Langile autonomoen egungo  estaldurak

Langile autonomoen egungo estaldurak

5 min.

Langile autonomoen egungo estaldurak

Langile autonomoak, Gizarte Segurantzaren osasun-laguntzaz gain, lan-bizitzan gerta litezkeen egoera jakin batzuk estaltzen dituzten prestazioak jasotzeko eskubidea du.

Adibidez, laneko baja gaixotasun arruntengatik edo gertakari profesionalengatik, prestazio ekonomikoa amatasunagatik edo aitatasunagatik, prestazio ekonomikoa jarduera uzteagatik…

Prestazio horiek jasotzeko eskubidea izateko, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) izena emanda egon behar du langileak, eta egunean izan behar ditu Gizarte Segurantzako ordainketak.  Ordainketak egunean ez baditugu, Gizarte Segurantzak hilabeteko epea emango digu zorrak ordaintzeko eta, horrela, bajaren hasieratik prestazioa kobratu ahal izateko

Gaixotasun arruntengatik jasotzen den prestazioaren kasuan, bete beharreko beste baldintza bat da baja aurreko bost urteetan gutxienez 180 egun kotizatuta izatea. Laneko edo lanetik kanpoko istripuen eta gaixotasun profesionalen kasuetan, berriz, ez da aldez aurreko kotizaziorik eskatzen.

Era berean, kontuan izan behar dugu langileak, bajan dagoen bitartean, Gizarte Segurantzan kotizatzen jarraitu behar duela.

Artikulu honetan aditzera emango ditugu, beraz, langile autonomoak izateagatik jaso ditzakegun prestazio nagusiak, baita haien zenbatekoa eta iraupena ere.

Prestazioa aldi baterako ezintasunagatik

Eguneroko sorospena da eta langilearen errenta-galera estaltzen du, bera lanerako gai ez den eta Gizarte Segurantzaren osasun-laguntza jasotzen duen bitartean. Egoeraren eragilea gaixotasun arrunta, gaixotasun profesionala edo laneko edo kanpoko istripua izan daiteke, betiere langile autonomoari bere jardueran aritzea galarazten badio eta osasun-arreta eskatzen badu.

Prestazioa laugarren baja-egunean hasten da eta honako zenbateko hauek ditu: laugarren baja-egunetik hogeigarrenera, kotizazio-oinarriaren % 60 aplikatuko da, eta hogeigarren egunetik aurrera, kotizazio-oinarriaren % 75.

Baja mota horren gehienezko epea hamabi hilabetekoa da, baina beste sei hilabetez luza daiteke, osasun-arretak jarraitzen badu eta ikuskaritza medikoak baimentzen badu.

Prestazioa gertakari profesionalengatik (gaixotasun profesionala edo lan-istripua)

Lanean edo lanaren ondorioz pairatzen direnei deitzen zaie gertakari profesionalak.

Autonomoen kasuan, babes hori borondatezkoa da, bi salbuespenekin: mendeko langile autonomoak (TRADE) eta istripu-arrisku handiko jarduerak egiten dituzten autonomoak. Beraz, prestazio horretarako eskubidea izan nahi duten autonomoek, aukera hori hautatu behar dute aurretik.

Gertakari profesionalek eragindako prestazioaren zenbatekoa kotizazio-oinarriaren % 75ekoa da, eta medikuaren baja-dataren egunetik aurrera ematen da. Ez dago gabealdirik eta bajaren gehienezko epea hamabi hilabetekoa da, baina beste sei hilabetez luza daiteke.

Prestazioa amatasunagatik

Prestazio horrek langileen errenta-galera estaltzen du, legez finkatutako amatasunagatik, adopzioagatik, harreragatik eta tutoretzagatik jarduera eteten dutenean.

Prestazioak erregimen orokorreko langileentzat aurreikusitakoaren hedadura, termino eta baldintza berberak ditu.

Atsedenaldiaren iraupena 16 astekoa da etengabe, baina luzeagoa ere izan daiteke  honako kasu hauetan: erditzea, adopzioa edo harrera anizkoitza bada, eta baita jaioberriaren desgaitasuna eta ospitaleratzea medio ere.

Prestazioaren zenbatekoa oinarri arautzailearen % 100ekoa da.

