Nazioarteko SEOa edo nola posizionatu nire enpresa beste herrialde batzuetan

Nazioarteko SEOa edo nola posizionatu nire enpresa beste herrialde batzuetan

3 min.

Nazioarteko SEOa edo nola posizionatu nire enpresa beste herrialde batzuetan

Digitalizazioak badu lehiakortasun-abantaila handi bat: Internet bidez merkatu berrietara iristeko aukera ematen du. Estrategia digital on batekin, zure enpresak, bezero berrietara irekitzeaz gain, salmenta gehiago lor ditzake. Baina, Internetek eskaintzen dituen gaitasun komertzialak aprobetxatu ahal izateko, hainbat jarraibide bete behar dituzu, bereziki nazioarteko SEOaren arloan.

Zure web-orria gaztelaniazko bilaketetarako optimizatuta badago ere, Txileko pertsona batek bilatzaile batean zure keyword edo gako-hitzetako bat sartzen badu, seguruenik zure enpresa ez da modu organikoan agertuko bilaketaren lehen emaitzetan. Zergatik? Besterik gabe, egokitu egin behar duelako.

Nazioarteko SEOaren helburua da zure webgunea optimizatzea, beste herrialde batzuetatik datorren trafikoa erakartzeko, eta hori funtsezkoa da enpresa bat nazioartera hedatzeko edozein prozesutan. Estrategia egokia diseinatzen baduzu, zure enpresa beste merkatu batzuetan ezarri ahal izango da, eta, gainera, lehiakortasuna handitu eta salmentak areagotu ahal izango ditu kostuak minimizatuz, hau da, eraginkortasunez.

Zure enpresa nazioartean posizionatzeko etapak

Enpresa beste herrialde batzuetan posizionatzeko orduan, etapa hauek egin beharko dituzu:

1. Aztertu zure bezero potentzialak. Edozein merkatu-azterketatan bezala, zure bezero potentzialak ezagutu egin behar dituzu, estrategia egokitu eta zein bilatzaile erabiltzen dituzten jakiteko, nonahiko Googlez gain. Txinako merkatura jotzea pentsatuta baduzu, adibidez, izan ezazu kontuan han Baidu erabiltzen dela, Japonian Yahoo dutela gogokoen, Errusian Yandex erabiltzen dela, Hego Korean Naver darabiltela eta Txekiar Errepublikan Seznam dela nagusi. Estatu Batuetako merkatuan, berriz, Google, Yahoo eta Bing erabiltzen dituzte. Garrantzitsua da hori kontuan izatea, bilatzaile bakoitzak bere iragazketa-algoritmoak eta posizionamendu-arauak baititu, eta, ezagutzen ez badituzu, alferrikakoa izango da zure lan guztia.

Era berean, zure xede-publikoak sarean nola nabigatzen duen jakin behar duzu, baita sare sozialak zenbateraino sartuta dauden ere, besteak beste.

2. Behatu zure lehiakideak. Beste herrialde batean zerk funtzionatzen duen jakiteko, zure lehiakideek zer estrategia duten egiaztatu behar duzu, eta haien web-arkitektura, edukiak eta abar aztertu. Informazio hori oso baliagarria izango zaizu posizionamendu ona lortzeko.

3. Hautatu keywordak edo gako-hitzak. Gako-hitzak aztertzea funtsezkoa da webgune baten posizionamendurako, bereziki beste merkatu batzuetara irekitzeko asmoa baduzu. Baliteke gure inguruan funtzionatzen duen keyword baten hitzez-hitzezko itzulpenak ez balio izatea beste hizkuntza edo herrialde batzuetarako. Horregatik, merkatu berria berariaz aztertu behar da, beste eskualde batzuetan egiten diren bilaketak aztertzeko.

4. Egokitu edukiak. Marketin digitalaren munduan, edukia funtsezko elementua da bilatzaileetan posizionamendu organiko ona lortzeko. Horregatik, beharrezkotzat jotzen diren ahaleginak egin behar dituzu behar bezala egokitzeko. Zure web-orriaren blogak eduki bikainak eskaini arren, baliteke, itzuli ondoren, beste herrialde batzuetan jokabide bera ez izatea. Horrek ez du esan nahi hutsetik abiatu behar duzunik, egokitu egin beharko dituzula baizik. Nazionalitate eta herrialde bakoitzak bere errealitateak, beharrak eta interesak ditu, baita hizkuntza bera izan arren ere. Argentinan, adibidez, autoei «carro» deitzen diete, eta termino horrek guztiz alda dezake bilaketen estrategia. Horregatik, zure publikoa aztertu beharko duzu, baita haren hitz egiteko modua ere. Horrez gain, herrialdearen testuingurua ezagutzea komeni da; hau da, edukiak mugatzea, leku bakoitzeko berezitasunetara egokitzen laguntzeko.

5. Aldatu web-egitura. Zure nazioarteko bihurketaren zatirik tekniko eta garrantzitsuenetako bat da. Lehenik eta behin, domeinuari buruzko erabakiak hartu beharko dituzu.

  • Domeinu bat hizkuntza edo herrialde bakoitzerako. Aukera hori posible izan arren, domeinu bakoitzaren SEOa modu bereizian jorratu beharko zenuke, eta hori oso garestia eta aurreikusi ezina izan daiteke.
  • Nazioarteko domeinua, azpidomeinu batekin: «eus.dominio.com» domeinuarekin, adibidez, Googlek kontrolatuta izango du zure webgunea, baina, adituen arabera, % 30eko ospea galduko duzu.
  • Nazioarteko domeinua, azpidirektorioarekin. Azpikarpetak edo azpidirektorioak («dominio.com/eus» motakoak) erabiltzea da aukerarik egokiena. Horrela, zure webgunea herrialde berrian lurreratzen denean, lehendik egina duen lana aprobetxatu ahal izango du, hutsetik abiatu beharrean. Hala ere, estrategia hori zailagoa da kudeatzen, eta karga-denbora luzatu egin daiteke, horrek eragiten dituen ondorioekin.
Karga-abiadura baldintzatzen duen hostinga, gainera, azken bi kasuetan berdina izan beharko da herrialde guztientzat, eta horrek moteldu egingo du. Hori saihesteko, mundu osoan zehar zabalduta dauden CDN zerbitzariak erabil ditzakezu; izan ere, horiek webgunea erreplikatzen dute, abiadura handitzeko. Bestalde, lehenengo kasuan nahikoa da hosting bat kontratatzea, zuk nahi duzun herrialdeetan kokatutako zerbitzariekin.

6. Jarri Hreflang etiketa. Etiketa hori funtsezkoa da Googlek jakin dezan zure webguneak eduki bereko hainbat URL dituela, herrialde desberdinetako erabiltzaileentzat itzulita edo segmentatuta. Zure orria frantsesez badago, adibidez, kode hau jarri beharko duzu orri bakoitzaren goiburuan:

<link rel=”alternate” hreflang=”fr” href=http://www.tudominio.com/fr/> en

7. Egin ezazu link building egokitua. Link building estrategia oso tresna baliagarria da posizionamendua hobetzeko: horregatik, kalitatezko estekak lortu behar dituzu herrialde edo hizkuntza berrietan.

Gomendio horiek jarraitzeaz gain, ez ahaztu sare sozialek gero eta eginkizun garrantzitsuagoa dutela edozein enpresa merkaturatzeko estrategian.


Zein da zure erreakzioa?