Nola aztertu eta hobetu zure enpresaren finantza-osasuna

Nola aztertu eta hobetu zure enpresaren finantza-osasuna

3 min.

Nola aztertu eta hobetu zure enpresaren finantza-osasuna

Enpresa orok finantza-osasun ona izatea behar du xedetzat; horregatik, hura aztertzea da negozioaren egoera eta etorkizunean ager daitezkeen arazoak analizatzeko modurik eraginkorrena. Kontzeptu horrek konnotazio asko ditu lotuta, baina horietako bi nabarmentzen dira beste guztien gainetik: kaudimena eta, batez ere, lasaitasuna. Enpresak finantza-osasuna duenean, kutxako betebeharrei aurre egiteko behar den indarra du, finantzaketa-iturri sendoak eta dibertsifikatuak ditu eta, beraz, negozioa errentagarritzat jo daiteke. Hala ere, negozio baten finantza-egoera zehatz-mehatz ebaluatu ahal izateko, behar-beharrezkoa da geldialdi bat egitea eta erabakigarriak diren hainbat parametro aztertzea, negozioaren state of the art deiturikoa ezagutzeko. Ariketa horri esker, negozioaren orainari eta etorkizunari buruzko funtsezko erantzunak lortu ahal izango dituzu.

Kontuan hartu beharreko funtsezko alderdiak

Lau parametro hauek enpresaren finantza-osasunari gutxi gorabeherako diagnostiko bat egitea ahalbidetuko dizute.

  • Kaudimen ekonomikoa. Kaudimena gakoetako bat da edozein negoziok funtziona dezan. Kaudimena duen enpresa gai da bere finantza-betebehar guztiei estutasunik gabe aurre egiteko eta, azken batean, finantza-osasun ona izateko. Zure enpresaren kaudimen ekonomikoa neurtzeko, zorrei berehala erantzuteko gaitasuna duen egiaztatu behar duzu, eta, horretarako, ezinbestekoa da, batetik, zor bizia kontabilizatzea eta, bestetik, ondare garbia aztertzea. Ikuspuntu kuantitatibotik, ondare garbia aktibo osoarekin zatituta kalkulatzen da kaudimen-ratioa. Eragiketa horri esker, baliabide propioekin finantzatuta dauden aktiboen proportzioa jakin ahal izango duzu: eragiketa horretatik ateratako ratioa 0,33 bada, zure enpresak kaudimen-zifra ezin hobeak ditu. Bestalde, emaitza negatiboa bada, porrot egiteko zorian dago.
  • Likidezia-ratioa. Likidezia da negozio batek etorkizunean izango duen egoera aurreratzeko ahulgune eta adierazgarri fidagarrienetako bat. Parametro hori egiaztatzeko, zure enpresak duen diru-kantitatea eta aktiboen erabilgarritasuna aztertu behar dituzu, epe laburrera dituen zor-betebeharrei erantzuteko. Gogoratu behar da enpresen porrotik gehienak kutxako arazoek eragiten dituztela. Horregatik, negozioa epe labur eta ertainean bizirik mantentzeko lehentasunetako bat da zorra kontrolpean izatea eta testuingururik zailenetan ere zure aktiboak diru bihur daitezkeela ziurtatzea; hau da, salmentek sarrerarik sortzen ez dutenean eta epe laburrera zorrak kobratzea aurreikusten ez denean.
  • Finantzaketa-iturriak. Finantzaketa-iturrien dibertsifikazioa funtsezkoa da finantza-osasun ona izateko. Enpresak oreka aurkitu behar du bazkideek emandako kapitalaren eta kanpoko iturrietatik datorrenaren artean, eta, bigarren kasu horretan, bankuaren finantzaketa duela ziurtatu behar da.
  • Errentagarritasuna. Errentagarria izatea eta, ahal izanez gero, lehenbailehen etekinak lortzea da enpresen helburua. Baina, askotan, ez da beharrezkoa berehalako errentagarritasuna izatea: enpresak errentagarritasunik gabe iraun dezake denbora-tarte jakin batean, hartzekodunek eta inbertitzaileek horretarako aukera ematen badute; dena den, epe luzera errentagarritasuna eskatuko zaio. Negozio baten errentagarritasun-ratioa neurtu ahal izateko, irabazi eta diru-sarrera guztien arteko lotura zehatza ezarri behar duzu, irabazi garbia negozio-zifrarekin zatituta. Zenbat eta handiagoa izan eragiketa sinple horren emaitza, hots, marjina garbia, orduan eta handiagoa izango da haren segurtasuna eta finantza-osasuna.

Berrikusi zure enpresaren eguneroko kudeaketa

Baina ez dira aipatutako parametroak bakarrik kontuan hartu behar. Izan ere, zure eguneroko kudeaketan hainbat ekintza egin ditzakezu gero ezustekorik ez izateko.

  1. Izan ezazu antolaketa egokia. Antolaketarik eza ohiko arazoa izaten da enpresa txiki eta ertainetan, horietan pertsona bakar bat arduratzen baita hainbat eginkizunez. Antolaketarik ezak nolabaiteko kontrol falta eragiten du diru-sarreren eta gastuen artean, ordainketen, transferentzien eta beste alderdi batzuen eraginez. Horregatik, saia zaitez zure enpresaren kontuak kontrolatuta izaten eta maiz aztertzen, horrelako arazorik ez izateko.
  2. Murriztu funtsezkoak ez diren gastuak eta bilatu eraginkortasuna. Edozein ekonomiatan funtsezkoa da sartzen dena baino gutxiago gastatzea, bereziki negozio baten finantza-osasuna mantentzeaz hitz egiten dugunean. Aztertu zein gasturi uko egin diezaiokezun eta saiatu ezartzen eraginkorragoa izaten lagunduko dizuten tresnak.
  3. Bilatu hazteko aukerak. Zure diru-sarreren eta gastuen urteko berrikuspena egiten duzunean, xehetasun gehiagorekin aztertu ahal izango dituzu hazteko aukerak.

Gogoratu zure enpresaren finantza-osasuna dela kaudimenaren eta bideragarritasunaren adierazlerik onenetako bat. Beraz, saia zaitez egunero hobetzen, eta aztertu aldian behin hori lortzen lagunduko dizuten parametroak.


Zein da zure erreakzioa?