Nola mugitzen gara? Garraioari buruzko azterketa: zer gustatzen zaigun eta zer ez
2018-03-27
Nola mugitzen gara? Garraioari buruzko azterketa: zer gustatzen zaigun eta zer ez
Trena distantzia luzeetarako dugu gustuko, hirian nahiago dugu oinez edo bizikletaz joan, eta autoa da gehien banantzen gaituen garraiobidea.
Nola joaten zara lanera? Erdialdetik urrun zaude eta maiz lekualdatzen zara? Landako herri batean bizi zara eta oinarrizko zerbitzuak jasotzeko arazoak dauzkazu? Garraioa da bizi garen gizarteko kezka handietako bat, azkar eta sarritan mugitzea eskatzen baitigu. Hori dela eta, LABORAL Kutxan jakin nahi izan dugu jendeak gai horri buruz zer esaten duen. Zeintzuk dira gure kexak? Eta gure irrikak? Hona hemen Interneten 5.100 iruzkin baino gehiago aztertu ostean aurkitu duguna.
Trenez eta abiadura handiaz, horrelaxe dugu atseginen lekualdatzea
Gure ikerketaren arabera, distantzia ertain eta luzerako gehien balioesten den garraiobidea abiadura handiko trena da. Zeintzuk dira abantailak? Nagusia da, % 31rentzat, helmugara azkar eta garaiz iristen dela. Gainera, balioesten da asko itxaron behar ez dela (% 28), erosoa dela (% 24) eta istripu gutxi egoten direla (% 17). Alde txarra? Bada, gehiengo zabalak (% 75) uste du txartelak garestiak direla. Horrez gain, ingurumenean duen eragina gaitzesten dute (% 15) eta geraleku gehiegi daudela aipatzen dute (% 10).Arrazoi horiez gain, noizbehinka garrantzi txikiagoko beste batzuk ere aipatzen dira, adibidez, trenek kafetegia eduki ohi dutela, pelikulak ikusi ahal direla edo maleta bidaiariaren ondoan joaten dela. Halaber, garrantzi txikiagoko alderdi negatiboak daude, esate baterako, bagoietan intimitaterik ez dagoela edo linea edo geraleku jakin batzuen hutsunea nabaritzen dela.
Hirian, bi hankaren gainean ibiltzea da erosoena… edo bi gurpilen gainean
Joan-etorri luzeetarako trena nahiago dugun arren, hirirako oinez edo bizikletaz joatea dugu gogoko. % 35ek esaten dutenez, ibiltzea gustatzen zaie gehien, osasunagatik, erosotasunagatik eta ongizateagatik, baina hori egiteko denbora gehiago edukitzea nahiko lukete. % 33k bizikleta aukeratzen dute; garraiobide horretarako berariazko errei gehiago eskatzen dituzte, baina oso merkea da eta aire zabalaz gozatzea ahalbidetzen du. Gehien gustatzen den hiri-garraiorako hirugarren aukera tranbia da (% 22), eta azkena, bizikleta elektrikoa.Motor baten laguntzaz pedalei eragiteak aukera ematen digu aldapetan bulkada edukitzeko eta gehiegizko esfortzurik gabe distantzia handiak egiteko; horrela, lan egiteko edo edozein jarduera gauzatzeko moduan iristen gara. Horixe ahalbidetzen digu bizikleta elektrikoak. Eta gorantz doa gero eta jende gehiagok gomendatzen duelako. Aipatu berri ditugun abantailez gain, orobat esaten da ergonomikoa dela eta tolestu ahal diren edo aldapa behera bateriak kargatzen dituzten modeloak daudela. Interneten aipatzen diren eragozpenak bakarrik bi dira, baina garrantzitsuak: prezioa eta autonomia. Hau da, nahiko genuke merkeagoa izatea eta bateriak gehiago irautea.
Garraio publikoa: praktikoena eta arduratsuena
Garraio publikoa atsegin dugu hori erabiltzea praktikoa delako, baita kontzientzia sozialagatik ere. Hiri-autobusak, trenak eta tranbiak erabilgarriak iruditzen zaizkigu zerbitzu-maiztasun altuagatik (% 26), puntualtasunagatik (% 23), prezioagatik (% 21), geralekuen hurbiltasunagatik (% 17) eta eserlekuen eskuragarritasunagatik (% 13).Arazoa hiriaz kanpoko eremuetan bizi diren pertsonek daukate, babesgabe sentitzen baitira haien zonan garraio publikorik ez izateagatik. Kezkatuta daude osasun- edo hezkuntza-zentroetarako joan-etorriak zaildu daitezkeelako eta atsekabea adierazten dute landako edo herrien arteko garraioari eragiten dieten aurrekontu-murrizketak direla eta.
