Reciclanetekin lankidetzan, bigarren bizitza bat emango diegu gure ekipamendu informatikoei

Reciclanetekin lankidetzan, bigarren bizitza bat emango diegu gure ekipamendu informatikoei

3 min.

Reciclanetekin lankidetzan, bigarren bizitza bat emango diegu gure ekipamendu informatikoei

Ekoiztu-kontsumitu-bota eredu gupidagabeari jarraitzen dion ekonomia linealaren biktima nabarmenak dira elektronika eta informatika. NBEren Global E-Waste Monitor 2020 txostenaren arabera, 2019an 53,6 milioi tona zabor elektroniko sortu ziren munduan, hau da, 7 kilo hondakin pertsona bakoitzeko. Kontsumismo horrek planetaren jasangarritasunari dakarzkion ondorio larriez gain, hondakinek kalte handiak eragiten dituzte ingurumenean eta pertsonen osasunean.

Eredu horren aurrean, LABORAL Kutxan apustu garbia egin dugu ekonomia zirkularraren, ingurumen-jasangarritasunaren eta bizi-ohitura osasungarrien alde. Balio horiek gure DNAn ditugu, eta gure eguneroko jardueran txertatu ditugu. Horregatik, bide horretan aurrerapausoa ematea erabaki dugu eta akordioa egin dugu Reciclanet elkartearekin, gure bulego eta egoitzetan baztertzen ditugun material eta ekipamendu informatikoak berreskuratu eta berrerabiltzeko. Hitzarmen horren bidez, LABORAL Kutxak erabiltzen ez dituen ekipamenduak emango dizkio talde ekologistari, eta horrek bilketa planifikatua eta gaikakoa egingo du. Hala, materiala ez da zabortegietan pilatuko eta hondakinak egoki kudeatuko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera.

Joan den abenduaren 23an eman genuen lehen pausoa, Reciclaneti lehenengo 490 ordenagailuak emanda. Baina gure helburua handiagoa da: akordio egonkor eta iraunkorra finkatu nahi dugu, ekipamenduei bigarren bizitza bat eman eta elkarteetan, egoitzetan eta abarretan horiek erabiltzeko aukera izan dezaten. Modu horretan, materialaren balio-bizitzaren zikloa luzatzearekin batera, gizarteko eten digitala txikiagotzea lortuko dugu, kolektibo behartsuei eta baliabiderik ez dutenei ekarpena eginez. Arrazoi hori tarteko, gutxienez datozen bi urteetan indarrean egongo den lankidetza-hitzarmena sinatzea erabaki dugu.

Akordioaren arabera, Reciclanetek ahalik eta material eta ekipamendu informatikorik gehien bilduko du LABORAL Kutxatik, horietako datuak ezabatuko egingo ditu software librea erabiliz eta, ondoren, banatu egingo ditu, beste erabiltzaile batzuek berrerabil ditzaten. Ekipamenduak erosteko baliabiderik ez duten taldeek eta partikularrek eskuratu ahal izango dituzte, eta berrerabili ezin den materiala birziklatzera bideratuko da zuzenean.

LABORAL Kutxak urte asko daramatza jasangarritasunaren alde apustu egiten, eta hala jasota dago 2019ko txostenaren laburpenean. 2022rako ingurumen-estrategiaren barruan, iraunkortasuneko 10 helburu finkatu ditugu. Horietan hainbat ekintza daude aurreikusita, hala nola atmosferara egiten dugun CO2 isurpena % 75 murriztea, gure irabazietatik 75 milioi euro gizartera bideratzea eta hornitzaileen % 40, gutxienez, hurbilekoa izatea.

LABORAL Kutxak iraunkortasunarekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin duen konpromisoa egiaztatzen duten neurriak dira.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Jasangarritasuna