Klimaren Mundu Eguna: nola birziklatu keinu txikiekin

Klimaren Mundu Eguna: nola birziklatu keinu txikiekin

3 min.

Klimaren Mundu Eguna: nola birziklatu keinu txikiekin

Martxoaren 26an Klimaren Mundu Eguna ospatuko da, NBEk Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko 1992ko Esparru Hitzarmenean aitortutako eguna, klimaren garrantziaz eta eraginaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, eta berotze globalak planeta osoan eragiten duen inpaktuaz ohartarazteko.

Gainera, egun horretan bertan Planetaren Ordua ospatuko da, World Wide Fund for Nature (WWF) erakundeak sustatu eta sortutako mundu mailako jarduera. Borondatezko itzalaldi elektriko bat izango da eta, horren bidez, ezinbestekoak ez diren argiak eta gailu elektrikoak ordubetez itzaltzeko eskatuko zaie etxeei eta enpresei. Ekintza sinboliko horrekin, klima-aldaketaren eta emisio kutsatzaileen aurrean neurriak hartzeko beharraz kontzientziatu nahi da gizartea, baita energia aurrezteaz eta argi-kutsadura murrizteaz ere. 2007an Sydney hirian (Australia) hasi ziren egintza hori egiten eta, pixkanaka, mundu osora hedatu da. Urtero bezala, LABORAL Kutxak ekimenean parte hartuko du, ekimenaren berri emanez eta langileak ekimenarekin bat egitera animatuz, ingurumenaren garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko harturiko konpromisoari jarraiki.

Murriztu, birziklatu eta berrerabili

Adituek ekologiaren hiru kontzeptu horien araua aplikatzea gomendatzen dute: murriztu, birziklatu eta berrerabili. Arau horren bidez, herritarrei eskatzen zaie beharrezkoak ez diren produktuen kontsumoa murriztea, ahal den guztietan materialak birziklatzea eta objektu zaharrak berrerabiltzea, horiei bizi berri bat emateko. LABORAL Kutxan hainbat modutara aplikatzen ditugu kontzeptu horiek.

 

  • Murriztu, Postamail zerbitzuarekin: Gaur egun, LABORAL Kutxako 217.000 bezerok posta elektronikoz jasotzen dituzte jakinarazpenak, eta ez postontzi fisikoaren bidez. Horrela, urtero milaka eskutitz ez inprimatzea eta bidaltzea lortzen dugu. Mota horretako neurriei esker, joan den urtean duela bost urte baino % 38 paper gutxiago erabili genuen. Adibide paradigmatiko horrek argi eta garbi islatzen du ingurumenari dagokionez arduratsua den zerbitzu bat, hobea izateaz gain, onuradunarentzat ere erosoagoa eta eraginkorragoa izan daitekeela. Horregatik, sistema hori gero eta bezero gehiagok erabil dezatela lortu nahi dugu.
  • Papera eta hornidurak birziklatzea: Berrerabiltzeko aukerarik ez dagoenean, bereizi eta birziklatu egiten dugu, paper-hondakinak, ekipamendu informatikoak, plastikoak, fluoreszenteak, pilak eta tonerrak modu egokian baztertzeko.
  • Ekipamendu informatikoak berrerabiltzea: Ekipamendu informatiko batzuk zaharkituta geratzen dira gure bulegoetan betetzen ditugun zereginetarako, baina guztiz erabilgarriak izaten jarraitzen dute; kasu horietan, gobernuz kanpoko erakundeei ematen dizkiegu, zerbitzua ematen jarrai dezaten.

Keinu txikiekin birziklatzeko gomendioak

Kontzientzia berdearekin hasi ginenetik zenbait urte igaro ondoren, birziklapena da gehien barneratu dugun kontzeptua. Garrantzitsua da jakitea edozein pertsonak birzikla dezakeela bere egunerokoan, baita gure etxeetako eguneroko lanetan ere, ekintza sinple batzuen bidez. Dena da lagungarria iraunkortasunarentzat. Adibidez ura, bizitzarako eta atsedenerako ezinbestekoa den ondasuna. Baliabide preziatu hori aurreztu dezakegu, esaterako, hortzak garbitzen edo eskuak xaboitzen ari garenean iturria ixten badugu. Era berean, dutxarekin ordezkatu behar dugu bainua, eta dutxak ere ahalik eta laburrena izan behar du, gehiegi luzatu gabe. Ontzi-garbigailura sartu aurretik, espartzu heze batekin platerrak zertxobait garbitzea komeni da, baita A edo A+ motako etxetresna elektrikoak aukeratzea ere, energia gutxiago kontsumitzen dutelako. Gainera, beteta egon arte itxaron behar dugu, haren erabilera optimizatzeko eta energia gutxiago kontsumitzeko, arropa-garbigailuarekin egiten dugun bezala.

Horrez gain, bonbillak kontsumo txikiko beste modelo batzuekin ordeztea eta beharrezkoak ez diren argiak itzaltzea gomendatzen da, baita etxetresna elektrikoak eta martxan ez dagoen beste edozein gailu ere, hala nola ordenagailua, telebista edo kontsola. Zentzuz eta modu arduratsuan erabili behar dugu energia, ekologiari eta etxeko ekonomiari laguntzeko. Ez jarri berogailua oso altu neguan eta aire girotua oso tenperatura baxuetan udan.

Plastikoen kontsumoa murrizteaz gain, birziklatzea da planeta zaintzeko modurik onenetako bat, eta ez du ahalegin eta denbora gehiegirik behar. Hasteko, hondakinak bereizteko zakarrontzi bereziak jar ditzakegu sukaldean edo terrazan (usain txarrik ez izateko), bakoitza kolore batekoa, hondakinak errazago bereizteko eta gero dagokion edukiontzira botatzeko: papera/kartoia, plastikoak/ontziak eta beira.

Klima-aldaketaren eta berotze globalaren aurkako borroka ez da beharrezkoa, ezinbestekoa baizik. Horregatik, LABORAL Kutxak tinko jarraitzen du ekologiari laguntzen, kutsadura eta aztarna energetikoa murrizteko. Iaz, Task Force on Climate-related Financial Disclosures (TCFD) estandarra oinarri duen lehen txostena egin zuen, klima-aldaketaren aurkako bere jarduna ezagutzera emateko.


Zein da zure erreakzioa?