Nola erabili audioa erabiltzaile-esperientzia hobetzeko
2021-04-09
Nola erabili audioa erabiltzaile-esperientzia hobetzeko
2007an, ahots-elkarrizketen bidez erabiltzailearekin elkarreragiteko gai zen aplikazio bat sortu zuten Dag Kittlaus eta Adam Cheyer ekintzaileek. Aplikazio horrek, gainera, hitzezko agindu errazen bidez mugikorreko beste aplikazio batzuk aktibatzen zituen, teklarik sakatu gabe. Ordutik, eta Siri ahots bidezko laguntzaile birtual gisa finkatu zenetik, audioa marketin digitalaren munduan sartu da pixkanaka, eta, gaur egun, erabiltzaile-esperientziako joeretako bat da. Enpresek kontuan hartu beharko dute audioa, beren produktuari edo zerbitzuari buruzko eduki garrantzitsua sortzeko, baita marka-balioak komunikatzeko ere.
Podcastak
Lehenak izan ziren audifikazioaren fenomeno horretara iristen, eta protagonismo handia hartu dute, audioek mezuei emozioak —baita pasioa ere— transmititzeko gaitasuna baitute; irudiak, askotan, arazoak izaten ditu horretarako. Marka lantzeko tresna bikaina izateaz gain, besteak eta norbera trebatzeko modua ere berrasmatu dute podcastek.
Hain zuzen, podcastak enpresa askoren eduki-estrategien osagaietako bat dira dagoeneko; izan ere, kalitatezko preskriptoreengana jotzen dute enpresek, markarentzat balio handia duten eta bezeroentzat interesgarriak izan daitezkeen mezuak zabaltzeko, betiere «irrati berriaren» formatu horretan. Hori bereziki garrantzitsua da erabiltzaile-esperientzia ezin hobea sortzeko, batez ere elkarrizketen, interes orokorreko zenbait gairi buruzko iritzi espezializatuen eta umore-tarteen bidez, besteak beste. Gainera, webgunea edo bloga aberasteko aukera ematen dute, bai eta gai jakin batean interesa duten erabiltzaileak fidelizatzen laguntzeko ere. Labur esanda, hainbat abantaila ditu:
- Merkeak dira, eta bideoak baino errazago egiten dira.
- Neurrira egindako edukiak dira: edozein unetan eta lekutan kontsumi daitezke.
- Hurbilak dira, eta konfiantza ematen dute.
- Informazio baliotsua eta erabilgarria ematen dute.
Clubhouse: sare soziala baino gehiago, konektatzeko aukera bat
Clubhouse soinuan soilik oinarritutako sare soziala da, Twitch-en antzeko funtzionamendua duena. Oraingoz, beta fasean dago eta iOS sistema eragilean soilik erabil daiteke (gonbidapen bidez, gainera). Alabaina, ez da zaila izango gonbidapen bat lortzea, aurten hasiera-hasieratik erabiltzaile-kopurua gero eta handiagoa baita. Bestalde, azken hilabeteetan funtzionalitate interesgarri batzuk gehitu ditu, hala nola klubak sortzeko eta, zenbait erabiltzailerentzat, monetizatzeko aukera.
Gaur egun, Clubhouse sarean audio-aretoak (room deritzenak) ireki edo planifika ditzakete erabiltzaileek, aldian-aldian. Anfitrioiak proposatutako gaian interesa duten pertsonak sartzen dira room horietara, publikoki edo, gonbidapen bidez, modu pribatuan. Aretoan dauden pertsonek hitz egiteko txanda eska diezaiokete anfitrioiari, eskua altxatuz, elkarrizketan parte hartzeko. Bestalde, ez dago gutxieneko denborarik, eta, beraz, elkarrizketak 5 minutu edo ordubete iraun dezake, lortu nahi diren helburuen arabera.
Zer abantaila ditu zerbitzuak ezagutzera eman nahi dituen enpresa batentzat?
- Produktuari edo zerbitzuari buruzko elkarrizketak sortzeko aukera ematen du, eta parte-hartzaileak galderak egitera gonbidatzeko, parte har dezaten. Konektatzeko aukera bat da.
- Azkar eta merke focus group izeneko taldeak sortzeko aukera ematen du, produktuak edo zerbitzuak hobetzen laguntzeko.
- Taldeen prestakuntza errazten du, baliabide eta denbora gehiegi erabili beharrik gabe.
- Entzuleak marka-balioekin lotutako edukiaren inguruan fidelizatzeko beste modu bat da.
Ziur askotariko erabilera berriak bururatu zaizkizula dagoeneko. Azken batean, markaren inguruan erabiltzaileak duen esperientzia hobetzen laguntzeko modu berria da, hitzaldietan edo eztabaidetan oinarritua. Hona hemen Euskadiko zenbait klub, enpresaren munduarekin eta networkingarekin lotuta daudenak: Basque Startups, Bilbao Capital del Mundo, Basque Valley (frantsesez) eta Danetik Euskaraz.
Twitterreko, Instagrameko eta LinkedIneko audio-oharrak
Podcastek eta Clubhousek sortutako aukera ikusita, gainerako sare sozialek ez dute atzean geratu nahi izan, eta haiek ere audio-funtzio berriak gehitu dituzte.
Twitterrek, harien eta 280 karaktereen sareak, funtzio bat gehitu du iOS sistema eragilea duten gailuentzat; txat-areto publikoak sortzeko aukera ematen du. Txat-areto horietan 140 segundoko txioak edo ahots-oharrak bidal daitezke, sare sozial hori erabiltzen dutenek entzun ahal izan ditzaten. WhatsAppeko ahots-oharren oso antzekoa da. Twitter Spaces du izena funtzio horrek, eta, oraingoz, Appleren zenbait erabiltzailerentzat soilik dago eskuragarri. Bestalde, Twitterrek ez du oraindik argitu Android sistema eragilea duten gailuetan ere ezarriko duen. Ekimen horren abantaila da aplikazioak berak audioa zatitzen duela, 140 segundotik gora luzatzen bada, erabiltzaileek mezuaren xehetasunik gal ez dezaten. Funtzio hori marketinaren eta enpresaren mundura ekarrita, sareko erabiltzaile guztiei aukera emango die markarik gogokoenaren berri izateko, harekin enpatizatzeko eta eduki pertsonalizatuak eta beren interesen araberakoak entzuteko, botoi bat sakatuta.
LinkedInek iragarri du audioan oinarritutako Telegramen edo Discorden antzeko argitalpen-mota berri bat ari dela lantzen. Instagramek, halaber, 4 parte-hartzaileren arteko elkarrizketak ahalbidetzen ditu bere live room izeneko aretoetan.
Horrek guztiak erakusten digunez, audioa gero eta garrantzitsuagoa da enpresen komunikazio- eta marketin-estrategian; izan ere, erabiltzaile-esperientzia hobetzeko aliatu sendoak bihurtu da.
Zein da zure erreakzioa?