Next Generation funtsak eta LABORAL Kutxaren cyber asegurua lagungarri izango zaizkizu zeure enpresaren zibersegurtasuna hobetzeko
2022-01-31
Next Generation funtsak eta LABORAL Kutxaren cyber asegurua lagungarri izango zaizkizu zeure enpresaren zibersegurtasuna hobetzeko
Pandemian murgilduta jarraitzen dugu; beraz, Interneten erabilera handitu egin da: Espainiako 16 eta 74 urte arteko biztanleen % 93,9k erabili du 2021ean. Era berean, onlineko salmentak % 15 handitu dira urtean. Horren guztiaren eta telelanaren ondorioz, nabarmen handitu dira enpresa zein partikularrentzako mehatxu informatikoak eta ziberdelituen kopurua. Euskadin bakarrik, Internet bidezko 15.728 maula-delituren berri eman zuen Ertzaintzak 2020an, aurreko urtean baino % 18,27 gehiago, EAEko 2020ko delinkuentzia-memorian jasotzen denez. Eta, adituen aurreikuspenen arabera, kopuruak goraka jarraitzen du.
Pandemiaren eraginez, enpresa askok telelanera jo behar izan zuten bat-batean, gehienek horretarako beharrezko ezagutzarik eta baliabiderik ez zutela. Ondorioz, segurtasunerako arrisku handiak sortu ziren. Konpainiak ohituta daude beren eguneroko jardunean phising, ransomware eta pharming deritzen zibererasoak jasaten. Dena dela, komeni da balizko mehatxuen aurrean babesten jarraitzea. Helburu horrekin, gero eta dirulaguntza gehiago eskaintzen dituzte erakundeek errealitate konplexu horretara egokitzeko, hala nola industria-zibersegurtasunarena, industria-sektoreko eta lotutako zerbitzuetako enpresei Eusko Jaurlaritzak ematen diena eta SPRIk kudeatzen duena. Laguntza-programa horrek industria-zibersegurtasuna bultatzea du helburu, batez ere IT/OT (Information Technology/Operational Technology) inguruneen aurkako zibererasoen aurrean babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa bultzatzen duten proiektuak.
Next Generation funts (NGEU) berriek ere dirulaguntzen zati bat bideratu dute enpresen I+G+b alorrera eta enpresen zibersegurtasun-proiektuetarako digitalizaziora. Hori dela eta, LABORAL Next plataforma sortu du LABORAL Kutxak. Doako aholkularitza-zerbitzua da, Europako funts horiek eskaintzen dituzten aukera guztien inguruko informazioa jasoko duena. Gida azkar baten moduan erabili ahal izango dute enpresek eta negozioek, sortzen zaizkien zalantzak argitzeko.
Gaur egun, zibersegurtasunari lotutako sei laguntza-programari buruzko informazioa aurki dezakegu:
- Kit digitala. Autonomo, ETE eta mikroETE-entzako irtenbide digitalak ezartzeko dirulaguntzak dira. Kit digitalak 10 alorretako digitalizazio-proiektuak garatzeko bonua eskaintzen du, eta zibersegurtasuna da alor horietako bat. Gehieneko dirulaguntza 12.000 €-koa da. Gaur egun itxita dago laguntza horretarako deialdia, baina berriro laster irekiko dela aurreikusten da.
- Ikerkuntza-proiektuak. Adimen artifiziala eta beste teknologia digital batzuk ikertzeko, garatzeko eta balio-katean integratzeko proiektuetarako laguntzak dira. Enpresen I+G+b eta ekintzailetza teknologikoaren alorretako proiektuak finantzatzea da laguntza-programa horren helburua. Gaur egun, itxita dago laguntza horretarako deialdia.
