Laneko malgutasunak zure enpresa eta langileak salba ditzake

Laneko malgutasunak zure enpresa eta langileak salba ditzake

5 min.

Laneko malgutasunak zure enpresa eta langileak salba ditzake

Laneko malgutasunaren kontzeptua garrantzia handiagoa hartzen joan da azken urteotan. Izan ere, enpresa-inguruneak geroz eta dinamikoagoak dira eta lana eta bizitza pertsonala orekatzeko nahiak gora egin du. 2020ko pandemiaz geroztik, gaiak leku gehiago hartu du gizartean eta covid ondorengo garaian langileek gehien balioesten duten baldintzetako bat da. Laneko malgutasuna lan eredu bat da, laneguna antolatzeari dagokionez nolabaiteko askatasuna eskaintzen duena. Laneko baldintzak enpresaren eta langileen beharretara egokitzean datza. Hainbat eratara egin daiteke:

  • Telelanaren bidez: tresna teknologikoak erabiliz, etxetik edo beste edozein lekutatik lan egiteko aukera ematen du.
  • Lan hibridoaren bidez: urruneko eta aurrez aurreko lana konbinatzen ditu eta egun batzuetan bulegora joateko eta beste batzuetan etxetik lan egiteko aukera ematen die langileei.
  • Hainbat lekutatik lan eginez: modalitate honetan, enpresaren hainbat bulego edo egoitzatan egin daiteke lan eta, postuak hala ahalbidetzen badu, baita munduko beste lekutatik ere.
  • Ordutegi malguaren bidez: langileek erabaki dezakete noiz hasi eta amaitu, aurrez ezarritako denbora-tarte baten barruan.
  • Lanaldi murriztuaren bidez: astean ordu gutxiagoz lan egiteko aukera ematen du, soldata ere proportzionalki egokituta.
  • Ordutegi zatituen bidez: kasu honetan, laneguna bi zatitan bana daiteke egun berean.
  • Ordutegi-bankuaren bitartez: lanorduak pila daitezke, ondoren denbora libre gehiago izateko.

Zer onura ditu enpresentzat?

Lan-ingurunean malgutasuna ematen duten modalitateak ezartzea onuragarria da langileentzat eta enpresei ere abantaila handiak eskaintzen dizkie. Produktibitatea eta eraginkortasuna areagotzen eta ekoizpen-kostuak murrizten dituzte. Hala, langileek haien lanaren gaineko kontrol handiagoa izan dezakete eta horrek abantaila handiak eskaintzen dizkie enpresei beraiei ere. Jarraian, modalitateok enpresentzat izan ditzaketen abantaila nagusiak aipatuko ditugu:

  • Produktibitate handiagoa: langileak eragikorragoak izan ohi dira haien lanaren gaineko nolabaiteko kontrola daukatenean.
  • Kostuak murriztea: azpiegitura- eta energia-kostuak murriztu ditzake, espazio fisiko gutxiago behar baita.
  • Laneko giro hobea: laneko malgutasunak giro positiboa eta elkarlana sustatzen ditu.
  • Aldaketen aurreko moldakortasuna: enpresei aukera ematen die merkatuaren eskariari azkarrago erantzuteko.
  • Absentismoaren murrizketa: lanaren gaineko kontrol handiagoa duten langileek gutxiagotan huts egiten dute. Izan ere, haien konpromiso pertsonalei egokitu diezaiekete ordutegia.
  • Talentua erakartzea eta atxikitzea: ordutegi malguak eskaintzen dituzten enpresek aukera handiagoa dute langile baliotsuak erakarri eta mantentzeko, batez ere belaunaldi gazteagoak, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka gehiago hartzen baitute aintzat.

Zer abantaila ditu langileentzat?

Laneko malgutasunak, enpresen funtzionamendua eraldatzeaz gain, modu sakon eta positiboan eragiten du langileen bizitzan. Hainbat malgutasun-modalitate eskaintzeari esker, adibidez, telelana edo ordutegi malguak, langileek hobeto oreka ditzakete lana eta bizitza pertsonala. Langileen behar berezietara egokitzeak estresa murrizten du eta lanarekiko gogobetetasuna areagotzen du. Hona hemen lan-ingurune malguetan langileek dituzten abantaila nagusiak:

  • Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka handiagoa: ordutegiak eta lantokia egokitzeko aukera ematen du, familia-erantzukizunez edo erantzukizun pertsonalez arduratu ahal izateko.
  • Autonomia eta kontrol handiagoa: langileek ahalmen handiagoa dute nola, noiz eta non lan egingo duten erabakitzeko eta, ondorioz, gogobetetasun handiagoa dute.
  • Estres eta neke gutxiago: denbora gutxiago eskaini behar diote lekuz aldatzeari eta aukera handiagoa dute lana antolatzeko. Horri esker, osasun mental hobea izan ohi dute.
  • Produktibitate handiagoa: kasu askotan, langileek errendimendu hobea izaten dute, haien bizi-estilora eta gaitasunetara egokitzen diren lan-baldintzak dituztelako.

