Nola kalkulatu autonomoen zerbitzu-aurrekontu bat (aplikazioa: freelance kalkulagailua)
2015-06-29
Nola kalkulatu autonomoen zerbitzu-aurrekontu bat (aplikazioa: freelance kalkulagailua)
Zenbat kobra dezaket nire zerbitzuen trukean? Zenbat ordaintzeko prest daude nire bezerogaiak? Asko arriskatuko dut aurrekontua oso goian ezartzen badut? Eta oso behean ezarriz gero? Galdera horiek maiz egingo dizkiogu geure buruari, autonomoak bagara eta zerbitzu profesionalak eskaintzen baditugu. Jarduera bakoitza mundu bat da, zalantzarik gabe; baina, gu jarraibide batzuk ematen ahaleginduko gara, saiakeran galdu gabe aurrekontua egiterik izan dezazun.
Gastu zehatzak, orokorrak eta mozkinak
Ganorazko aurrekontuak hainbat alderdi hartu behar ditu kontuan: kontratatutako zerbitzua bera, zeregin horretan sortzen diren gastu guztiak eta autonomo edo enpresa txiki garen aldetik ditugun gastu orokorren zati bat. Gainera, mozkin txiki bat ere sortu beharko genuke. Begi-bistakoa dirudi; halere, horiek guztiak aintzat ez hartzearren, aurrekontu desegokiak egiten ditugu sarritan, eta, fakturatutako kopurua handia iruditzen bazaigu ere, baliteke dirua galtzea azkenean.
Eman beharreko urratsak
- Helburua zehaztea: urtean zer kopuru GORDIN irabazi nahi dugu?
- Gure jardueraren gastu finkoak kalkulatzea
- Lan-lekua alokatzea -> 150 euro hilean
- Internet- eta mugikor-gastuak -> 50 euro hilean
- Gestoria -> 50 euro hilean
- Autonomoen kuota (kasuaren arabera) -> 265 euro hilean
- Hileko gastu finkoak guztira -> 515 euro hilean
- URTEKOA GUZTIRA -> 515 x 12 = 6.180 euro urtean
- Urteko kopuru gordina eta urteko gastuak batzea
21.000 + 6.180 euro = 27.180 euro urtean
- Hileko fakturazioa kalkulatzea
Urteko 27.180 euroko fakturazioa / 11 hilabete = 2.470 euro fakturatu behar ditugu hilean.
- Orduko prezioa kalkulatzea
Gure hileko fakturazio-helburua 2.470 euroan ezarrita dugunez eta salmentak hilean 100 ordutara mugatuko direnez, horrela geratuko da gure orduko prezioa: 2.470 euro / 100 ordu = 24,70 euro orduko.
Berriz diogu: urtean irabazi nahi dugunaren mende egongo da prezio hori. Gainera, adibide honetan kopuru gordinez (zergarik gabekoez) ari gara, eta, beraz, hileko benetako likidezia txikiagoa izango da beti. Gehiago edo gutxiago irabazi nahi dugun, hein horretan egingo du gora edo behera orduko prezioak. Eta, oraintxe kasu praktiko batez azalduko dugunez, proiektu bakoitzak mozkin-marjina bat izan beharko du erantsita.
Kasu praktikoa:
Demagun programatzaile autonomo bat garela eta web-orrialde baterako aparteko funtzio bat eta zerbitzari-aldaketa bat eskatu digutela. Proiektuaren ezaugarriak aztertutakoan, benetako lana 40 ordukoa izango dela kalkulatu dugu. Kontuz, benetako lana 40 ordukoa bada, eskainiako denbora astebete baino gehiagokoa da. Segur aski, hauxe da gure aurrekontuko zatirik subjektiboena, edozein kopuru gutxi gorabeherakoa izango da eta. Esperientziak asko lagunduko digu, batez ere iraganean denbora kudeatzeko programaren bat erabili badugu, antzeko proiektuetan gure denbora neurtzeko. Lanerako aurreikusitako ordu kopurua kalkulatutakoan, egokia da ezustekoetarako % 10 eta bezero-kudeaketarako beste % 10 gehitzea.
Beraz, hauxe da emaitza:
- Lanari berari eskainitako orduak -> 40 ordu
- Ezustekoetarako % 10 -> 4 ordu
- Bezeroaren kudeaketarako % 10 -> 4 ordu
- Guztira: 48 ordu
- Aparteko gastuak (urtebeterako web-zerbitzua) -> 70 euro
- Sartutako orduak guztira -> 48 ordu x 24,7 euro orduko = 1.185,6 euro
- Proiektuari lotutako kanpoko gastuak -> 70 euro
- Kostua guztira -> 1.255,6 euro
Une honetan, mozkin-marjina gehitzea komeni da. Bota dezagun mozkina % 10ekoa dela:
1.255 (kostu-prezioa) + % 10 (125,5 euro) = 1.380,5 euro
Autonomo txikiak garen aldetik, mozkin hori beharrezkoa eta ia saihestezina dela ahazten dugu maiz. Ez da beharrezkoa gure poltsikorako, gure jarduerari egoki funtzionatzen laguntzeko poltsa bat izateko baizik. Kopuru hori etorkizuneko inbertsioetarako (ordenagailu berria erosteko, ikastaro bat egiteko, jardunaldi batzuetan parte hartzeko, pentsio-planetarako…) edo ezustekoei (bezeroen ez-ordaintzeei, adibidez) aurre egiteko erabili ahal izango dugu.
Amaitzeko
Kostu-prezioaren oinarrizko aldagaiaz gain, beste batzuk ere hartu behar dira aintzat: bezero mota (kalitatezko zerbitzua jasotzeagatik gehiago ordaintzeko prest dagoen, edo beste zerbait bilatzen duen), zer merkatutan ari garen (gure prezioak lehiakorrak izan daitezen, baina mandatuak lortze hutsagatik prezioak bota gabe, luzera kalte egingo diogulako gure negozioari) eta gure esperientzia eta balio-proposamena.
Zein da zure erreakzioa?