Nire lehen urratsak autonomo gisa: izapideak eta zerga-aitorpenak
2015-02-11
Nire lehen urratsak autonomo gisa: izapideak eta zerga-aitorpenak
Profesional autonomo batentzat, jarduerari ekitea benetako erronka da. Bai aurre egin beharreko zereginagatik –negozioa bera–, baita horrek berekin dakarren izapide eta legezko betebeharren kopuruagatik ere. Askoz errazagoa da bidea egitea pazientzia, esperientzia eta laguntza izanez gero. Horregatik, hain zuzen, autonomo hasi berriak jardueraren lehen hilabeteetan gidatzen saiatuko gara. Zein dira bete beharreko zerga-izapideak? Zer dira hiru hilean behingo aitorpenak? Oraintxe azalduko dizugu.
Faktura
Autonomoek emandako zerbitzuen (edo saldutako ondasunen) eta hornitzaileei egindako erosketen fakturak egin eta gorde behar dituzte. Zerga-ikuskapena egiten bazaie, faktura guztiak aurkeztu beharko dituzte, BEZa banakatuta eta, behar izanez gero, PFEZ barne hartuta. Gainera, fakturek dataren arabera ordenatuta egon eta identifikazio-zenbakia eraman behar dute. Adibidez: 01/2015 zenbakia 2015eko lehen fakturarentzat, 2/2015 bigarrenarentzat eta abar. Kontu egin behar da bigarrenaren data ezin dela lehenarena baino lehenagokoa izan. Zehatzagoak izan nahi badugu, adibidez, bi salmenta- edo negozio-lerro baino gehiago baditugu, siglak erantsi ditzakegu. Adibidez, NEG01/2015, “NEG” gure negozio-lerroetako bat izanik.
Kontu-liburuak
Autonomoek zuzeneko zenbatespen erraztua badute (hau da, urtean 600.000 euro baino gutxiago fakturatzen badituzte), sarrera-liburu bat eta gastu-liburu bat egin behar dituzte. Baita, Bizkaian, eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua ere. Ez dute zertan liburu fisikoak izan. Nahikoa da, esaterako, kalkulu-orri bat, sarrerak eta gastuak bertan idazteko. Interneten badira behera kargatzeko ereduak eta txantiloiak.
PFEZ edo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga
Ogasunari “aldez aurretik” ordaintzen diogun zerga da, hau da, gure urteko aitorpenaren kontura. Urtean zehar zegokiguna baino gehiago ordaindu badugu, urteko aitorpena itzultzera aterako zaigu, eta gutxiago ordaindu badugu, ordaintzera aterako zaigu.
- Noiz erantsi behar dut PFEZ fakturan? Jarduera profesionala betetzen duten autonomoek (kazetariek, diseinatzaileek, abokatuek…) beste profesional batzuei, enpresei edo sozietateei (partikularrei ez) egiten dieten faktura bakoitzean erantsi behar dute PFEZren atxikipena, eta azken horiek ordaindu behar diote Ogasunari zenbateko hori autonomoen izenean. Autonomo horiek ez dute PFEZren hiru hilean behingo aitorpena (130 eredua) aurkeztu behar, baldin eta beren jarduera profesionalaren bidez gutxienez diru-sarreren % 70 lortzen badute.
- Aplikatuko beharreko atxikipenak: 2015ean, atxikipen orokorra % 19koa da. Halere, urtean 15.000 eurotik beherako sarrerak dituzten profesionalek % 15ekoa aplikatu ahal dute eta profesional berriek (jarduerako lehen urtean daudenek) % 9koa.
- PFEZren hiru hilean behingo aitorpena (130 eredua): “jarduera profesionala” barik “enpresa-jarduera” betetzen duten autonomoek aurkeztu behar dute (jarduera deskribatzeko aukeratutako JEZaren epigrafearen araberakoa izango da jarduera mota bakoitza). Kasu horretan, fakturek ez dute PFEZren atxikipena, baina hiru hilean behin zerga likidatu behar dugu, 130 ereduaren bidez. Erosoena ordainketa helbideratua izatea da, ordaintzera banku-sukurtsal batera joan behar ez izateko.
- PFEZ duen faktura bat egiten badigute: Profesional bati lan bat agindu badiogu (esaterako, diseinatzaile bati webgune bat egiteko), ikusiko dugu haren fakturan, BEZaz gain, PFEZ deskontatuta dagoela. Kasu horretan, guri dagokigu zenbateko hori Ogasunari ordaintzea profesional horren izenean. Nola egiten da hori? Horretarako 110 eta 190 ereduak aurkeztu behar ditugu.
