LABORAL Kutxan klima-aldaketa eta jasangarritasuna uztartzen ditugu arriskuen balorazioan
2022-09-26
LABORAL Kutxan klima-aldaketa eta jasangarritasuna uztartzen ditugu arriskuen balorazioan
Ingurumenarekin, gizartearekin eta gobernantzarekin lotutako irizpideak gehitu dizkiegu arriskua balioesteko ohiko irizpideei, hau da, enpresen ondare-egoera edo finantza-egoera.
Fundazio-konpromiso bat da jasangarritasuna LABORAL Kutxarentzat. Beti arduratu gara kudeaketa etikoaz eta gobernu on korporatiboaz, ingurumenaren babesaz eta gure jarduerak gizartean duen inpaktuaz. NBEren Banka Arduratsuaren Printzipioen erakunde fundatzailetako bat izan ginen, Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko konpromisoa daukagu eta urteak daramatzagu jada normalean azterketa finantzario hutsaren esparrutik kanpo geratu diren jasangarritasun-irizpideak integratuz.
Erabat gardenak izan nahi dugu LABORAL Kutxan bizi garen gizartearekin. Horregatik kontatu nahi diguzu zertan dautzan irizpide horiek eta nola neurtzen ditugun, zu gure webgune korporatiboan sartzera eta gure jasangarritasun-politik irakurtzera gonbidatzeaz gain. Gure helburua da gure bezeroek gure konpromisoa ezagutu dezatela beren espektatibekin eta beren balioekin zenbateraino uztartzen den balioetsi dezaten.
Enpresen arriskua balioestea ingurumen-arriskua kontuan izanda
Arriskua Kalifikatzeko Agentziek finantza-erakundeek hartu dituzten betebeharrei ez erantzuteko dagoen probabilitatea neurtzeko erakunde horien jarduera aztertzean egiten duten bezala –Fitch agentziaz ari gara adibidez, urteak baitaramatza gehieneko kalifikazio posibleak emanez LABORAL Kutxari-, enpresetan egiten ditugun inbertsioei lotutako arriskuak balioetsi eta kudeatu behar ditugu bankuek.
Prozesu konplexua da enpresen kudeaketaren azterketa, eta normalean beste zenbait gai izan ditu kontuan, hala nola ondare-egoera edo finantza-egoera. Klima-larrialdiaz eta finantza jasangarriez arduratzen garen erakundeek apurka-apurka beste gai batzuekin osatu nahi ditugu arlo horiek, hala nola ingurumenarekin, gizartearekin eta gobernantzarekin lotutakoekin, enpresa-arriskua balioesteko, ahaztu gabe une honetan ez dagoela gizartearentzat klima-aldaketa baino arrisku handiagorik, eta gu guztion erantzukizuna dela horri aurre egitea.
IGG arloko irizpideak integratzea: Ingurumenaren, Gizartearen eta Gobernantzaren arlokoak
Hiru talde handitan sailkatzen dira arriskuaren ohiko azterketatik kanpo geratzen ziren jasangarritasun-irizpideak. Ingumen (I), Gizarte (G) eta Gobernantza (G) arlokoak, eta horregatik deitzen zaie IGG irizpideak.
- Ingurumen-irizpide edo ingurumen-faktoreak: Enpresen ingurumen-inpaktua hartzen dute ardatz, baita konpainiek kutsadura-mailak edo karbono-emisioak murrizteko egindako ahaleginak ere. Enpresek berotegi-efektuko emisioak murrizteko, biodibertsitate-galera geldiarazteko, beren energia-efizientzia hobetzeko edo beren hondakinak kudeatzeko zer egiten duten jakin nahi da.
- Gizarte-irizpide edo gizarte-faktoreak: Hau da, eskubideei, ongizateari, eta pertsonen eta erkidegoen interesei buruzko gaiak. Zer neurritan diren exijenteak giza eskubideen errespetuarekin, zer lan-estandar aplikatzen dituzten, zer politika konkretu dituzten haurren esplotazioko egoerak edo bortxazko lanak gertatzen ez direla ziurtatzeko, zer harreman dituzten tokiko erkidegoekin edo eremu gatazkatsuetako jarduerak, eta zer politika abiarazi dituzten gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko.
- Gobernantza-irizpideak: Egiturarekin, barne-egiturarekin, lidergoarekin eta erakundearekin zerikusia duen guztia sartuko litzateke talde honetan. Hainbat gai, hala nola ordainsarien politika, akziodunen eskubideak –figura hori baldin badute–, erabakiak hartzeko prozesua, emakumeek zer presentzia duten zuzendaritza-postuetan, erakundearen funtzionamenduan zer irizpide etiko aplikatzen diren, ustelkeria saihesteko zer egiten den, eta informazioa zer gardentasun-mailarekin kudeatzen den.
Gizartearentzat eta gure bezeroentzat abantailak dituen inbertsioen politika bat
Ohiko finantza-egiturarako azterketaren neurri osagarri gisa, IGG arriskuen integrazioak aktiboei buruz informazio gehiago lortzea ahalbidetzen du, eta inbertsioei lotutako arriskuak hobeto kudeatzea. Arriskuak hobeto kontrolatzean errazagoa da inbertsio-aukera berriak identifikatzea, eta epe luzera balio handiagoa ematea gure bezeroei.
Nola aplikatzen dira IGG irizpideak?
Lehenik, LABORAL Kutxaren aholkularitza-zerbitzuak balizko arrisku bat inplikatzen duten eta inbertsioen errentagarritasunaren gain inpaktua izan dezaketen IGG faktoreak identifikatzen ditu, arriskua balioesteko irizpideak egokitzeko eta irizpide horiek arriskuen ohiko baloraziora gehitzeko.
IGG irizpideen integrazio-eredua hiru zutabetan oinarritzen da: informazioa jasotzea, balorazioa eta ebaluazioa edo jarraipena.
- Informazio guztia jasotzea: LABORAL Kutxak informazio espezifikoa jasotzen du IGG faktore eta arriskuei buruz datu espezializatuen hornitzaileen bidez. Informazio kualitatiboarekin osatzen dira izaera kuantitatiboagokoak diren datu hauek. Erabilitako informazioa desberdina izan daiteke aztergai den aktiboaren tipologiaren arabera: akzioak, errenta finko korporatiboa, zor publikoa, eta abar.
- Arrisku-irizpideak balioestea: Ohiko finantza-azterketarekin batera eta inbertsio-erabakiak hartu aurretik edo bezeroei gomendioak egin aurretik, informazio-iturri guztiak kontuan hartzen eta balioesten ditugu IGG faktore eta arriskuei buruz.
- Jarraipen- eta kontrol-sistema: Beste edozein erabakitan bezala, erabakitzen jakitea bezain garrantzitsua da hartu dugun erabakia ebaluatzen jakitea. Hori horrela, gure ereduaren hirugarren ardatza epe luzerako inbertsioaren bilakaeraren jarraipena da. Zeregin konkretu batzuk eta zeregin horiek egikaritzeko arloak identifikatzearen bidez egituratzen da jarraipen hori, inbertsioak hautatzeko ezarritako irizpideekiko desbideratze posibleak aldian behin identifikatzeko, aztertzeko eta kudeatzeko.
Zein da zure erreakzioa?