Marion de La Porterekin solasean: «Oso pozgarria da ikustea jendeak bat egiten duela gure mugimenduarekin eta idealekin»

Marion de La Porterekin solasean: «Oso pozgarria da ikustea jendeak bat egiten duela gure mugimenduarekin eta idealekin»

4 min.

Marion de La Porterekin solasean: «Oso pozgarria da ikustea jendeak bat egiten duela gure mugimenduarekin eta idealekin»

Helburua: plastikoaren ordezko aukerak eskaintzea, eta material horrek dakartzan arriskuez kontzientziatzea. Espainia osoan plastikorik gabeko produktuak saltzen dituen lehenbiziko onlineko denda, Sinplástico, Bilbon zabaldu zuten, 2014an. Marion de La Porte dugu dendaren jabeetako bat. Frantses nazionalitatea du, eta mundua hobetzeko gogoa. Enpresen Administrazioa ikasi zuen, eta sei urte daramatza  negozio txiki horren buru. Hona Marioni egin diogun elkarrizketa.  

ENPRESETARAKO BANKA: Zerk Bultzatu zintuen Sinplástico sortzera ? Nola sortu zen ideia?

MARION DE LA PORTE: Nire bazkide Javierri bururatu zitzaion Sinplástico sortzeko ideia; azaldu zidanean, abentura horri elkarrekin ekitea erabaki genuen. Aspalditxotik ari ginen biok ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena egiten edo horretan saiatzen maila pertsonalean, batez ere plastiko-hondakin gutxiago sortzen. Sasoi hartan, ez zegoen Espainian horrelako dendarik, ezta gaiari buruzko webgunerik edo blogik ere, eta ideia interesgarria iruditu zitzaigun. Denda lehenbailehen zabaltzea erabaki genuen, ziur baikinen bide horretatik jo nahi zuten bakarrak ez ginela izango.   Garbi geneukan plastikoaren kontsumoa murriztu beharra zegoela, baina tresnak falta ziren herritarrek eginkizun horri erraz eta eroso ekiteko eta plastikoaren ordezko materialak aurkitzeko. Horregatik sortu genuen Sinplástico, produktu alternatiboak saltzen dituen onlineko denda, eta haren osagarri, gure bloga, non aholkuak eta informazioa ematen baititugu.  

B.E.: Zure ustez, zer dohain behar dira proiektu baten buru izateko?

M.D.L.P: Nire iritziz, pazientzia da proiektu baten lider izateko behar den dohainik garrantzitsuenetako bat, batez ere proiektu aitzindariak badira, edo oso ohikoak ez diren gaiei lotuak. 2014an, Sinplástico sortu genuenean, ez zen askorik hitz egiten plastiko-kontsumoa murrizteko premiaz, eta beldur pixka bat ere ematen zigun proiektua martxan jartzeak; baina gaur egun gehiago aipatzen da gaia.   Bestalde, uste dut oso garrantzitsua dela helburuak garbi ikustea, nora eta zergatik goazen jakitea, eta motibazio handia edukitzea. Nolanahi dela ere, hau da proiektu baten buru diharduenak kontuan izan behar duen alderdirik esanguratsuena, taldeekiko harremanari dagokionez: entzuten jakitea, eta lankideekiko konfiantza izatea.

B.E.: Zerk motibatzen zaitu gehiena eguneroko lanerako?

M.D.L.P: Sinplásticoren eguneroko jardunean, honek motibatzen gaitu gehiena ni neu eta, seguru aski, talde osoa: ikusteak geroz eta jende gehiago dagoela prest ohiturak aldatzeko, bizimodu jasangarriagoa eramateko eta plastiko gutxiago kontsumitzeko Enpresa bat gara, bai, baina beste hau ere oso garrantzitsua da guretzat: jendeak bat egitea gure mugimenduarekin eta idealekin, ikustea konfiantza dutela gurekiko eta ematen diegun zerbitzuarekiko. Oso pozgarria da hori guztia. BE-Marion-Interior-Articulo

B.E.: Oztoporen bat gainditu behar izan duzu zauden lekura iristeko? Ezer aldatuko zenuke?

M.D.L.P: Nire ustean, denok egin behar izaten diogu aurre zenbait oztopori, bai gure bizitza pertsonalean, bai jarduera profesionalean. Dena dela, ez dut batere eragozpenik aurkitu urte hauetan zehar, emakumea naizen arren. Izan ere, desafio handia da 30 urte inguruko emakumea izaki enpresa batez eta familiaz arduratzea. Oro har, gaur egun ere emakumeok gehiago arduratzen gara familiaz enpresaz baino, eta baliteke nolabaiteko gainkarga bat egotea alde horretatik. Hala eta guztiz ere, dena da prozesuaren parte: gogor egin behar da lan, baina baditu alde positibo ugari ere.   Alor profesionalari dagokionez, kostatu zen, bai. Gogorra izan zen hasiera; gauzak oso motel zebiltzan, eta dena ondo aterako zela sinetsarazi behar izan genion geure buruari. Gaur egun jasaten ari garen krisi hau ikusirik, zaila egiten zait hasierako oztopo haietaz gogoratzea. Izan ere, oraingo hau da oztoporik handiena, batez ere enpresa txikientzat, gurea ere barne dela. Kontuak kontu, oso harro nago egin dugun lanaz, eta egoera batere aproposa ez den arren, nahiko ondo gabiltza. Beharbada, lehenago atzeman ez genituen gauza batzuk aldatuko nituzke orain, baina ibilian-ibilian beti ikasten da zerbait. Hori da prozesu honen alderik interesgarriena.

B.E.: Zein da nagusirik ez izatearen alderik onena? Eta txarrena? Nola bultzatuko zenituzke beste emakume batzuk beren negozio propioak sortzera?

M.D.L.P: Zalantzarik gabe, zeure buruarekiko ematen dizun konfiantza da nagusirik ez edukitzearen alderik onena. Sinesten dudan proiektu bat atera dut aurrera, Javierrekin batera, eta taldeak bat egiten du gure balioekin. Poz handia ematen dit horrek. Txarrena, berriz, hau da: buruan karga eta erantzukizun hori etengabe eraman beharra. Proiektu bat aurrera atera nahi duen orori gertatzen zaiola esango nuke. Gure kasuan, erantzukizuna partekatua izaki, komeni da antolatzen jakitea eta, noizean behin, enpresaz ahaztea.   Irudipena daukat emakumeak buru dituzten enpresetan giza faktorea dela funtsezko gakoetako bat. Emakumeak gara Sinplásticon lan egiten dugun gehienak, eta uste dut nabaritzen dela enpresaren alderdi femenino hori gure konpromisoan eta gauzak egiteko daukagun ardura-mailan. Oso positiboa deritzot horri. Horregatik, beti bultzatzen ditut emakume ekintzaileak beren negozio propioak sortzera, betiere konfiantza eta pazientzia bidaide dituztela. Sortzen duten horretaz harro egon behar dute, baita gauzak ondo ateratzen ez badira ere. Nire ustez, gizarteak emakume gehiago behar ditu enpresetako aginte-karguetan.  


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Emakume ekintzaileak ETE berritzaileak