Nire negozioak Interneten egon behar al du?

Nire negozioak Interneten egon behar al du?

3 min.

Nire negozioak Interneten egon behar al du?

Egia esan, galdera hori erretorikoa dela esan genezake, erantzuna honako hau bakarrik izan baitaiteke: Bai, Interneten egon behar du. Internetek duela denbora asko utzi zion pribilegiatu gutxi batzuek bakarrik erabil zezaketen edo ordenagailu bidez bakarrik erabil zitekeen zerbait berria izateari. Gaur egun, Internet gure egunerokotasunaren barnean sartzen da, eta gero eta gailu-mota gehiagoren bitartez sar daiteke sarera, tableten eta mugikorren bitartez, esaterako.

Espainiako Informazioaren Gizarteari buruzko urteko bere azterketan, Telefonica Fundazioak honako premisa hau planteatu zuen: “Zure ustez, teknologiaren arloan aurreratuta egoteak are erakargarriagoa egingo luke...”, eta inkesta bete zutenen % 80k enpresa bat are erakargarriago bihurtzen duen balio bat dela erantzun zuten.

Horrenbestez, gure galderak honako hau izan beharko luke: Nola eta non erakutsi beharko genuke gure jarduera Interneten? Web bat izan behar dugu? Blog bat? Sare sozialak? Zein sare...?

Web bat: gure aurkezpen-txartela

Gure negozioa txikia bada ere (auzoko paper-denda bat, herriz herri ibiltzen den salmenta-zerbitzu bat...), web-orriek aurkezpen-txartel gisa jarduten dute zer eskaintzen dugun, non gauden, gure ordutegiak zein diren eta abar adierazteko orduan. Gainera, horien bitartez Interneteko bilatzaile bat erabiltzen duten etorkizuneko bezeroengana irits gaitezke, horiei guk egiten dugun zerbait eskaintzeko. Google-en agertzen ez bagara, existituko ez bagina bezala da.

Zentzu horretan, tokiko negozioentzat oso estrategia ona izan daiteke Google “My Business” doako erreminta erabiltzea. Google My Business erremintak zure enpresaren informazioa sartzen du Google Bilaketa, Maps eta Google+ erremintetan, bezeroek edozein gailutatik aurki zaitzaten.

Web-orririk ez baduzu ere erabil daiteke Google My Business, baina norbere web-orria izatea gomendatzen da, kanpo-zerbitzu baten menpekotasunik ez izateko. Hori da, hain zuzen ere, jabea izatearen eta alokairuan egotearen arteko desberdintasuna; azken kasu horretan, jabeak uneoro ezartzen dituen baldintzak bete behar dira.

Blog bat: Dakiguna jakitera emateko modurik onena

Web baten bidez gure buruak enpresa gisa aurkeztu eta datu garrantzitsuenak ematen baditugu, blog batekin gure negozioari buruz dakigun guztia azal diezaiekegu gure ustezko bezeroei, gure sektoreko aditu gisa finkatzeaz gain.

Wordpress, Blogger edo Medium −guztietan berriena− plataformek komunikabide txiki eta sinple bat sortzea ahalbidetzen digute, gure xede publikoari informazio erabilgarria eskaini ahal izateko. Horretarako, uneoro argitaratu behar ditugu edukiak (hasteko, post 1 argitaratu dezakegu bi astez behin, eta gero, post 1 astero); dena den, hitz egin nahi dugun gaien txantiloi bat diseinatu behar dugu aurretiaz.

Facebook: zure iragarkietarako segmentaziorik onena

Facebook da erabiltzaile gehien dituen sarea, baina ez da hori sare horren alderdirik erakargarriena. Facebooken, oso inbertsio txikia eginez gero, gure produktua edo zerbitzua modu segmentatuan iragarri dezakegu, hau da, gure iragarkiak guk adierazitako ezaugarriak betetzen dituzten pertsonei bakarrik agertzea kontrola dezakegu, eta hori da, hain zuzen ere, Facebooken alderdirik interesgarriena. Musika-akademia bat badugu, esaterako, iragarkia gure hirian bizi diren, adin jakin bat duten eta, gainera, musika gustatzen zaien pertsonei agertzea aukera dezakegu.

Gainera, Facebook leku natural bat da, eta bertan, jendeak gure negozioaren jarduera edo iritziak bilatzen ditu. Horregatik, gure profila egunean izanez gero, bezeroek are konfiantza handiagoa izango dute gure zerbitzuak edo produktuak erosteko orduan.

Twitter: networkingerako eta bezeroari arreta eskaintzeko erreminta garrantzitsu bat

Tradizioz, Facebooken gure senitartekoak eta lagunak izan ohi ditugu kontaktu gisa; Twitter-en, ordea, askoz errazagoa da harreman profesionalak finkatzea. Kontaktu horiek aurkitzen laguntzeko hainbat erreminta daude, eta Audiensek, adibidez, segmentazio-aukera ugari eskaintzen ditu jende interesgarria aurkitu eta horiei jarraitzeko (hitz-gakoaren, kokapenaren eta abarren bitartez). Pertsona horiek lokalizatu ostean, aipamen publiko bat gaineratzen duen mezu bat bidal diezaiekezu, eta zuri jarraitzea erabakitzen badute, elkarrizketa pribatu bat abiaraz dezakezu horiekin. Gogoratu sareetan hitz egitea eta partekatzea dela helburua, eta ez gainerako erabiltzaileei zerbait eskatzeko bakarrik erabiltzea.

Gainera, Twitter bezeroari arreta eskaintzeko erreminta garrantzitsua da, eta gero eta erabiltzaile gehiagok erabiltzen dute zalantzak argitzeko, saltokiaren ordutegia edo zerbitzu jakin bat eskaintzen duzun ala ez galdetzeko, eta haren baldintzak jakiteko, esaterako.

Eta jakina, badira sarean duzun kokalekua hobetzen lagunduko dizuten baina horrenbesteko gizarte-eragina ez duten beste sare sozial batzuk ere. Arropa edo oparitzeko artikuluak saltzen dituen negozio bat baduzu, adibidez, gero eta erabiltzaile gehiago dituen sare batean, Instagramen esaterako, erakutsi nahi izango dituzu ziurrenik.

Garrantzitsuena...

Zure negozioaren ezaugarrietan pentsatzea da, baita zure gaur egungo bezeroek nahiz bezero potentzialek zer bilatu dezaketen baloratzeko beharrezko denbora hartzea ere. Non daude bezero horiek? Zein irudi helarazi nahi diet? Galdera horien erantzunek nortasun egokia sortzen eta hornitzen lagunduko dizute, zure negozioa Interneten izateak eskaintzen dituen aukeren erakusleiho paregabea izaten, alegia.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Teknologia Segurtasun informatikoa