Merezi al du finantza-erakundeen opariak jasotzea?

Merezi al du finantza-erakundeen opariak jasotzea?

2 min.

Merezi al du finantza-erakundeen opariak jasotzea?

Kutxen eta bankuen ongietorri-opariak  asko aldatu dira azken urteotan. Teknologia berriek hartu dute antzina baxerek eta mahai-tresnek zuten tokia, eta ohikoak dira azken belaunaldiko kontsoletatik hasi eta plasma-telebistetara oparitzen dituzten entitateen iragarkiak.

Finantza-erakundeen arteko lehia dela eta, jendeak kontu berriak zabaltzea, dirua horietan edukitzea,  nomina helbideratzea, dirua epera sartzea, eta abar helburu duten ekimenak sendotu dituzte banku eta kutxa ugarik. Kasu askotan, urruti gelditu dira ongietorri-opari haiek, xumeagoak, baina bestelako betebeharrik eskatzen ez zutenak.

Oparia onartu baino lehen kontuan hartzekoak

Finantza-produktua kontratatzearen truke oparia onartu baino lehen oso garrantzitsua da opariak merkatuan duen benetako balioa egiaztatzea, eta bestelako ordainen bat nahiago ote dugun ikustea. Adibidez, beste aukera batzuk proposa ditzakegu, hala nola, interes handiagoa jasotzea, txartelak berriztatzeagatik edo kontua izateagatik kobratzen dituzten komisioak kentzea, kontratuaren iraupena finkatutakoa baino laburragoa izatea…

Finantza-erakunde batek oparia eskaintzen badigu, litekeena da aukera bikaina izatea guk nahi dugun hori eskuratzeko, betiere gure onerako baldin bada. Oparia argi eta garbi onuragarri ez bazaigu, gure diruak ekar diezazkigukeen onurak negoziatzeko aukera dugu.

Esaterako, demagun 10.000 euro kontu edo gordailu batean sartu eta urtebetean ukitu gabe izateagatik kutxa batek 22 hazbeteko pantaila laua duen telebista  oparitzen digula, haren arabera 200 € balio dituena.  Beraz, opariak balio dituen 200 € horiek % 2ko mozkinaren parekoak lirateke.

Oparia jaso beharrean errentagarritasun handiagoa lortzen saia gaitezke, adibidez, % 3ko interesa eskainiko digun fondoaren bidez. Horrela, urtebetean 300 € irabaziko genituzke, eta 200 €-ko telebista erosteaz gain beste 100 € geldituko litzaizkiguke.

Oparien letra txikia

Era berean, arretaz irakurri behar da letra txikia, eta gastu gehigarriak ba ote dauden begiratu, bidalketa-gastuak, kasu. Izan ere, sarritan horrelako gastuak bezeroak ordaindu behar ditu eta zenbatekoa esanguratsua izan liteke. Esaterako, oparia 120 € balio dituen kafetera baldin bada eta bidalketa-gastuak 20 € baldin badira, interesgarriagoa izan liteke beste abantailaren bat eskatzea eta kafetera dendan erostea.

Gainera, askotan oparia ematearekin batera eskakizun gehigarriak egiten dituzte finantza-erakundeek, eta bezeroak oparia onartzean berarentzat horren onuragarriak ez diren produktuaren baldintzak onar ditzake, besteak beste, komisioak, interes txikiagoak, iraupen-klausulak…

Adibidez, iragarki batean ikusten dugu gure nomina helbideratzeagatik bideo-kontsola oparitzen digutela, baina baldintzak arretaz irakurriz gero  ikusiko dugu gainera 3 faktura helbideratu beharko ditugula, entitatearen produktu bat erosi (aseguruak, etab.) eta 2 kreditu-txartel egin.

Ogasunak kontuan hartzen ditu finantza-erakundeen opariak

Azkenik, gogoan izan behar da opariak ere kontuan hartzen dituela Ogasunak. Legearen arabera opariak kapital higigarriaren errendimendua dira, eta beraz, gaur egun % 21eko zerga dute. Oparia espezietan egindako ordainketa gisa azaltzen da entitateek urtea amaitzean bezeroei igortzen dien zerga-laburpen xehatuan.

Esaterako, bankuak 100 euroko kafetera oparitzen badigu kontu bat zabaltzeagatik, hurrengo Errenta Aitorpenean Ogasunak 21 euroko atxikipena egingo digu.

Azken finean, opari erakargarria eskuratzeagatik gure aurrezkiak entitate jakin batera bideratu baino lehen, baldintzak arretaz aztertzea komeni da, eta baita kontuak ateratzea ere. Modu horretan, guretzat interesgarriena den erabakia hartu ahal izango dugu.


Zein da zure erreakzioa?