- Zientzia eta Berrikuntza Misioak (ETEak eta enpresa handiak). I+G+b-aren alorreko inbertsio pribatua eragitea du helburu, produkzio-sarearen gaitasun teknologikoa eta berrikuntza sendotzeko eta ikerkuntza aplikatua bultzatzeko. Laguntza-programa horrek lankidetza-proiektuen garapena babesten du, baldin eta gutxienez hiru enpresak parte hartzen badute horietan. Diruz lagundu beharreko bederatzi proiektu-mota zehazten ditu programak. Hauxe da horietako bat: informazioaren segurtasuna, pribatutasuna eta zibersegurtasuna bultzatzea Espainiako XXI. mendeko ekonomian eta gizartean. Gaur egun itxita dago laguntza horretarako deialdia, baina 2022ko apirilean berriro irekiko da eskaerak jasotzeko epea.
- Basque Industry 4.0. Laguntza-sorta horren onuradunak industria-sektoreko enpresak dira, betiere fabrikazio aurreratuan aplikatutako EIKTen alorreko proiektuak garatzen badituzte. Zehazki, industria-ikerkuntzako eta garapen esperimentaleko proiektuak dira dirulaguntzen xede. Eta zibersegurtasuna da dirulaguntzak jaso ditzaketen hamar alorretako bat. Gaur egun, itxita dago laguntza horretarako deialdia, baina 2022ko apirilean berriro irekiko da eskaerak jasotzeko epea.
- Enpresentzako 5G Programa. Diruz laguntzen du 4.0 industriako teknologiei (tartean da zibersegurtasuna) lotutako proiektuetan 5G teknologia ezartzea. Edozein enpresak jaso ditzake programa horien laguntzak, sektorea eta tamaina edozein direlarik ere. Gaur egun, itxita dago laguntza horretarako deialdia.
- I+G+d-ra bideratutako proiektuak (Automobilgintza Jasangarriko Programa Teknologikoa). Automobilgintzako enpresentzako sektore-mailako laguntza da. Gaur egun, itxita dago laguntza horretarako deialdia.
Laguntza horiez gain, LABORAL Kutxak irtenbide osagarriak eskaintzen ditu zibersegurtasunaren arloan gauzatzen diren hobekuntza guztietarako. Hala, cyber aseguruek helburu hau dute: enpresek —sektorea eta tamaina edozein dela ere— beren zereginetan jardutean hartzen dituzten arriskuak konpentsatzea eta zibereraso batek eragin diezazkiekeen ondorioen zati bat aseguru-konpainien esku uztea. Horretarako, zibersegurtasunean espezializatutako enpresekin elkarlanean jarduten du LABORAL Kutxak. Horietako bat Hiscox da, merkatuko estaldura- eta zerbitzu-sortarik osatuenetako bat eskaintzen duen enpresa. Hona hemen estaldura eta zerbitzurik nabarmenenak:
- Kalteberatasunen analisia.
- Datuak eta sistemak berreskuratzeko gastuak.
- Gorabeherei erantzutea.
- Irabaziak galtzea, negozioa eteteagatik.
- Estortsio zibernetikoa.
- Isunak ordaintzea, datuen babesaren alorrean (GDPR).
- Identitatea ordeztea (phisinga).
- Lege-aholkularitza eta auzitegiko informatika-zerbitzua.
- Langileentzako prestakuntza-ikastaroak.
- Ekipamenduak babestea eta laguntza teknologikoa.
Eman izena eta sartu LABORAL Nexten: zure enpresaren beharretara zer dirulaguntza egokitu daitezkeen jakingo duzu. Eta zibereraso batek eragin dezakeen inpaktu ekonomikoa ezagutu nahi baduzu, arrisku-kalkulagailu honen bidez balioesten lagunduko dizugu. Ondoren, jarri harremanetan enpresa-aseguruetako gestore espezializaturekin, zure LABORAL Kutxa bulegoaren bidez, eta balizko eraso baten arriskua minimizatzeko irtenbiderik onena proposatuko dizu.
Zein da zure erreakzioa?