Jendearen kezka ekologiko nagusiak: hirietako kutsadura eta elikagaietako mikroplastikoak

Jendearen kezka ekologiko nagusiak: hirietako kutsadura eta elikagaietako mikroplastikoak

4 min.

Jendearen kezka ekologiko nagusiak: hirietako kutsadura eta elikagaietako mikroplastikoak

Ebidentzia zientifikoek duela asko utzi zituzten gauzak garbi: planeta tratatu dugun moduak arriskuan jarri du planeta bera, eta irtenbideak atzeratzeak are gehiago larriagotuko ditu arazoak.

Ingurumenarekin lotutako arazoek ez dituzte ekologistak bakarrik kezkatzen; agenda politikoetan daude, denoi interesatzen zaizkigu. Baina, zenbat dakigu ingurumenaren inguruan? Zer kezka ditugu? Hori jakiteko, Internetera jo dugu berriz ere, eta honako hau aurkitu dugu, 6.100 iritzi eta iruzkin baino gehiago aztertu ondoren.

Kezka ekologiko nagusiak

Zertaz hitz egiten dugu ekologiaz ari garenean?

Zein da gure kezka ekologikorik handiena? Zertaz hitz egiten dugu ingurumenaz eta ekologiaz ari garenean? Hiru gai hauetaz batik bat: hirietako kutsaduraz (% 27 kezkati dago horretaz), deforestazioaz (% 24) eta gehiegizko kontsumoaren ondorioez (% 23). Gai horien atzetik, nutrizioa (% 28) eta beste animalia-espezie batzuen desagerpena (% 9) daude.

Eta elikaduraz eta janari ekologikoaz hitz egiten dugunean?

Nutrizioaz hitz egiten dugunean, elikagaien bitartez irentsi ditzakegun mikroplastikoak dira kezka gehien sortzen digutenak (iruzkin guztien % 26tan aipatzen dira). Horiez gain, interes handia sortzen dute km0 politikaren ekoizpenak eta hedapenak (% 16), landare eta animalien manipulazio genetikoak (% 22), janariaren zaporerik ezak (% 19) eta elikagai jakin batzuen kontsumoak sor ditzakeen gaixotasunek (% 17).

Elikadurak eztabaida biziak eragiten ditu beti Interneten eta, ingurumenaren esparruan, horrek iritzi-desberdintasun handia sortzen du janari ekologikoaren inguruan. Haren defendatzaileek uste dute modu ekologikoan jateak nutrizioa hobetzen duela, ingurumenean laguntzen duela eta produktuen aniztasuna errazten duela. Janari ekologikoen kontrakoek, ordea, produktu garestiak direla uste dute, eta ez direla nahitaez osasuntsuagoak. Gainera, “eko” etiketek iruzur asko ezkuta ditzaketela uste dute, aterki bat eskaintzen baitie haien produktuak printzipio zientifiko egiaztatuetara atxiki gabe saldu nahi dituztenei.

Zer eskatzen diegu markei?

Produktu onak nahi ditugu, baina ez hori bakarrik. Enpresak gero eta gehiago epaitzen gaituzte gure balioengatik, gizartearekin harremanetan jartzeko dugun moduagatik. Eta horrek ingurumenaren zaintza hartzen du barne, jakina. Aztertutako iradokizunak egin dituzten pertsonek argi dute: % 37k kontuan izaten du aukeratzen dituen markek giza eskubideak errespetatu eta lanean, enpleguan eta osasunean jardunbide egokiak eragin behar dituztela. Ingurumenarekin lotutako gaiak dira bigarren kezkarik ohikoenak (% 29), eta beste bi gai garrantzitsu izango genituzke horien atzetik: legeak betetzea eta iruzurraren eta ustelkeriaren kontrako borroka (% 18); eta kontsumitzaileen eta horien interesen babesa (% 16).

Dena den, eta markaren balioek gidatzen gaituztela aitortu arren, azken erabakia hartzeko orduan prezioak pisu handia duela onartzen dute Interneteko erabiltzaile askok, eta jasangarritasuna oso gutxitan jartzen dutela ekonomiaren gainetik. Askoren ustez, solidarioa eta arduratsua izateko ezinbestekoa da erosteko ahalmen ona izatea. Halere, beste ekimen batzuen inguruan ere hitz egiten dute, hala nola kontsumo-kooperatiben inguruan, horiek aukera jasangarriagoak eskaintzen baitituzte, arrazoizko prezioetan.

Eta zuk zer egiten duzu ingurumenean laguntzeko?

Internet leku ezin hobea da esperientziak eta iritziak partekatzeko, baita bizitza jasangarriago bat izateko zer egin dezakegun jakiteko ere. Sarean egunerokotasunerako gomendio asko daude: garraiabide jasangarriak (garraio kolaboratiboak eta bizikleta, adibidez), etxeko nahiz hiriko baratzeak, eta elkarte edo mugimendu sozialetan parte hartzea, adibidez. Birziklatzea, elikadura-ohiturak aldatu eta janaria sasoiko elikagaiekin prestatzea, eta energia merkaturatzen duten enpresei gure eskubideak betearaztea ere gomendatzen da.

