Langile autonomoa naizenez, zein gastu sar ditzaket kengarrien artean?
2014-09-29
Langile autonomoa naizenez, zein gastu sar ditzaket kengarrien artean?
Ekiteko nahiak bultzatuta edo lan-merkatuaren egoera medio, gero eta langile gehiago hasten dira lanean autonomo gisa. LABORAL Kutxan badakigu ez dela beti erraza izaten, eta proiektuak finantzatzen laguntzeaz gain, Gaztenpresa Fundazioaren bidez bestelako laguntza eta aholkularitza eskaintzen diegu, eta behar duten informazioa beti eskura izan dezaten saiatzen gara. Oraingo honetan, euren jarduerari ekiten diotenen artean zalantza eta galdera ugari sorrarazten dituen gaiari helduko diogu. Langile autonomoa naizenez, zein gastu sar ditzaket kengarrien artean? Eta aurretik, lehen galdera:
Zer da gastu bat kengarria izatea?
Demagun pintore batek 2.000 euro kobratzen dituela etxe bat margotzeagatik, baina 1.000 gastatu dituela pintura erosten. Beraz, 1.000 euro bakarrik irabazi ditu, eta bidezkoena da zergak zenbateko horren arabera ordaintzea eta ez bezeroarengandik jaso duen zenbateko osoa kontuan hartuta. Materialen kasuan ez dago zalantzarik, guztiak dira gastu kengarriak, baina gure jarduera aurrera eramateko beharrezkoak diren beste gastu asko daude gure zerga-oinarrian sartu behar ez direnak (zergak ordaintzeko kontuan hartzen den oinarria da hori). Pintorearen adibidearekin jarraituta, honako hauek gastu kengarriak lirateke:
- Enkarguak jasotzeko beharrezkoa den telefono mugikorra
- Materialak eramateko furgoneta (erregaia, asegurua eta abar barne)
- Kontuak kudeatzen dituen aholkularia
- …
Zein ezaugarri izan behar ditu gastuak kengarria izateko?
- Gure jarduera ekonomikoari lotutako gastua izan behar da.
- Gastuak faktura bidez justifikatu behar dira, eta dokumentu horrek gure datuak jaso behar ditu, IFK edo IFZ eta helbidea, esaterako. Faktura erraztuek (lehengo ordainagiriek) edo kutxa-ordainketek ez badituzte eroslearen datuak jasotzen ez dira legez kengarriak izango, kasu batzuetan, zenbateko oso txikiak direnean, onartzen badituzte ere.
- Azkenik, gastuak enpresaren kontabilitatean jasota egon behar dira, diru-sarrerak bezala.
Gure etxea ez den lokal batean egiten badugu lan, jarduerarekin lotutako gastu guztiak dira kengarriak. Argindarra, ura, aseguruak, erreformak, altzariak eta abar gastu kengarri gisa aurkez ditzakegu. Hipoteka baldin badugu interesak ken ditzakegu, baina ez maileguaren amortizazioa.
Etxean lan egiten badugu, berriz, etxebizitza lanerako bakarrik ez denez, jarduerarekin lotutako gastuen ehuneko jakin bat bakarrik ken dezakegu, gastu osoaren % 50 gehienez. Aipatutako ehunekoa kalkulatzeko, jarduerarako erabiltzen den etxearen zatia hartzen da kontuan. Hipoteka baldin badugu interesak ken ditzakegu, baina gero ezingo ditugu urteko PFEZ aitorpenean kengarritzat jarri ohiko etxebizitzaren atalaren barruan.
Eta garraioa edo arropa?
Garraio-gastuekin antzera gertatzen da. Bidaiarien edo merkantzien garraioan lan egiten badugu, edo gidariei irakasten, edo garraioarekin lotutako merkataritza-jardueretan (banatzaileak, merkataritza-agenteak, ordezkariak edo taxi-gidariak), gastuen % 100 ken ditzakegu. Bestelako jardueraren bat baldin badugu, non gure ibilgailua noizean behin erabili behar dugun, jarduera horri dagokiona izango da kengarria, gehienez ibilgailuaren gastu guztien % 50 eta 3.000 euro urtean ibilgailu bakoitzeko. Hileko gasolinaren erdia, adibidez.
Hegazkinez, trenez edo bestelako garraiobideren bat erabiliz egindako bidaien kasuan: aisiarekin lotutako bidaiak ez dira kengarriak, eta beraz, printzipioz, asteburuan egindako bidaiak ere ez.
