LABORAL Kutxan ingurumenaren alde egiten duguna

LABORAL Kutxan ingurumenaren alde egiten duguna

3 min.

LABORAL Kutxan ingurumenaren alde egiten duguna

LABORAL Kutxan badakigu klima-aldaketaren aurkako borroka dela gizateriak inoiz aurrean izan duen erronka handienetako bat. Horregatik, Nazio Batuen Erakundeak sustatutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak eta Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak betetzeko konpromisoa hartu dugu, eta gure egoitza nagusian egin dugun zaharberritzea eredugarria izan da jasangarritasunari dagokionez. Gure ingurumen-politika erantzukizunean eta ingurumenaren zaintzan oinarrituta dago. Gehiago jakin nahi duzu? Azalduko dizugu. 

Etengabeko hobekuntza da gure helburua

Etengabe hobetzea. Horixe da gure ingurumen-politikaren helburua. Gure ingurunea babestu nahi dugu, eta edozein kutsadura-motari aurrea hartzeko lan egin. Gure lantoki guztietan aplikatzen dira entitatearen politika orokorrak, eta gure langileak ingurumen-gaietan trebatuta eta motibatuta egon daitezen ahalegintzen gara. Hondakinak ahalik eta gehien murrizteko politika dugu, eta lankidetzan ari gara interes-taldeekin, enpresa hornitzaileekin eta kontratistekin, ingurumena zaintzeko eta ildo hori bultzatzeko. 

Bat egin dugu Garapen Iraunkorrerako Helburuekin

2016an, Nazio Batuek Garapen Iraunkorrerako 17 helburu finkatu zituzten, era guztietako enpresa eta erakundeentzat, honako erronka honekin bat egin nahi zutenentzat: pobrezia desagerraraztea, planeta babestea eta pertsona guztiak bakean eta oparotasunean bizi daitezen ahalegintzea. Erronkarekin bat egiteko xedearekin, LABORAL Kutxan NBEren helburuak aztertu genituen, kalifikatu egin genituen entitatearen barruan bakoitzak duen garrantzia finkatze aldera, eta horiek lortzeko ekintza-lerroak erabaki genituen. Garrantzitsuenak honako hauek dira:
  • Energia garbiei eta energia-efizientziari lotutako proiektuak finantzatzeko hitzarmenak lotzen jarraitzea.
  • Gizarte-onura dakarten produktu eta zerbitzuak eta inbertsio sozialki arduratsuak bultzatzea.
  • Bertako nekazaritzako elikagaien sektorearen aldeko babesa areagotuko dugu eta finantza- eta aseguru-bazterketa saihesteko ahaleginari eutsiko diogu. 
  • Enpresa osasungarriaren kontzeptua jorratzeko lan egingo dugu; era berean, gizartearen finantza- eta aseguru-hezkuntza landuko dugu. 
  • Enpresa-sustapenera eta -berrikuntzara bideratzea kreditu-inbertsioa.
  • Gure instalazioetan eta lantokietan energia-efizientzia hobetzeko inbertsioak egitea, gure egoitza nagusia berritzean, adibidez; isurien bolumena murriztuko dugu, baita kontsumoak eta hondakinak ere. 
  • Gainera, teknologia berrien erabilera sustatuko dugu ibilgailuen erabilera gutxitzeko; garraio iraunkorra bultzatuko dugu eta istripuak gutxitzearen alde egin. Izan ere, Iraunkortasunaren aldeko Euskal Enpresen Elkarteko (IZAITEko) partaide gara. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta Garapen Iraunkorrarekin eta Gizarte Erantzukizun Korporatiboarekin konprometitutako enpresa pribatuak biltzen ditu. 

Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioen sortzaile gara

2019ko irailean, mundu zabaleko bankuek eta finantza-erakundeek, tartean LABORAL Kutxak, Banku-jarduera Arduratsuaren 6 Printzipioak sinatu genituen Nazio Batuen Erakundearen egoitzan (New Yorken). Printzipioen sustatzailea Nazio Batuen UNEP FI finantza-agentzia izan zen. Ekimen global horren babesleak gara, beraz. Ekimenak printzipio argi eta garden batzuk finkatzen ditu, banku-erakundeek finantza-krisialdian galdutako konfiantza berreskura dezaten. 

Zertara behartzen gaituzte printzipio horiek?

  • Gure estrategia komertziala Garapen Iraunkorreko Helburuekin, Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Hitzarmenarekin eta estatuetako eta eskualdeetako esparruekin lerrokatzera.
  • Gure eragin positiboak handitzera eta negatiboak txikitzera, eta gure jarduera, produktu eta zerbitzuen bidez pertsonentzat eta ingurumenarentzat sortzen ditugun arriskuak kudeatzera. 
  • Arduraz jardutera geure bezero eta kontsumitzaileekin, jardunbide jasangarriak sustatzeko eta oraingo zein geroko belaunaldientzako aberastasun partekatua ekarriko duten jarduera ekonomikoak ahalbidetzeko. 
  • Alderdi interesdunekin parte hartu eta lankidetzan jardutera, modu proaktiboan eta arduratsuan, gizartearen helburuak betetzeko.
  • Printzipio horiekin hartutako konpromisoak gobernu eraginkorraren eta banku-kultura arduratsuaren bidez betetzera, anbizioa eta erantzukizuna erakutsiz gure eraginik handienekin lotutako helburu publikoak finkatzean.
  • Printzipio hauen ezarpen indibidual eta kolektiboa aldian behin berrikustera, eta gardenak eta arduratsuak izatera geure eragin positibo eta negatiboetan eta gizartearen helburuak betetzeko egiten dugun ekarpenean.
Printzipio horiek izenpetzean, ekintza- eta aurrerapen-helburuak finkatzeko konpromisoa hartu dugu. Helburu horiek Nazio Batuek ikuskatuko dituzte. Halaber, gure aurrerapenen berri emateko txosten publikoa landu beharko dugu, enpresaren erantzukizun sozialeko txostenekin egiten dugun bezala. Gure egoitza nagusia, ingurumen-lorpen handiaIngurumenak kezkatzen gaituenez, aitzindariak izan gara finantza-sektorean gure egoitza nagusiko eraikinetarako Ingurumena Gestionatzeko Sistemarekin. Sistema horrek ISO 14001: 2015 Arauari jarraitzen dio, eta AENOR erakundeak ziurtatu du. Zein da horren emaitza? Duela pare bat urte burutu genituen zaharberritze-lanetan isolamendu termikoa hobetu genuen, argi fluoreszenteen ordez LED luminariak jarri genituen —unean uneko argi naturalaren arabera automatikoki egokitzen direnak—, eta geotermia eta biomasa uztartzen dituen klimatizazio-sistema mistoa ezarri genuen. Hala, udan, energia geotermikoa besterik ez da behar eraikina hozteko, 200 kW-ko bi bero-ponpa, hain zuzen. Ponpek, gas hozgarriaren bidez, eraikina hozteko moduko tenperaturan jartzen dute ura. Neguan, berriz, berokuntzak behar duen energia-ekarpen osagarria lortzeko, bertako pinu-zurezko ezpalekin elikatzen den biomasako galdara bat erabiltzen da. Gehiago jakin nahi al duzu? Gure ingurumen-portaerari buruz zalantzaren bat baduzu edo jasangarritasunaren inguruko iradokizunen bat egin nahi badiguzu, jakinarazi egiguzu. Hasieran esan dizugunez, gure helburua hobetzen jarraitzea da, eta gauzak egiteko beste modu bat badela erakustea.


Zein da zure erreakzioa?