Langile autonomoen bajen kalkulagailua
2016-05-23
Langile autonomoen bajen kalkulagailua
"Gaixo nago, baina ezin dut baja hartu". "Baja hartzea gustatuko litzaidake, baina ez naiz funtzionarioa, autonomoa baizik". Behin baino gehiagotan entzungo zenituen mota horretako esaldiak, edo testuinguru horietakoren batean egongo zinen beharbada. Baina baieztapen horiek ez dira zuzenak. Autonomo gisa lan egiten duten pertsonek diru-kantitate jakin bat kobratu dezakete bajan dauden bitartean. Beste gauza bat da ez konpentsatzea, zure negozioaren edo jarduera profesionalaren ezaugarriak direla eta.Hemen eskaintzen dizugu bajarekin zenbat diru kobratuko zenukeen esango dizun kalkulagailua.
Gogoratu bajan zauden bitartean autonomoen kuota ordaintzen jarraitu behar duzula.Jasoko duzun kantitatea zure kotizazio-oinarriaren araberakoa izango da.Aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa deitzen zaio, eta jarraian, haren berezitasunak deskribatuko dizkizugu:- Baja desberdina da hura eragin duen arrazoiaren arabera. Ez da gauza bera gaixotasun arrunt bat izatea edo gaixotasun profesional edo lan-istripu bat izatea. Langileak norbere kontura egiten duen lanaren berehalako ondorio zuzen gisa sortzen den hura hartzen da lan-istripu gisa (ez dira kontuan hartzen joan-etorrietan zehar gertatzen direnak edo langilearen zuhurtziagabekeria ausartegiak eragiten dituenak). Gaixotasun profesionala gauzatutako lanak eragindako gaixotasuna da (hori arautzen duen gaixotasun profesionalen koadro bat dago).
- Gaixotasun arruntagatiko baja lortzeko, langileak alta hartuta egon behar du eta gutxienez 180 egun kotizatuta izan behar ditu azken 5 urtean, kuotak egunean izateaz gain. Baldintza hori ez da beharrezkoa lan-istripuen edo gaixotasun profesionalen kasuan.
- Aldi baterako ezintasun-egoeran bazaude, Gizarte Segurantzari jakinarazi beharko diozu (15 egun dituzu horretarako).Bajako parte medikoa entregatu beharko duzu, baita enpresa-jarduera zuzenean gestionatzen duen pertsona zarela dioen adierazpen bat −erne, adierazpen hori nahitaezkoa da−, eta aldi baterako baja (edo behin betikoa) dela adierazteko inprimaki ofizial bat ere; zure negozioa irekita mantendu nahi baduzu (saltoki bat denean, adibidez), zu ez zauden bitartean hura nork gestionatuko duen ere adierazi beharko duzu. Ematen dizkizuten baja berresteko eta alta hartzeko medikuaren parte guztiak Gizarte Segurantzan aurkeztu beharko dituzu, eta horretarako 5 eguneko epea izango duzu horiek jasotzen dituzunetik kontatzen hasita.
- Autonomoentzako bajak 365 eguneko iraupena izango du gehienez ere. Osasun-sistema publikoko medikuek erabakiko dute baja hori luzatu behar duzun ala ez; baja beste 180 egunez luzatu ahal izango da gehienez ere.
- Gaixotasun arruntagatiko bajaren kasuan, baja hartu eta 4 egunetik aurrera izango duzu kobratzeko eskubidea. 20. egunera arte, zure kotizazio-oinarriaren % 60 kobratuko duzu. 21. egunetik aurrera, % 75 kobratuko duzu, baja amaitu arte.
- Gaixotasun profesionalak edo lan-istripuak eragindako baja hartu behar baduzu, zure kotizazio-oinarriaren % 75 kobratuko duzu baja hartu eta hurrengo egunetik aurrera.
- Negozioa irekita mantentzea eta hura gestionatzeko beste pertsona bat kontratatzea erabakitzen baduzu, ez zaitez askotan bertaratu gauzak nola doazen ikustera. Bajan zaude, eta ikuskapenak zorrotzak eta ohikoak izaten dira. Zure lanpostuan aurkitzen bazaituzte, kobratzen ari zaren laguntzak baliogabetu ahal dizkizute.
- Bajan zauden bitartean profesional autonomoaren kuota ordaintzen jarraitu behar duzu. Horrek barne du (2008. urtetik) aldi baterako ezintasun-egoeran zaudenean kobratu ahal izateko nahitaez ordaindu behar duzun kantitatea (zure oinarriaren % 29,90).
- Aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa honako egoera hauetan amaitzen da: medikuaren alta jasotzen duzunean; pentsiodun bihurtzen zarenean; prestazioa jasotzeko zehaztuta dagoen gehieneko epea amaitzen denean; nahitaez egin beharreko azterketa medikoak egiten ez dituzunean...
Kasu praktiko bat
Orain dagokizun prestazioaren zenbatekoa kalkula dezakezu. Jar dezagun adibide bat. Autonomo gehienek gutxieneko oinarria kotizatzen dute, 2016an, 893,10 euro. Oinarri arautzailea, kobratu dezakezuna, jakiteko, zifra hori 30ekin zatituta behar da, hau da, 29,77 euro eguneko. Arestian esan dugun moduan, gaixotasun arruntagatiko baja hartu baduzu, kantitate horren % 60 kobratuko duzu laugarren egunetik hogeigarren egunera (behar izanez gero); beraz, 17,862 euro kobratuko dituzu eguneko. Zenbateko hori 17 baja-egunekin biderkatuta, 303,654 euroko zifra lortuko genuke. Hogeita batgarren egunetik aurrera, % 75 kobratuko duzu, hau da, 22,32 euro eguneko.
Horixe da, 22,32 euro eguneko, gaixotasun profesional eta lan-istripuen eraginez baja hartu eta hurrengo egunetik aurrera kobratuko duzun kantitatea.
Merezi al du?
Aurreko guztia jakinda, merezi duen ala ez kalkulatzeko momentua iritsi da. Izan ezazu kontuan autonomoen kuota ordaintzen jarraitu behar duzula. Eta gogoratu negozioa irekita mantendu nahi baduzu, saltoki bat delako adibidez, ordezkatuko zaituen pertsonari kontratu bat egin beharko diozula (baloratu eguneko diru-sarrerak eta pertsiana egun batzuetan jaisteak edo beste pertsona bat kontratatzeak merezi duen ala ez). Datu guztiak eskuratu ostean, zuk zeuk erabaki behar duzu. Hori bai, ez ahaztu LABORAL Kutxako gestoreak zure negozioari edo enpresari laguntzeko daudela.
Zein da zure erreakzioa?