Lan egiten duzun bitartean denborarik ez galtzeko 3 aplikazio
2015-06-08
Lan egiten duzun bitartean denborarik ez galtzeko 3 aplikazio
Zer egin dut gaur? Zergatik sentitzen dut lanean ordu asko igaro ditudala, baina ezer aurreratu ez dudala? Benetan errentagarria ote da proiektu hau? Sartu beharko nituzkeen ordu guztiak sartu ditut aurrekontuan? Autonomoa bazara eta zerbitzuak eskaintzen lan egiten baduzu, behin baino gehiagotan egingo zenituen galdera horiek, inork baino hobeto baitakizu zure negozioaren arrakasta denboraren gestio egokian oinarritzen dela. Norbere konturako langileak garen heinean, proiektu eta bezero errentagarrienak zein diren neurtu behar dugu eta gauzak hobeto planifikatu behar ditugu, laneko denbora eta aisialdia bereizteko. Baina hori ez da horren sinplea, etxetik lan egiten dugunean batez ere.
Zorionez, gero eta smartphone- edo web-aplikazio gehiago daude gure denbora eta eginkizunak neurtzen laguntzeko. Post honen bidez, denbora kontatzeko 3 aplikazio aurkezten dizkizuegu. Horiek erabilgarriak izango zaizkizu zure eginkizunak kronometratu, produktibitatea hobetu eta aurrekontua modu egokiagoan egiteko.
Toggl zure denbora nahiz talde bereko hainbat pertsonaren denbora neurtzeko oso aplikazio egokia da. Haren funtzionamendua oso erraza da, eginkizunaren izena idatzi eta kontagailua martxan jarri besterik ez baita egin behar zenbat denbora behar dugun kronometratzeko. Dena den, denbora eskuz sar dezakegu kronometroa martxan jartzea ahaztu bazaigu edo geroago txertatu nahi dugun eginkizunen bat badugu, hura erregistratuta gera dadin (kanpoko bilerak, adibidez). Gainera, eginkizunak proiektuen eta bezeroen arabera multzoka ditzakegu, gure jardueraren txosten xehatuak lortzeko.iPhone, Android, Windows, MacOS eta Linuxerako deskarga daiteke eta online bertsio bat du, edozein nabigatzailetik sartu ahal izateko. Gainera, beste produktibitate-aplikazio batzuetara konekta daiteke, Trello edo Google Docs aplikazioetara adibidez, Chrome nabigatzailerako osagarriaren bitartez.
Toggl aplikazioak guztiz funtzionala den doako bertsio bat du eta, hura erabili ahal izateko, gure taldeak 5 pertsona izan behar ditu gehienez ere. Pro bertsioan, muga hori desagertu egiten da hilean 5 dolar ordainduz gero, eta, estra gisa, aldez aurretiko denboraren balioespen bat eta ordu edo eginkizun bakoitzaren prezioa gehi ditzakegu, tresna erabiliz zenbateko aurrekontua egin behar dugun kalkulatzeko.
Goiz osoa ordenagailuaren aurrean igaro duzu eta eginkizunak ia ezer aurreratu gabe bazkaltzeko ordua iritsi zaizu? Rescue Time internetez nabigatzen dugunean denbora zertan xahutzen dugun monitorizatzen duen erreminta bat da. Horrela, “Facebook gainbegiratzeko 5 minutu” horiek, adibidez, txosten batean gordeta geratzen dira, eta 5 minutu horiek 50 izan direla konturatu gaitezke.Web jakin batzuetan igarotzen dugun denbora bakarrik monitorizatu nahi badugu, Firefox eta Chrome nabigatzaileetarako plugin edo osagarria instala dezakegu, doan. Gainera, Rescue Time aplikazioak ordenagailuko edo mugikorreko zer aplikaziotan xahutu dugun denbora gehien esan diezaguke; horretarako, aplikazioaren doako bertsioa dugu, Android, Mac, PC eta Linuxerako baliagarria dena.
Hilean 9 dolar ordaindu behar den bertsioan hainbat ezaugarri interesgarri gaineratzen dira, hala nola, alertak ezar ditzakegu guk geuk zehaztutako denbora-muga igarotzen denerako edo denbora gehien galtzen dugun web-orrien sarbidea blokea dezakegu.
Erreminta bat baino gehiago, Pomodoro gure eginkizunak antolatzen eta denbora-tarte txikiagoan gehiago egiten laguntzen digun teknika da. “Pomodoro” hitzak “tomatea” esan nahi du italieraz, eta tomate itxurako sukaldeko ordulariei erreferentzia egiteko erabiltzen da. Horiek janariak zartaginean edo kazolan zenbat denbora daraman neurtzeko balio dute. Teknika oso erraza da: eginkizun zehatz batean 25 minutuko tarteetan lan egitea da kontua, inolako distrakziorik gabe. Hau da, inbentarioa egiten ari bagara eta denbora-tarte horretan posta elektroniko bat iritsi zaigula ikusten badugu, ez diogu posta elektroniko horri erantzungo 25 minutuko denbora-tartea amaitu arte.Teknikak 25 minutuz lan egin eta 5 minutuz deskantsatu edo distraitzea proposatzen du. 5 minutu horiek igaro ostean, beste eginkizun batekin jarraituko genuke (edo lehengoarekin jarraitu) beste 25 minutuz. Atzerako kontaketa duen sukaldeko ohiko ordulari bat ere erabil dezakegu, baita TomatoTimer web-orria edo Firefox edo Chrome nabigatzaileetako osagarriak ere. Libre ditugun 5 minutu horietan kafe bat hartu dezakegu, hankak luzatu edo gure Online Banka begiratu eta etxeko ekonomia egunean eramateko denbora hartu.
Azkenik, beste aplikazio bat utzi nahi dizuegu osagarri gisa. Ez du denbora gestionatzeko balio, baina laneko denbora atseginagoa egiten lagun diezagukeela uste dugu: Rainy Mood, ez dizuegu beste ezer kontatuko, hobe zuek ikusten baduzue.
Zein da zure erreakzioa?