen dugu. Ura eta kudeatzen ditugun baliabide guztiak, askoz ere modu jasangarriago batean kudeatu behar ditugu.
L.K: Zure ustez, zein da uraren egungo egoera Euskadin?
J.G: Eusko Jaurlaritza eta beste zenbait erakunde lanean ari dira datozen urteetan egoera nola bilakatuko den aztertzeko, eta zenbait azterlan eta proiekzio dauzkagu horren erakusgarri. Zorionez, Euskadi aitzindaria da horrelako proiekzio eta sentsibilizazio-proiektuetan.
Kantitateari dagokionez, datorkigun egoeraren aurrean prestatu eta egokitu beharrean gaude, gero eta ur gutxiago edukiko dugula aintzat hartuta. Hobera goaz: biztanle bakoitzeko ur-kontsumoa jaisten ari da Euskadin, baina bide horretan jarraitu behar dugu aurrerantzean ere.
Kalitateri dagokionez, argi dago gure etxeetan kontsumitzen dugun urak egungo araudia betetzen duela. Baina exijentzia ere gero eta handiagoa izango da. Izan ere, 2023an edateko uren zuzentarau berri bat hasiko da indarrean, uretan oso kontzentrazio txikian dauden bi hormona identifikatu eta kentzeko eskatuko duena. "Gero eta kezkagarriagoak" diren substantzien zerrenda bat ere badago, bi urtean behin berrikusten dena, eta zoritxarrez, kostu efiziente batean azterketa etengabe bat egitea ahalbidetuko liguketen baliabideak ez dauzkagu eskura, gaurko egunean behintzat.
Kalitatean ondo gaude oro har, baina badago zer hobetu. Adibidez, ibaietan eta ur-masa jakin batzuetan zereginik badugu. Gure industria-iraganaren legatu historikoa hor dago, eta bertan jarraituko du denbora askoan. Lehenik eta behin, nola gauden jakin eta neurtu behar dugu, erabakiak garaiz hartu ahal izateko.
L.K: Zure ustez, zer erronkari egin beharko diete aurre enpresek, uraren kudeaketari dagokionez?
J.G: Lehenago aipatu dugun bezala, enpresetan oro har, urria izanik gero eta urriagoa izango den baliabide hori hobeto kudeatzea izango dugu erronka. Oso garrantzitsua izango da ekonomia zirkularra uraren kudeaketari aplikatzea. Aurreikuspenen arabera, uraren kostuak ere gora egingo du, Ur Esparruko zuzentarauak hala eskatzen duelako. Izan ere, Espainian eta Euskadin Europako tarifa txikienetako bat dugu, eta oinarria txikia da. Eta urteko emaitza-kontuetan eragin handiagoa badu, hobeto kudeatuko da, hori seguru.
Bestetik, zenbait prozesu eta sektoretan kalitatea funtsezkoa da: Esaterako, nekazaritzako elikagaien edo nekazaritzaren industrian, ur gutxiago izaki, arazketa-prozesu batetik eratorritako ura berrerabili beharrean bagaude, hobe dugu ur segurua dela eta erabil daitekeela ziurtatzea, bestela oker egingo genukeelako, ureztatze horretatik kanpo utzi behar den kutsadura erantsiko baikenuke.
Alderdi positiboei dagokienez, erronkak identifikatuta daudela eta erronka horiek lortzeko konponbide eta teknologiak dauzkagula iruditzen zait. Ia eragile guztiek ondo dakite horri heldu behar zaiola, eta berehala gainera. Epeak idatzita daude, eta gainean dauzkagu.
L.K: Zer mezu igorri nahi zenuke, amaitzeko?
J.G: Ura eta biodibertsitatea babestu behar dugula azpimarratu nahi nuke. Urik gabe, jarduerarik ez dago, ez ingurumenekorik, ez ekonomikorik, ez sozialik. Eta neurketak hasi zirenez geroztik, biodibertsitatea uretan galdu da batez ere. Termometro bat da hori, egiteko asko daukagunaren adierazlea. Uretako bizitza hiltzen ari da, eta horrek argi uzten du zer hobetu badugula eta egin dezakegula.
Nik jendeari sentsibleagoa izateko eskatuko nioke, eta neurketak egiteko. Neurketarik egin ezean, nola gauden jakiterik ez dugulako. Herritarrok ere badugu egiteko ugari; arduraz kontsumituz gero, ez dugu ura alferrik galduko. Dutxan denbora gutxiago egonez, adibidez. Kontsumitzen ditugun produktuek arrasto hidrikoa dute: zerbait zakarretara botatzen badugu kontsumitu ez dugulako, zenbait litro ur botatzen ari gara aldi berean.
Askoz ere kontzientzia handiagoarekin kudeatu behar dugu hori guztia. Eta hor hobe dugu datuak edukitzea, datu horiek gure erabakiak oinarri objektibo batekin gida ditzaten.
Zein da zure erreakzioa?