Prestazio hori jasotzeko, erditze-dataren edo atsedenaldiaren hasieraren aurreko zazpi urteetan 180 egun kotizatuta izan behar dira, edo bestela, lan-bizitza osoan 360 egun. Nolanahi ere, gutxieneko aldi hori mailakakoa da, amatasun-prestazioa dagokien langileen adinaren arabera:

  • 21 urtetik beherakoak: ez zaie eskatzen gutxieneko kotizazio-aldirik.
  • 21 eta 26 urte bitartekoak: atsedenaldia hasi aurreko zazpi urteetan 90 egun kotizatuta izan behar dituzte, edo bestela, lan-bizitza osoan 180 egun.
Prestazioa aitatasunagatik

Gaur egun, langile autonomoek ere eskubidea dute prestazio hori jasotzeko. Aitatasun-baimenari dagokion prestazioaren iraupena hamahiru egunekoa da, baina hogeira ere luza daiteke familia ugarien kasuan edo jaioberriak % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna baldin badu, edo familian % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duen kideren bat baldin badago.

Erditze anizkoitzaren kasuan, prestazioa bi egunez luzatuko da jaiotako haur bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.

Seme-alaba jaiotzen den unetik bertatik eska daiteke aitatasun-baimena. Prestazioa langile autonomoaren kotizazio-oinarriaren % 100ekoa da.

Langileak honako baldintza hauek bete behar ditu prestazio horretaz gozatzeko:

  • Gizarte Segurantzako kuoten ordainketak egunean izateaz gain, jarduera-egoeraren deklarazio bat aurkeztu behar du atsedenaldiaren hasiera-dataren ondorengo 15 egunetan. Agiri hori Gizarte Segurantzaren webgunean eskura daiteke.
  • Aitatasun-laguntza eskatzean, Mutuari edo Gizarte Segurantzari esan behar zaio zer gurasok hartuko duen baimena eta nola hartuko duen, hau da, biek aldi berean edo odoz ondo hartuko duten.
  • Aitatasun-egoera sortzen denean langile autonomoa prestazioa kobratzen ari bada jarduera uzteagatik (langabezia), langabezia-prestazioa eten egingo da, eta langileak aitatasun-prestazioa kobratuko du, Gizarte Segurantzak edo Mutuak berak gestionatuta. Behin aitatasun-prestazioa amaitu ondoren, erakunde horiek jakinaraziko diote Enplegu Zerbitzuari langabezia-prestazioa ordaintzen jarraitzeko, geratzen den denboran.
Prestazioa jarduera uzteagatik

Prestazio horrek langile autonomoa babesten du, baldin eta berak gogoz kontra lan-jarduera aldi baterako edo behin betiko eten behar badu. Borondatezkoa da.

Langile autonomoaren jarduera eteteko arrazoiak honako hauek izan daitezke: ekonomikoak, teknikoak, produktiboak edo antolakuntzakoak, halabeharrezkoak, administrazio-lizentzia galtzea, genero-indarkeria, dibortzioa edo senar-emazteak banatzea, eta behar bezala justifikatu behar da.

Prestazioaren iraunaldia zehazteko, kontuan hartuko dira langilearen adina eta jarduera eteteko legezko egoeraren aurreko 48 hiletan egindako kotizazioak.

Gehienezko zenbatekoa Eragin Anitzeko Errenta Adierazle Publikoaren % 175ekoa izango da, salbu eta langileak seme-alaba bat edo gehiago baditu bere kargura, kasu horretan gehienezko zenbatekoa adierazle horren % 200ekoa edo % 225ekoa izango baita, hurrenez hurren.

Gutxieneko zenbatekoa, berriz, % 107 eta % 80 bitartekoa izango da, langile autonomoak seme-alabak dituen ala ez bere kargura.

Jarduera uzteak eragindako prestazio-eskaera leku hauetako batean aurkeztu behar du langileak: gertakari hori babesturik duen Mutualitatean, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan (Gizarte Segurantzak estaltzen badu) edo Itsasoko Gizarte Institutuan (erakunde horrek babesten badu).

Jarduera eten den hilaren ondorengo hileko azken egunera arteko epea dago eskaera aurkezteko. Eta jarduera eten den hilaren hurrengo hileko lehenengo egunean hasiko da langilea prestazioa jasotzen.


Zein da zure erreakzioa?