Hobeto eros dezakegu?

Gehienek baietz uste dute, inolako zalantzarik gabe. Kontsumo-ohiturei buruz hitz egiten duten erabiltzaileen % 68k bat egiten du erosteko orduan ondo pentsatu behar dela esatean. Iradokizunen artean, banaka egin daitezke horietako asko: eroste hutsagatik edo ohituragatik ez erostea (% 24), artikuluak zaintzea eta gutxiago erostea (% 22), sustatu nahi dugun merkataritza-mota aukeratzea (% 17), alderdi sozialak eta etikoak baloratzea (% 14), ingurumen-irizpideak kontuan izatea (% 12) eta bigarren eskuko objektuak erostea (% 11). Beste batzuek, berriz, ahalegin kolektiboa behar dute. Black Friday gisako mugimenduei, beherapenei edo Gabonetako erosketei boikot egiteaz hitz egiten da, adibidez.

Nola hezi nahi ditugu gure seme-alabak?

Interneten ekologiaz hitz egiten duten aita eta ama guztien erdiek baino gehiagok (% 58k) ingurumenarekiko balio arduratsuetan oinarritutako hezkuntza bat nahi dute beren seme-alabentzat, eta modu positiboan baloratzen dituzte balio horiek sendotuko dituzten jarduerak. Ontzat ematen dute, esaterako, landa-eremura irteera didaktikoak egitea eta horietan zuhaitz bat landatu edo konposta egitea (% 29), materialak birziklatu eta eskulanak egitea (% 27), sukaldaritza osasuntsuarekin eta elikagai ekologikoekin lotutako jarduerak gauzatzea (% 25) edo, pelikulen edo dokumentalen bitartez, balio ekosozialak helaraztea (% 19). Azken finean, beren seme-alabek txiki-txikitatik ingurumenarekiko errespetuzko ohiturak beregana ditzaten nahi dute.

Erabili edo berrerabili?

Zalantzarik gabe, bigarren aukera onuragarriagoa da ingurumenarentzat. Horregatik, erabiltzaileen % 30ek berrerabili egiten du normalean, oso bestelako eremuetan: sormena (% 24); etxe, taberna edo saltokien dekorazioa (% 22); jantzien edo bizikleten gisako objektuak zaharberritzea (% 21); plastikozko edo beirazko objektuen birziklatze industriala (% 18); eta eraikuntzaren sektorea (% 15). Berrerabilpenaren igoera dela-eta, izugarri areagotu dira bigarren eskuko arropa saltzen duten webguneak, baita ekonomia zirkularreko eta turismo jasangarriko ekimenak ere.

 

Gure azterketaren arabera, gero eta gehiago kezkatzen gaitu munduan uzten dugun arrasto ekologikoak. Ordezko energiak sustatuko dituen energia-eredua aldatzea edo neska-mutilentzako beste hezkuntza-programa batzuk nahi ditugu, birziklatzen edo energia aurrezten erakuts diezaieten. Ekimen horiek osatu egingo dituzte jendeak bere kasa egiten dituen beste gauza batzuk, hala nola erabili eta botatzeko produktuak saihestea, plastikozko poltsak ezabatzea, garraio publikoa erabiltzea edo alderdi politikoetako eta GKE-etako kide izatea. Beharrezkoak diren ekimen erabilgarri horiek arindu egiten dituzte aurrez aurre ditugun gairik premiazkoenak: ekosistemen suntsipena, kutsadura, natura kaltetzen duten materialak eta elikadurarekin lotutako ingurumen-arriskuak.

Garraioa, etxebizitza, hezkuntza, kultura… Jakin nahi duzu zer iritzi duen jendeak gai horien eta beste batzuen inguruan?

Noizean behin, LABORAL Kutxan azterketak egiten ditugu Interneten jasotako iritziekin, bizi garen gizarte honek nola arnasten duen jakin nahi dugulako eta hari ahalik eta zerbitzurik onena eman nahi diogulako.

Horrela, ikusi dugu banka-zerbitzu digitalen inguruko kexa gehienak ordainketa-ordutegiekin eta langilerik ezarekin lotuta daudela, kirol amateurra bakarrik eta aire zabalean egitea gogoko dugula eta familia-eredu berriek aurrez aurreko iritziak sortzen dituztela, baita guretzat etxebizitza ideala nolakoa den ere. Era berean, kontsumo-ondasun handien erosketei nola aurre egiten diegun, gure ohitura kulturalak zein diren, eta kotxeei edo Gabonetako opariei nahiz Gabon zaharreko ospakizunei buruz zer pentsatzen dugun jakin dugu. Garraioa, oporrak, hezkuntza… ez ditugu gai asko kanpoan utzi, eta denak eskura dituzu gure blogean, ilustrazioekin eta infografiekin lagunduta. Erabilgarriak izatea espero dugu. Horretarako gaude!


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Enpresaren erantzukizun soziala