Nola jarri abian online denda bat
2018-01-08
Nola jarri abian online denda bat
Agian noiz edo noiz pentsatu duzu online denda bat abian jartzea, zer egin behar den horretarako edo produktuak Internet bidez saltzeko. Zure kontura lan egiteko jarduera izan daiteke, edo zure negozio fisikoa zabaltzeko modua, edo aparteko diru-sarrera, besterik gabe. Zeure produktuak saldu nahi badituzu, bi aukera dituzu: ‘marketplace’ baten bidez eskain ditzakezu edo, bestela, zeure online dendan saldu.
Zeure produktuak ‘marketplace’ batera igotzea
Zenbait dendatako produktuak biltzen dituen webgunea da ‘marketplace’ delakoa. Ezagunena Amazon da (egian esan, saltoki mistoa da, ‘marketplace’ izateaz gain bere produktuak ere saltzen baititu); Aliexpress, eBay, Privaliaeta Wallapop ere mota horretako guneak dira. Hasteko modu interesgarria izan daiteke, erabiltzaile ugari baitituzte.
Azpiegitura ‘marketplaceak’ berak jartzen duenez, ordainketen kudeaketan, logistikan eta marketinean aurreztuko duzu, plataformak arduratzen baitira alderdi horiez. Haatik, ezingo dituzu zure produktuak nahieran erakutsi, arauetara egokitu beharko duzu (esklusibotasunik ez duzu izango, adibidez), prezioak etengabe berrikusi, doitu eta alderatu beharko dituzu, lehiakideak klik bakarrera izango dituzu… Era berean, `marketplaceak’ komisio bat ezarriko dio zuk saldutako produktu bakoitzari.
Zeure denda zeure web-orrian
Ez baduzu egon nahi ‘marketplace’ baten baldintzen mende, zeure produktuak saltzeko zeure web-orria sor dezakezu. Horretarako, hasieran dirua jarri beharko duzu domeinua (zure webaren helbidea) eta ostatatzeko zerbitzua (zure webeko fitxategiak hartuko dituena) erosteko, eta diseinuaz eta programatzeaz arduratuko den pertsonari ordaindu beharko diozu. Ausartzen bazara, zuk zeuk sor dezakezu zeure weba, doako CMSak (Content Management System edo edukien kudeatzaileak) erabiliz. Jarraian, horiek dituzten ezaugarrietako batzuk ikusiko ditugu.
Aukeratu ondo edukien kudeatzailea
Zure online salmentarako gunea prestatzeko erabiliko duzun softwarea izango da negozioa kudeatzeko, produktuak igotzeko eta abarrerako zuzeneko tresna. Zure beharren arabera (produktuen kopurua, ordaintzeko moduak, hizkuntzak eta abar kontuan hartuta) aukeratu beharko duzu erabiliko duzun plataforma, asko baitaude.
Prestashop : online dendak sortzeko plataformarik zabalduena Europan, ezin hobea negozio txiki eta ertainentzat. Instalatzeko eta erabiltzeko erraza. Txantiloi editagarri asko ditu, diseinua aldatzeko. Aukeratzen duzunaren arabera ordaindu beharko duzu.
Magento : saltoki elektroniko mota guztientzako baliagarria den edukien kudeatzailea. Gainerako plataformek baino ahalmen gehiago ditu. Nolanahi ere, instalatzeko eta erabiltzeko zaila da eta mantentze-kostu handia du.
Drupal : diseinu fidagarria duen edukien kudeatzaile hori baliagarria da negozio gehienetan. Baina erabilerraza bada ere, instalazioa du eragozpenik handiena, ez baita erraza.
WooCommerce : ez da softwarea, WordPresserako plugin bat (osagarri bat) baizik. Hau da, webak WordPressen txantiloia erabili behar du. Plugina erabat doakoa da eta funtzio asko eskaintzen ditu, baina pertsonalizatu nahi baduzu eta aparteko funtzioak erantsi, instalatutako osagarri bakoitzari dagokion zenbatekoa ordaindu beharko duzu.
Hodeiko salmenta-plataforma erabiltzea
Gauzak errazago egin nahi badituzu beste aukera bat duzu: lotu zure domeinua hodeiko plataformetako batekin. ‘Out of the box’ esaten diete eta erabiltzeko prest daude. Hodeian daudenez ez dute hosting edo ostatatzerik behar, eta askotariko tarifak dituzte (hilero ordaindu behar da). Instalatzeko errazak dira, oso intuitiboak eta erabilerrazak.
Ezagunena, beharbada, Shopify da. 14 egunez doan probatzeko aukera eskaintzen du. Ondoren, hilean 29 eta 299 euro bitarteko prezioak ditu, eta kasu guztietan produktuen kopurua mugagabea da. Shopifyk ere komisioa kobratzen du saldutako produktu bakoitzeko, % 2koa oinarrizko planean, esaterako.
Prestashop Cloud izan zen hodeiko lehen doako plataforma (ordaindu beharreko txantiloiak ere baditu). Merkataritza elektronikoan oztopoak ezabatzeko sortu zutela diote sustatzaileek, eta enpresaburu txikiei eta autonomoei bideratuta dago. Modulu asko eskaintzen ditu, baina garrantzitsuak diren batzuk ez, eta aparte erosi behar dira.
BigCommerce ere plataforma interesgarria da, guztia eginda eskaintzen dizu, zure negozioari ekin diezaiozun. Doan proba dezakezu 15 egunez, eta gero zerbitzuak, produktu mugagabeekin, hilero ordain ditzakezu (29,95 eurotik 249,95 eurora). Urte osoko ordainketa eginez gero % 10eko deskontua egiten dute (hilean 26,95 eurotik 224,95 eurora bitartean ordainduko duzu horrela).
BigCartel artelanen edo sormen-lanen esparrura bideratuta dago. Online salmentarako bestelako gunea eskaintzen die era guztietako artistei (margolari, eskultore, moda-diseinatzaile, bitxigile…). Prezioak, hileko, 9,99 euro eta 29,99 euro artekoak dira (25 produktu eta 300 produktu arteko eskaintzak). Ez dute salmenta bakoitzeko komisiorik kobratzen, eta hori abantaila da. Zerbitzua doan probatzeko aukera ematen dute, gehienez 5 produkturekin.
Azkenik, ez ahaztu, gorde ezazu aurrekontuaren zati bat marketinerako, publizitatea egiteko, nabarmentzeko, SEO edo Interneteko bilatzailetan duzun posizionamendua hobetzeko. Kontuan izan inork ez zaituela ezagutzen, edo oso jende gutxik. Aholkua: erabili sare sozialak zeure burua ezagutzera emateko eta zure bezeroekin etengabe harremanetan egoteko.
Zein da zure erreakzioa?