Modalitatea behar bezala ezartzeko jarraibideak

Laneko malgutasuna behar bezala ezartzeko, beharrezkoa da prozesua kontu handiz planifikatzea eta eredua enpresa bakoitzaren beharretara egokitzea. Horretarako, estrategia gako batzuk jarrai daitezke, besteak beste:

  • Uneko egoeraren azterketa: modalitate malguetara egokitu daitezkeen eta, ostera, aurrez aurre egin behar diren lanpostuak identifikatzea.
  • Azpiegitura teknologikoa: enpresak telelana egiteko beharrezko tresnak bermatzea, besteak beste, ekipoak, softwarea eta sare segurua. Hodeiko teknologia eta zibersegurtasun ona edukitza behar-beharrezkoak dira.
  • Komunikazio argia: langileak informatzea eta laneko malgutasunaren abantailak, erabilgarri dauden modalitateak eta horietara atxikitzeko baldintzak azaltzea.
  • Politikak diseinatzea: ekipoen erabileraren, informazioaren konfidentzialtasunaren, laneko ordutegien eta bileretarako erabilgarritasunaren inguruko arau argiak ezartzea.
  • Prestakuntza eta trebakuntza: elkarlan- eta komunikazio-tresnen inguruko formakuntza eskaintzea. Gainera, funtsezkoa da gaitasunen garapena sustatzea, besteak beste, autonomia, denboraren kudeaketa eta komunikazio eraginkorra.
  • Jarraipena eta ebaluazioa: aldian-aldian, langileen iritzia ezagutzeko inkestak egitea. Beharrezkoa da malgutasunak produktibitatean, laneko gogobetetasunean eta bestelako errendimendu-adierazle gakoetan duen eragina ebaluatzea.

Gainditu beharreko erronkak

Laneko malgutasuna ezartzeko prozesua pixkanaka egiten da eta beharrezkoa da erakundeko kide guztiek harekiko konpromisoa izatea eta hartara egokitzea. Horregatik, abantaila asko eduki arren, enpresek hainbat zailtasuni egin behar diete aurre eredua ongi ezartzen dela ziurtatzeko. Hona hemen hainbat ohiko erronka eta irtenbide posible:

  • Taldeen arteko koordinazioa eta elkarlana: langileek ordutegi eta leku desberdinetan jarduten dutenean, gerta daiteke zereginei dagokienez sinkronizatuta ez egotea, eta horrek taldearen eraginkortasunari eta erabakiak hartzeko ahalmenari eragin diezaieke. Taldekide guztiak bilerak edo zeregin garrantzitsuak egiteko aldi berean erabilgarri daudela ziurtatzeko, langile gehien lanean dauden orduak zehaztu daitezke.
  • Enpresa-kulturaren eta komunitate-zentzuaren galera: Lan malguak enpresa-kultura desegin dezake eta enpresaren misio, ikuspegi eta balioekiko konexioa galdu dutela senti dezakete langileek. Horrek taldearen batasunari eta langileen konpromisoari eragin diezaieke. Komenigarria da komunikatzeko bideak irekita mantentzea eta langileek enpresaren kulturari eta balioei buruzko eztabaidetan parte har dezaten sustatzea, baita urrunetik lan egiten badute ere.
  • Ikuskapen eta kontrol falta: laneko malgutasunak kezka sor dezake kudeatzaileen artean, ez baitaukate langileen lana zuzenean gainbegiratzeko aukerarik. Ondorioz, zalantzan jar dezakete ea langileak eraginkorrak diren eta epemugak betetzen dituzten. Hori ekiditeko, gomendagarria da langileek eta kudeatzaileek noizean behin bilerak egitea langilearen aurrerapena berrikusteko, arazoak identifikatzeko eta, hala behar balitz, espektatibak egokitzeko. Ikuspegi horri esker, enpresaburuek lantaldeek egiten dutenaren irudi argiagoa izango dute.
  • Deskonektatzeko zailtasuna (Burnout): malgutasunak (batez ere, urrunetik lan egiterakoan) lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko muga lausotu dezake eta, ondorioz, langileek ordu gehiago egiten dituzte, "deskonektatzeko" zailtasun handiagoa dute eta burnout-a edo nekea pairatzeko arrisku handiagoa dute. Horregatik, funtsezkoa da muga argiak ezartzea. Laneko ordutegien, atsedenaldien eta erabilgarritasunaren inguruko politika argiak sortzea, bakoitzaren denborarekiko errespetua sustatzea eta lanorduetatik kanpo deskonektatzea, langileek etengabe erabilgarri egoteko beharra senti ez dezaten.

Azken finean, laneko malgutasuna ideia bikaina da bai para enpresarentzat, bai langileentzat, produktibitatea eta bizi-kalitatea hobetzen baititu. Eredua inplementatzeko, beharrezkoa da hasierako egoera aztertzea, neurriak pixkanaka ezartzea eta prestakuntza-prozesu egokia ematea. Langileen artean konfiantzazko giroa sustatzen baduzu eta burnout beldurgarria ekiditen baduzu, epe ertainean hasiko zara emaitzak ikusten.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Talde lana Enpresa estrategia