Etxearekin eta ibilgailuarekin gertatzen den moduan, uniformeei eta laneko anagrama duten jantziei dagozkien gastuak kengarria dira, baina inolaz ere ohiko arropa-gastuak.
Orduan, zein gastu dira kengarriak?
Honako hauek dira ohikoenetako batzuk:
- Pertsonal-gastuak: Soldatak eta ordainsariak langileak baldin baditugu, ezohiko pagak, bidaia-gastuak edo dietak barne, eta baita ere langileak kontratatzeagatiko gizarte segurantzako gastuak eta aseguruekin, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin eta abarrekin lotutakoak. Gainera, profesional independenteen zerbitzuak kontratatzeagatik ere arindu ditzakegu zergak (auditoreak, abokatuak…).
- Zergak: Kengarriak dira: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Ekonomia Jardueren gaineko Zerga, eta jarduerarekin lotutako beste batzuk, jardueran egindako erosketei dagokien BEZaz gain.
- Ustiaketa-kontsumoak: Gure jarduna aurrera eramateko behar ditugun lehengaiak kengarriak dira. Inprimagailuaren tintatik hasita, baita bulego-altzariak ere. Altzari horiek batetik bestera eramateko garraio-zerbitzua kontratatzen badugu ere, gastu hori kengarria izango da.
- Alokairua eta mantentze-gastuak: Errentamenduak eta jarduerarekin lotutako kanonak kengarriak dira, mantentze-gastuez gain. Lokalaren aseguruek eta kanpoko zerbitzuek (publizitateak, banku-zerbitzuek, etab.) ere arindu ditzakete zergak.
- Finantza-gastuak: Maileguen eta kredituen interesak, efektu-deskontuen gastuak, zorrak geroratzeagatiko errekarguak edo zerga-zorrei dagozkien geroratzeagatiko eta zatikatzeagatiko berandutzako interesak, besteak beste. Era berean, kengarriak dira jarduerarekin lotutako higiezina hondatu izanari edo balioa galdu izanari dagozkion zenbatekoaren amortizazioak, edo ondasunen balio-galtzeagatiko galerak.
- Kengarriak diren beste gastu batzuk: Elkargo profesionalen kuotak ere kengarriak dira, jarduerarekin lotutako beste gastu batzuekin batera, aldizkari profesionalen harpidetza, esaterako.
Zein gastu ez dira kengarriak?
- Era guztietako dohainak.
- Isunak, zigorrak edo premiamenduagatiko errekargu mota guztiak.
- Hirugarrenei egindako opariengatik gehienez 300 euro ken daitezke opari, hartzaile eta zergaldi bakoitzeko, eta bakarrik baldintza jakin batzuk ematen badira.
Sarritan nahastu egiten dira BEZa ordaintzea eta gastu kengarriak, eta bi gauza dira. BEZa kontsumo-produktu guztiei ezartzen zaien zerga da, azken kontsumitzaileak bakarrik ordaintzen du, eta ez produktua berarengana iristeko beharrezkoa izan den salerosketako kate osoak.
Gozotegi baten adibidea ikusiko dugu. Supermerkatuan erositako txokolatea erabiltzen dute pastelak egiteko. Supermerkatuak BEZa barne saldu du txokolatea, dagokion moduan. Gozogileak txokolatea jango balu hor amaituko litzateke kontua. Baina txokolate horrekin pastela egin eta saltzen badu, prezioari BEZa gehitu beharko dio. Beraz, txokolate horrek bi aldiz ordaindu du zerga hori. Egoera hori saihesteko, gozogileak, jasotako BEZ guztia hiru hilean behin Ogasunari ordaintzen dionean, bere lana egiteko ordaindu duena kenduko du. Horrela, pastela erosi duenak bakarrik ordainduko du BEZa.
Gozogileak txokolateagatik ordaindu duen zenbatekoa (BEZ gabe) gastu kengarria da: ez da zergagarria diru hori ez duelako berak irabazi. Hiru hilean behin ordaindu beharko duen BEZa, bere bezeroei kobratu dienaren eta berak bere jarduera aurrera eramateagatik ordaindu duenaren arteko batuketa eta kenketa izango da (horren barruan egongo da txokolate-tabletaren BEZa).
Informazio gehiago nahi baduzu, Consulting Pro zerbitzuko aholkularien testu hau irakur dezakezu. Negozio- eta enpresa-adituak dira, eta beren kontura lan egiten duten gure bezeroen esanetara daude.
Zein da zure erreakzioa?