Nola antzeman langileen motibazioak eta nola sustatu produktibitatea?

Nola antzeman langileen motibazioak eta nola sustatu produktibitatea?

3 min.

Nola antzeman langileen motibazioak eta nola sustatu produktibitatea?

Lanean motibazioa izatea da lan-errendimenduaren eta enpresa-lehiakortasunaren giltzarrietako bat. Oso ezaugarri indartsua da eta, hari esker, pertsona batek bere muga profesionalak gaindi ditzake; era berean, inspirazio-iturri izan daiteke plantillako gainerako langileentzat. Baina, nola motibatu lantalde bat?

Askotan, motibaziorik ezaren arrazoi nagusia soldata desegoki batekin lotuta egoten dela uste dugu. Motibazio hori lortzea eta denboran mantentzea askoz konplexuagoa da, eta beste elementu batzuk ere behar ditu, hala nola langileentzako hitzaldi motibagarriak, malgutasuna eta lidergoa. Gehienetan, enpresa batean lan egiteko motibazioak lanean gora egiteko aukerarekin egoten dira lotuta, baita lanpostuaren malgutasunarekin eta aintzatespen profesionalarekin ere, besteak beste.

Motibazio profesionalak eta lidergoaren garrantzia

Baina plantilla bat motibatu ahal izateko, langileak estimulatzen dituzten elementuak ezagutu behar dira lehenengo, lanpostuan gustura sentiarazten dituztenak eta produktibitatea hobetzen laguntzen dutenak, hau da, haien motibazioak. Eta hori lortzeko modu bakarra dago: lanbideko edo laneko zein alderdi interesatzen zaizkien galdetu behar zaie, baita haien lehentasunak zein diren eta errendimendu hobea zein alorretan izan dezaketen ere. Une horretatik aurrera, enpresak pertsona bakoitzaren gaitasun profesionalekin kontrajarri behar ditu lehentasun horiek, hala, lanpostu bakoitzerako pertsonarik egokiena nor den zehazteko eta langile-hautaketak edo barne-ebaluazioak berme osoz egin ahal izateko.

Dena den, badira plantilla bat motiba dezaketen elementu osagarriak ere. Horietako bat da plantilla zuzentzen duen pertsonaren lidergoa. Haren zeregina erabakigarria da, bai lanaren ikuspuntutik, bai pertsonen ikuspuntutik: trakzio-efektua du bere taldeko guztiengan, bakoitzaren gaitasunen arabera antolatzen ditu egitekoak eta errealismoz zehazten ditu helburu profesionalak.

Horretaz gain, enpresek ere hainbat modutara susta dezakete taldeen motibazioa.

Zure langileak motibatzeko jarraitu beharreko urratsak

  • Lehenik eta behin, enpresek argi eta garbi mugatu behar dituzte pertsona bakoitzaren egitekoak eta bakoitzaren eginkizun profesionalak, eta ahal izanez gero, bi alderdiek adostu behar dute rol hori.
  • Langileek beharrezko baliabideak izan behar dituzte beren jarduera profesionala berme eta fidagarritasun osoarekin betetzeko.
  • Erakundeak prestakuntza profesionala sustatu eta barne-informazioa eman behar die langileei, hala, erantzunkidetasuna sortzeko.
  • Era berean, lan-malgutasuna bultzatu eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko neurriak hartu behar ditu.
  • Eta azkenik, talde-lana sustatu behar du.
Prozesu hori gauzatzeko, erakundeek motibazio-coachinga erabiltzen dute askotan, langileentzako motibazio-programa. Izan ere, lan-giroa hobetzea, produktibitatea handitzea, hobetzeko grina eta talde-lana bultzatzea eta, azken batean, langile motibatuak lortzea da helburua.

Lan pertsonala, motibazioa areagotzeko giltzarria

Hala ere, estimuluek ez dute beti enpresan edo kanpoan izaten jatorria. Askotan pertsonak gara gure motibazioa hobetu dezakegunak, jarrera jakin batzuk aktibatze hutsarekin. Hona hemen lanerako motibazioa hobetzen saiatzeko hainbat alderdi:
  • Zehaztu anbizio handiko helburuak eta banatu hainbat fasetan. Gainditu ahala, zure azken helburutik gertuago zaudela sentituko duzu.
  • Aurkitu zure lanaren alderdi motibatzaileak eta izan itzazu gogoan uneoro.
  • Egin aurre zure erronka guztiei ilusioz.
  • Eskaini helburu garrantzitsuei behar duten denbora eta ahalegina. Gogoratu zure lanaren kalitatea dela zure ongizatea zehazten duen gauzetako bat: ondo egindako lanak sekulako gogobetetasuna ematen du.
  • Izan itzazu beti gogoan zure helburuak. Eta gogoratu oztopoak bidearen parte direla. Horregatik, har itzazu normaltasunez eta gaindi itzazu, zure helburuetatik ez aldentzeko.
  • Mantendu jarrera positiboa eta inguratu zu bezalako pertsonez. Hartu gauzak irribarre batekin eta bilatu beti gauzen alderdi positiboa. Optimismoa eta motibazioa oso kutsakorrak dira.
  • Jardun ezazu diziplinaz, bereziki gutxien gogoko dituzun gauzekin. Saia zaitez horiek prestuen zaudenean egiten, eta gogoratu lanak uste baino askoz ere eramangarriagoak eta errazagoak izaten direla, jardunean hasten zarenean.
Lantaldea motibatzeko giltzarri horiek jarraitzen badituzu edo barneratzen badituzu, hobetu egingo dira zure produktibitatea eta erakundearen barruko lan-giroa, baita zure errendimendua eta gogobetetasuna ere.


Zein da zure erreakzioa?