Nola eragiten du nire hipotekaren kuota edo epea murrizteak?

Nola eragiten du nire hipotekaren kuota edo epea murrizteak?

2 min.

Nola eragiten du nire hipotekaren kuota edo epea murrizteak?

Diru estra bat iritsi zaizu? Aurreztea lortu duzu eta zure hipotekaren zati bat amortizatu nahi duzu? Interes-tasek oso baxuak izaten jarraitzen badute ere, diru horren beharrik ez baduzu eta zure hipoteka-maileguaren zati bat kitatu nahi baduzu interesen ordainketa aurrezteko, oso erraz egin dezakezu, zuzenean zure Online Bankatik edo LABORAL Kutxaren Banka Mugikorretik. Baina simulazioarekin hasi aurretik, garrantzitsuena erabaki behar duzu: maileguaren zati hori nola amortizatu. Bi aukera dituzu, eta bakoitzak bere abantailak ditu:

  • Hipotekaren kuota murriztea. Zure aurrezkiak hipotekaren hileko kuota murrizteko erabiltzea erabakitzen baduzu, honako abantaila nagusi hau lortuko duzu: hileko kuoten zenbatekoa nola murrizten den ikusiko duzu, eta beraz, hilean diru gehiago izango duzu zure gainerako gastu pertsonalei aurre egiteko. Aitzitik, hipoteka sinatzean zuren erakundearekin adostutako amortizazio-epea bere horretan mantenduko da. Oro har, aukera honen aldeko hautua egiten duten pertsonek lasaitasun handiagoa nahi izaten dute, eta hilero likidezia handiagoa izatea.
  • Amortizazio-epea murriztea. Aurrezki horiek amortizazio-epea murriztera bideratu nahi badituzu, ez da hileko kuoten zenbatekoa murriztuko (orain arte bezala mantenduko da), erakundearekin zure zorra kitatzeko adostu zenuen epea baizik. Aukera honen abantaila nagusia da maileguagatik ordaindu beharreko kuoten kopurua txikiagoa izango dela eta errentagarritasun handiagoa lortuko duzula, interesetan dirua aurreztuko duzulako. Oro har, aukera hori aukeratzen duten pertsonei garrantzitsuagoa iruditzen zaie erakundearekiko zorra lehenbailehen kitatzea, hilero kuota txikiagoa ordaintzea baino.
Gainera, amortizazioak egiteko orduan, zerga-izaerako zenbait alderdi izan behar dituzu kontuan. Hipoteka 2013. urtea baino lehen egin bazenuen eta zure ohiko etxebizitza bada, ordaindu dituzun kantitateen % 15 ken dezakezu zure errenta-aitorpenean; kantitate hori 9.040 eurokoa izan daiteke gehienez, hau da, 1.356 euro ere aurrez ditzakezu. Eta urtean zehar ordaindu dituzun kuotak 9.040 euroko muga horretara iristen ez badira, kapital-amortizazio aurreratua egin dezakezu kantitate horretara iritsi arte, ahalik eta gehien desgrabatu ahal izateko.

Bigarrenik, gogoratu zure hipotekaren amortizazioak mesede egingo dizula errenta-aitorpenari dagokionez, interesak eta amortizazio-kuotak kengarriak baitira, aurreko urtean ordaindutako kantitateen arabera. Beraz, iaz zure maileguaren amortizazioa egin bazenuen, ez ahaztu hurrengo errenta-aitorpenean txertatzea, zerga-onurak lortzeko.

Informazio hori guztia jaso eta zure premietara gehien egokitzen den aukera erabaki ondoren, zure Online Bankara edo Banka Mugikorrera sartu eta honako urrats sinple hauek jarraitu behar dituzu:

  1. Sartu Finantzaketa fitxan eta zabaldu aukerak.
  2. Sakatu Simulatu edo amortizatu mailegua atalean.
  3. Aukeratu zure maileguaren zati bat amortizatu edo mailegu osoa amortizatu nahi duzun.
  4. Zati bat amortizatzea aukeratzen baduzu, sartu kitatu nahi duzun kantitatea. Une horretan, sistemak amortizazio-kuota edo -epeak murriztu aukera dezazula eskatuko dizu.
  5. Egin amortizazioa. Zure beharretara gehien egokitzen den aukera hautatu ondoren, eragiketa balioztatu besterik ez duzu egin beharko.
Edonola ere, zalantzaren bat izanez gero, jarri harremanetan LABORAL Kutxaren zure bulegoko kudeatzaile pertsonalarekin edo deitu Telebanka zerbitzura, 901 333 444 zenbakira.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Inbertsio estrategiak Hipoteka hobeak