Koronabirusa eta munduko ekonomian duen eragina
2020-04-08
Koronabirusa eta munduko ekonomian duen eragina
Covid-19ak aurrekaririk gabeko osasun krisia eragin du, eta mundu osoan milaka pertsona hil dira haren ondorioz. Hala ere, koronabirusaren sintomak ez dira munduko biztanleen osasunean soilik agertu: ekonomia globalean duen eragina bereziki handia izaten ari da.
Lehen kasua antzeman zenetik hiru hilabete baino gehiago igaro ondoren, inor ez da ausartzen esatera zein izango diren krisi honen behin betiko ondorioak. Jarduera-multzo txiki bat izan ezik (besteak beste, osasungintza, telekomunikazioak eta elikadura), sektore ekonomiko gehienak ondorioak jasaten ari dira, zuzenean edo zeharka.
2008koa baino atzeraldi handiagoa
Nazioarteko erakunde ekonomikorik handienetako bik, Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak, dagoeneko baieztatu dute Covid-19aren hedapenak sortutako egoerak 2008ko finantza-krisiak sortutakoak baino atzeraldi handiagoa eragingo duela.Atzeraldi hori zifren bidez adieraz daiteke, Europan behintzat: Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) Europako zuzendari Poul Thomsenek ohartarazi du berrogeialdi ekonomikoko hilabete bakoitzean urteko BPGa % 3 murriztuko dela.«Europako ekonomia nagusietan, funtsezkoak ez diren zerbitzuak, dekretu bidez itxitakoak, ekoizpenaren herena inguru dira. Horrek esan nahi du, sektore horiek itxita dauden hilabete bakoitzeko, urteko barne-produktu gordinak (BPG) % 3ko beherakada izango duela», azaldu zuen.
ABEEE-ek 50.000 langileri eragin diete Euskadin
Europako hainbat herrialdetan funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak geldiaraztearen ondorioez ari zen NDFko buruzagia. Erabaki horren eta osasun-agintariek ezarritako konfinamendu-neurrien ondorioz, industria-ekoizpena eta lan-jarduera eten eta jaitsi egin dira; hortaz, langabeziak bat-bateko gorakada izan du.Euskadin, martxoaren amaierara arte, aldi baterako enplegu-erregulazioko 7.300 espediente inguru aurkeztu dira, 50.000 langile ingururi eragin dietenak. Oro har, enpresek honako arrazoi hauek eman dituzte ABEEE horiek aurkeztean:
- Administrazioak ezarritako ixteko betebeharra (dendak, tabernak, jatetxeak eta abar).
- Bezerorik ez egotea, nahitaezko konfinamenduaren ondorioz.
- Hornidurarik eza, ekoizpen-geldialdien edo arazo logistikoen ondorioz.
- Birusaren hedapena enpresako langileen artean.
Euskadin COVID-19 mailegu-lerroa jarri da martxan. Finantzaketa horren helburua da datozen 6 hiletako gastu finkoak estaltzea: langile-gastuak, zergak, kanpoko zerbitzuak, amortizazioak eta finantza-gastuak. Eusko Jaurlaritzak abalatuko ditu maileguak, zeroko kostuan eta bost urtera, gabealdiko urte batekin.
Guztira 25 milioi langabe egon daitezke munduan
Adituek krisi hau aldi baterako dela adierazi arren, zalantza asko daude. Hona hemen zalantza nagusiak: Zenbat iraungo du? Gai izango dira ekoizpen-ehuna, enpresak eta, oro har, ekonomia hori jasateko?Oraingoz, Lanaren Nazioarteko Erakundea (LANE) pandemiak munduko langileengan izango duen eragina aztertzen ari da, eta hainbat agertoki aurreikusi ditu. LANEren azken aurreikuspenen arabera, Covid-19ak eragindako krisiak 5 eta 25 milioi pertsona arteko langabezia-tasa eragin dezake mundu osoan. LANEren iritziz, marjina hori herrialdeek osasun-krisiaren aurkako borrokan duten koordinazio-mailaren araberakoa izango da; zenbat eta handiagoa izan koordinazio-maila, orduan eta txikiagoa izango da marjina.
Erakundeak inpaktu hori arintzeko proposatzen dituen ekintzen artean, honako hauek daude: babes sozialerako neurriak; enpleguari eusten laguntzeko neurriak, lanaldi-murrizketen edo ordaindutako oporren bidez; eta finantza-laguntzak eta zerga-desgrabazioak, bereziki mikroenpresei eta ETE-ei.
Inpaktua burtsan
Burtsa da Covid-19aren hedapenak eragindako krisia gehien jasan duen beste sektore bat. Pandemia hasi zenetik martxoaren amaierara bitartean, nazioarteko burtsa-indize handietako hiruk behera egin dute; hain zuzen, New Yorkeko Dow Jones, Tokioko Nikkei eta Londresko FTSE indizeek % 22, % 16 eta % 26 inguruko beherakadak izan dituzte, hurrenez hurren. Ibex 35 indizearen beherakada % 22 ingurukoa izan da joan den otsailaz geroztik. Zifra horiek aditzera ematen digute koronabirusa zer den eta munduko ekonomian zer eragin duen.Txina bere onera etortzen hasi da
Txina izan zen Covid-19aren ondorioak jasan zituen lehen herrialdea, eta susperraldiaren fasean dago dagoeneko. Baina lehen adierazle ekonomikoek honako hau adierazten dute:- Urteko lehen bi hilabeteetan, % 13,5 jaitsi da industria-ekoizpena urtetik urtera; azken 30 urteetako erregistrorik txarrena izan da.
- 2019ko datuekin alderatuta, txikizkako salmenten beherakada % 20,5ekoa izan da. Funtsezko datua da hori, munduko bigarren ekonomiarik handienaren barne-kontsumoa ezagutzeko.
- Langabezia %1 handitu da. Oso kopuru handia da, langabezia-tasa % 6,2 ingurukoa dela kontuan hartuz gero.
Zein da zure erreakzioa?