- 110 eredua PFEZren atxikipenen hiru hilean behingo aitorpena da eta AEATen orrialdetik behera karga daiteke PDF formatuan. Behera kargatu, egin diguten fakturaren datuekin bete eta bankuan aurkeztu behar dugu, zenbatekoa likidatzeko.
- 190 eredua 110 ereduaren urteko laburpena da. Hori ere Zerga Agentziaren webgunetik behera karga daiteke eta 110 ereduak aurkeztu ditugun urtearen hurrengo urtean aurkeztu behar da.
110 eredua | 190 eredua | |
AEAT | PDFa deskargatu | PDFa deskargatu |
Araba | PDFa deskargatu | PDFa deskargatu |
Bizkaia | PDFa deskargatu | PDFa deskargatu |
Gipuzkoa | PDFa deskargatu | PDFa deskargatu |
Nafarroa | PDFa deskargatu | PDFa deskargatu |
Gure faktura guztiek BEZa banakatuta izan behar dute, zerga horretatik salbuetsitako jarduerei dagozkienak izan ezik (osasunari eta prestakuntzari lotutakoak, kasu). Hala, emandako zerbitzu batengatik gure tarifa 100 eurokoa bada, gure faktura honela izango da: 100 euro + % 21eko BEZa = 121 euro. 21 euro horiek Ogasunari ordaindu behar zaizkio dagokion hiru hilean behingo aitorpenean. Hortaz, ez ditugu gastatu behar. Fakturak PFEZren atxikipena ere badu, honela geratuko da: 10 euro + % 21eko BEZa - % 19ko PFEZ = 102 euro.
Zerga horren aurkezpena bi ereduren bidez egiten da:
- 303 eredua: Hiru hilean behingo aitorpena da. Horretan, zerga-oinarria eta gure bezeroentzako fakturen BEZa batuko ditugu (hortik aterako dugu geure bezeroek ordaindutako BEZa, “sortutakoa” edo “jasanarazitakoa” deritzona, guk Ogasunean sartu behar duguna), baita guk ordaindutako fakturenak ere (hortik irtengo da guk ordaindutako BEZa, “jasandakoa” deritzona). Ogasunean ordaindu beharreko zenbatekoa sortutako BEZa ken jasandako BEZa izango da. Kendura hori negatiboa bada, hau da, guk sortu dugun BEZa jasan duguna baino txikiagoa bada, bi aukera ditugu: Ogasunak guri aldea itzultzea (prozesu hori luzea izaten da) edo kopuru hori hurrengo aitorpenetan konpentsatzeko uztea (praktikan, errazena da).
- 390 eredua: 303 ereduen urteko laburpena da eta hurrengo urteko urtarrilaren 30a baino lehen aurkeztu behar da. Eredu hori aurkeztea nahitaezkoa da eta ez dugu ahaztu behar. Erraza da nahastea, adibidez, apirilean 303 eredua aurkeztu badugu eta gero autonomoak izateari utzi badiogu (gerta liteke hurrengo urtarrilean beste gauza bat egiten aritzea eta betebehar hori ez gogoratzea).
303 eredua | 390 eredua | |
AEAT | Online aurkeztu | PDFa deskargatu | Online aurkeztu | PDFa deskargatu |
Araba | Online aurkeztu | PDFa deskargatu | Online aurkeztu | PDFa deskargatu |
Bizkaia | Online aurkeztu | PDFa deskargatu | Online aurkeztu | PDFa deskargatu |
Gipuzkoa | Online aurkeztu | PDFa deskargatu | Online aurkeztu | PDFa deskargatu |
Nafarroa | Online aurkeztu | PDFa deskargatu | Online aurkeztu | PDFa deskargatu |
PFEZren eta BEZaren hiru hilean behingo aitorpenak egiteko funtsezko datak honako hauek dira: apirila, uztaila, urria eta urtarrila (urtarrilean, aurreko urteko laburpenekin batera). Zerga-egutegiak online kontsulta daitezke: (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Zerga Agentzia)
Amaitzeko…
Jarduera bati ekin dionak ahalik eta gastu gutxien izatea nahi badu ere, gestore baten zerbitzuak kontratatzea komeni ote zaigun aztertu behar dugu serioski, denbora eta katramilak aurrezten lagunduko baitigu. Ohiko gestoriez gain, fakturazio-programa eta online gestoria mota asko daude zeregin horretan laguntzeko. Eta, jakina, gure bezero autonomo eta profesionalek Consulting Proren aholkularitza espezializatua dute beti eskuragarri.
Zein da zure erreakzioa?