LABORAL Kutxak TCFD estandarrarekin egindako lehen txostena burutu du, klima aldaketaren inguruko bere jarduna erakusteko

LABORAL Kutxak TCFD estandarrarekin egindako lehen txostena burutu du, klima aldaketaren inguruko bere jarduna erakusteko

3 min.

LABORAL Kutxak TCFD estandarrarekin egindako lehen txostena burutu du, klima aldaketaren inguruko bere jarduna erakusteko

Klima-aldaketa mehatxu globala da, ez planetaren jasangarritasunerako soilik, baita ekonomia osorako ere. Lurraren tenperaturaren pixkanakako igoerak eta hondamen naturalen segidak itzelezko galera ekonomikoak eragiten dizkiete enpresa-erakundeei, eta benetako mehatxua dira azpiegituretarako eta, oro har, jarduera ekonomiko globalerako. Horregatik, gero eta enpresa gehiagok erabakitzen du gobernuekin eta nazioarteko erakundeekin indarrak batzea, karbono-aztarna eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten eta haien eguneroko jardunean ingurumenarekiko errespetua sustatzen lagunduko duten neurriak hartzeko.

Zer esan nahi dute TCFD siglek?

Finantza Egonkortasuneko Kontseilua (FSB, Financial Stability Board) nazioarteko finantza-sistemari eraginkortasuna eta egonkortasuna emateko 2009an sortutako organismoa da, eta Task Force on Climate-related Financial Disclosures (TCFD) deritzon lan-talde bat du, Klima-aldaketarekin lotutako arrisku fisikoak eta trantsiziokoak aztertzeko. Lan-talde horrek egiten duen lana oso garrantzitsua da enpresek behar bezala ebalua eta administra ditzaten klimarekin zerikusia duten gorabeherak, eta, horrela, klima-aldaketaren ondoriozko arriskuak arindu ditzaten beren erakundeetan. Bi eratako klima-inpaktuei aurre egin behar izaten diete enpresek:

  • Trantsiziokoei. Ikatz gutxiko ekonomia bateranzko trantsizioan sortzen diren arrisku eta aukerak islatzen ditu; adibidez, lege-murrizketak edo merkatu-joeretan gertatzen diren aldaketak.
  • Fisikoei. Aktibo finantzarioen balioan eragina duten muturreko fenomeno meteorologikoek sorturikoak dira.

2017ko ekainean, TCFD lan-taldeak zenbait gomendio argitaratu zituen, inbertitzaileek hobeto uler zezaten klima-arriskuek enpresetan duten inpaktua eta klima-aldaketaren ondoriozko shock finantzarioaren arriskua murrizteko ekonomian. Informazio hori funtsezkoa da inbertitzaileek beren inbertsioen inguruko erabakirik helduenak hartu eta epe laburrerako, ertainerako eta luzerako ebaluazioak egin ahal izan ditzaten.

LABORAL Kutxak beste urrats bat eman du

LABORAK Kutxak beste urrats bat eman du jasangarritasunarekin duen konpromisoan; TCFD estandarrarekin egindako lehen txostena aurkeztu du, entitateak klima-aldaketarekin zerikusi zuzena duten lau parametrotan egin dituen aurrerapenak jasotzen dituena: hots, gobernantzan, estrategian, arriskuaren gestioan eta neurkeretan.

Gobernantza

Atal honen asmoa da klimarekin zerikusia duten arriskuak eta aukerak ebaluatzeko entitateak duen gobernu-eredua ezagutaraztea. LABORAL Kutxaren kasuan, Arriskuen Batzordeak ematen dio Errektore Kontseiluari arrisku garrantzitsu guztien gestioari eta ikuskapenari buruzko aholkularitza-zerbitzua, eta azken organo hori arduratzen da entitateak jasangarritasunaren arloan egiten dituen ekintzak ikuskatzeaz. LABORAL Kutxaren Ingurumen Batzordeak, berriz, entitateari eragiten dioten ingurumen-arriskuak eta -aukerak aztertzen ditu (ingurumen-programaren eta ISO 14001 ziurtagiriaren esparrukoak). Aurtengo ekitaldiari dagokionez, klima-aldaketarekin zerikusia duten arriskuen eta aukeren analisia egitea aurreikusten du LABORAL Kutxak, bai eta jardueraren inpaktuen ebaluazioa ere, Nazio Batuen Banku Arduratsuen Printzipioen sinatzaile gisa bere gain hartu baitzituen konpromiso horiek.

Estrategia

Atal honen helburua da klimarekin lotutako arriskuek eta aukerek enpresaren negozioetan, estrategian eta finantza-plangintzan nola eragiten dute erakustea. Gomendio horri erantzuteko, erregai fosilen aurrean duen esposizioaren kalkulua jaso du LABORAL Kutxak Jasangarritasun Txostenean; finantza jasangarriei buruzko Nazioarteko Analista Finantzarioen prestakuntza programa batean sartu ditu entitateko arduradunetako batzuk, klimarekin zerikusia duten arriskuen eta aukeren gaiari heltzeko; entitateak 2020-2022 aldirako bere estrategiaren elementu gisa txertatu du jasangarritasuna, eta hamar bat helburu zehatz ezarri ditu, besteak beste. Aurten, inpaktuen analisia jasoko duen finantza jasangarrien estrategia bat osatzeko asmoa du entitateak, eta langileen artean finantza jasangarriei buruzko 10 orduko prestakuntza-plan bat ezartzea, klimarekin lotutako arriskuak eta aukerak barne hartuko dituena.

Arriskuaren kudeaketa

Klimarekin zerikusia duten arriskuak identifikatu, ebaluatu eta gestionatzeko, azterketa-taldeak proposatzen duen bezala, LABORAL Kutxak enpresa-eragiketen finantzazioaren ingurumen-arriskuak kontrolatzeko prozedura bat jarri du abian, eta hipotekatutako etxebizitzen energia-kalifikazioa erregistratzeko eta finantzatzen dituen ibilgailuek erabiltzen duten erregaia erregistratzeko metodoa hobetu du. ISO14001 ingurumen-ziurtagiriaren esparruan egiten du erakundeak arriskuen eta aukeren analisia, eta bere finantzazio- eta inbertsio-eragiketetarako baztertze-irizpideak ezarri ditu. Horrez gain, ekitaldi honetan, Banku Arduratsuen printzipioan jasotzen diren konpromisoak garatzea du helburu, eta inbertsioan ingurumen-arriskuak integratzeari buruzko arau guztiak ezartzea.

Neurkerak eta helburuak

LABORAL Kutxak energia berriztagarrietarako mailegatu duen finantzazioari buruzko datuak jaso ditu Jasangarritasun Txostenean, eta jakinarazi du karbono-aztarnaren % 83ko murrizpena lortu dela energia-iturri berriztagarrien erabilerari esker. Bestalde, 2021. urtean, klima-arriskuak txertatzen jarraituko du LABORAL Kutxak eta, epe luzera begira, zorroaren esposizioa eta emisioak murrizteko helburua ezartzeko aukera aztertuko du. LABORAL Kutxak gomendio horiek betetzeak erakusten du entitateak klima-aldaketari aurre egiteko duen konpromisoa eta tartean dauden eragile guztientzako eraginkorra izango den emaitza-esparru fidagarri, eraginkor eta alderagarri bat ezartzeko konpromisoa.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Jasangarritasuna