Autoa: maite ala gorroto
Argi dago: autoak banandu egiten gaitu. Garraiobide horri buruzko balioespenak muturrekoak izan ohi dira. Ia neurri berean desiratzen da eta erruduntzat jotzen da. Aldeko zenbait argudio: independentzia pertsonala ematen du (% 19), edonora iristen da (% 14), azkarra da (% 11) eta, pertsona batzuen ustez (% 6), objektu estetiko ederra da eta plazerra ematen du gidatzean. Alderdi negatibo batzuk, ordea, hauek dira: istripuak (% 25), autoa ez oso ekologikoa eta zaratatsua dela (% 13), aparkatzea zaila dela (% 8) eta mantentze-gastu altuak dauzkala (% 4).Zer hobetu nahiko genuke distantzia luzeko garraioan?
Erantzuna desberdina da bidaiatu nahi dugun, barruan gauden edo ibilbidea jadanik amaitu dugun. Hegazkinean, trenean edo autobusean igo baino lehen, nahiko genuke kontrolak azkarragoak izatea (% 21) eta txartelak linean erostea errazagoa izatea (% 18). Ibilbidean, leku gehiago (% 26) eta eserleku ergonomikoagoak (% 15) nahiko genituzke eta, gero, edozein gorabehera konpontzeko zuzeneko komunikazio-kanal eraginkor bat gustatuko litzaiguke (% 20).Hiri-garraioari dagokionez, herritarrek gehien eskatzen dutena jardunbide egokiak dira, bai ingurumenari bai jasangarritasunari dagokienez.
Horregatik, txalotzen eta eskertzen dute bizikletazko zirkulazioa normalizatzea, tranbia sustatzea, hirietan abiadura murriztea eta pixkanaka garraio publiko elektrikorako joera izatea.
Mugikorrak garraioa goitik behera aldatzen ari dira
Haiei esker, ibilgailua partekatzeko jendea bilatu edo taxiaren antzeko zerbitzu pribatu bat aurkitu ahal da, telefono mugikorra erabiliz bakarrik. Garraioa kudeatzeko appez ari gara, mugitzen garen modua iraultzen ari baitira. Interneten positibotzat jotzen dira. Balioesten da erosoak direla, prezioak hobetzen dituztela eta ingurumenari dagokionez jasangarriagoak diren erabakiak errazten dituztela.% 30i autoa partekatzeko bidea ematen dutenak gustatzen zaizkie (adibidez, BlaBlaCar); % 20ri, taxiaren moduko zerbitzua eskaintzen dutenak (hala nola Uber edo Cabify); eta % 15i, bizikleta alokatzeko udal-zerbitzuak kudeatzea ahalbidetzen duten aplikazioak.
LABORAL Kutxan bizi garen gizartea nolakoa den aztertzen dugu. Bazatoz bat gehiengoarekin?
Jakin nahi duzu zer pentsatzen duen jendeak etxebizitza ezin hobeari, lanari, banku-zerbitzuei, kirola egiteari edo bere kultura-azturei buruz? LABORAL Kutxan aldizka aztertzen dugu jendeak interes orokorreko mota guztietako gaiei buruz duen iritzia, eta testuetan eta infografietan kontatzen dizugu. Zer diozu? Badatoz bat zure iritziak gehiengoarekin?- Banku-zerbitzu digitalak: Ordainketa-ordutegia eta langileria-falta, jendearen kexa nagusiak
- Kirol amateurra: Ikertu dugu zer dagoen “runner” direlakoen gorakadaren atzean eta aurkitu dugu jende asko korrika egitearen zale amorratua dela.
- Familia: Familiako bizimodu berriei buruzko eztabaidak. Pertsona kontserbadoreenek beren bizimodua berresten dute, eta beste batzuek, ordea, amatasun- eta aitatasun-era berrietarako eskubideak eskatzen dituzte.
- Etxebizitza ezin hobea: Uste dugu ez zaiola ezer falta. Zer iruditzen zaizu zuri?
- Kontsumo-ondasun handien erosketak: Aurkitu dugu gastatzen dugun modua adinarekin aldatu egiten dela.
- Kultura-azturak: Bazenekien jende gehienarentzat kultura eguneroko bizitzari ihes egiteko modu positiboa dela?
- Gabonetako opariak: Gehien gustatzen zaiguna dirua eta teknologia dira.
Zein da zure erreakzioa?