Nola neurtzen dugu jasangarritasuna LABORAL Kutxan?

Nola neurtzen dugu jasangarritasuna LABORAL Kutxan?

4 min.

Nola neurtzen dugu jasangarritasuna LABORAL Kutxan?

Gizartearekin eta ingurumenarekin dugun konpromisoaren zati gisa, jasangarritasuna sartu dugu gure estrategian eta TCFD nazioarteko estandarra betetzeko konpromisoa hartu dugu.

Arazoa hor dago eta larria bezain urgentea da. Aldaketak eragin ditu giza jarduerak gure planetaren tenperatura erregulatzeko sisteman, eta ez dakigu aldaketa horiek zenbateraino diren itzulezinak, betiere kontuan izanda horren ondorioak oso txarrak izan daitezkeela epe ertain eta luzean. Hamarkada erabakigarri honetan klima-larrialdiari emango diogun erantzunaren mende, eta NBEk mundu osoko gobernu, enpresa eta erakundeei 2030. urtera Garapen Jasangarrirako Helburuak beteta ditugula iristeko botatako erronkari emango diogun erantzunaren mende egongo da guztia.

Nola jakin dezakegu benetan aurrera egiten ari ote garen? Hau da, nola neurtzen da jasangarritasuna? Galdera horri erantzuteko Finantza Egonkortasuneko Kontseiluaz eta TCFD estandarraz hitz egin behar dugu. Horren harira, lau parametrotan biltzen ditu klima-aldaketarekin lotutako gure aurrerapausoak estandar horrek: gobernantza, estrategia, arriskuaren kudeaketa eta metrikak.

Zer da Finantza Egonkortasuneko Kontseilua eta zertan datza TCFD estandarra?

FSB Finantza Egonkortasuneko Kontseilua ekonomia krisian sartu eta handik urtebetera sortu zen, 2009ko apirilean, nazioarteko finantza-egonkortasuna sustatzeko informazio-trukea gehitzearen, ikuskapeneko lankidetzaren eta finantzen zainketaren bidez. Finantza-egonkortasunaren ardura duten estatuko eta nazioarteko agintari eta erakundeak biltzen ditu, eta, haiekin batera, erregulatzaileen eta ikuskatzaileen nazioarteko elkarteak, Europako Banku Zentrala eta banku zentraletako aditu-batzordeak.

Erakunde horrek Task Force on Climate-related Financial Disclosures TCFD izeneko lantalde bat du, zeinak helburutzat enpresek inbertitzaileei, mailegu-emaileei eta aseguru-harpidedunei klima-aldaketarekin lotutako arriskuak ebaluatzen eta finkatzen laguntzeko ezagutarazi beharko lituzketen arrisku fisikoak eta trantsiziokoak aztertzea duen. Helburua da karbono-emisio gutxiagoko ekonomia baterako trantsizioari lotutako finantza-inplikazioak hobeto ulertu ditzatela eta, horrekin batera, erabaki hobeak hartzen laguntzea, eta kapitalaren esleipen eraginkorrago bat ahalbidetzea.

2017an, lantalde horrek klima-aldaketarekin lotutako finantza-aitorpenei buruzko gomendioak argitaratu zituen eta iaz LABORAL Kutxak estandar hori lehen aldiz aplikatzea erabaki zuen jasangarritasunaren arloan egindako aurrerapausoak aztertzeko.

Lau azterketa-parametro: gobernantza, estrategia, arriskuen kudeaketa eta metrikak, eta helburuak

Erakundeak jasangarritasunaren esparruan egindako aurrerapausoak biltzen ditu LABORAL Kutxan burutu dugun azterketak, eta lau parametrotan banatzen ditu.

Gobernantza: klima-arriskuaren kudeaketa erakundearen gobernuan

Nola kudeatzen ditu erakundeak klimarekin lotutako arrisku eta aukerak? Zer gobernu-ereduri jarraitzen dio hori egiteko? Nola gobernatzen da erakundea esparru horretan? Atal honetan erantzuna ematen zaien galderetako batzuk dira horiek.

LABORAL Kutxaren kasuan Arriskuen Batzordeak ematen dizkio aholkuak Kontseilu Errektoreari arrisku garrantzitsu guztien kudeaketan eta ikuskapenean, eta azken organo hori arduratzen da erakundearen jasangarritasun-arloko ekintzak berrikusteaz. Gainera, LABORAL Kutxaren Ingurumen Batzordeak –ingurumen-kudeaketari buruzko gaietarako bereziki diseinatutako organoak– aztertzen ditu ingurumen-programaren eta ISO 14001 ziurtapenaren esparruan erakundea eraginpean hartzen duten arrisku eta aukerak.

Estrategia: nola inplementatzen da klima-aldaketaren inpaktua erakundean? 

Zer egiazko eta balizko inpaktu dituzte klimarekin lotutako arriskuek eta negozioetako aukerek? Eta erakundearen estrategian eta finantza-plangintzan?

Gomendio horri erantzuteko LABORAL Kutxan erregai fosiletarako esposizio-kalkulua barne hartu dugu gure Jasangarritasun Memorian eta, horrekin batera, jasangarritasuna integratu dugu 2020-2022 aldiko gure estrategiaren elementu gisa, eta finantza jasangarriko estrategia bat landu dugu. Gainera, gure arduradunetako batzuk programa batean parte hartu dute finantza jasangarriei buruzko nazioarteko finantza analistak prestatzeko eta 10 orduko prestakuntza-plan bat inplementatu dugu, non klimarekin lotutako arrisku eta aukerak barne hartuko diren.

Arriskuen kudeaketa: Zer prozesu ezarri dira arriskuak identifikatu, ebaluatu eta kudeatzeko?

Zer prozesu erabiltzen dituzte erakundean klimarekin lotutako arriskuak identifikatzeko? Nola ebaluatzen dira arrisku horiek? Nola kudeatzen dira?

LABORAL Kutxan ingurumen-arriskuak kontrolatzeko prozedura bat dugu, blog honetan bertan lehen ere aipatu genizuna, enpresa-eragiketak finantzatzeko. Gainera arriskuen eta aukeren azterketa egiten dugu ISO14001 ingurumen-ziurtapenaren esparruan, eta baztertze-irizpideak ezarri ditugu gure finantzaketa- eta inbertsio-eragiketetan. Era berean, Banka Arduratsuaren printzipioetan barne hartutako konpromisoak garatu ditugu eta ingurumen-arriskuak inbertsioan integratzeko erregelamendu-arauen multzo bat inplementatu dugu.

Metrikak eta helburuak: Zeintzuk erabiltzen dira arriskuak ebaluatu eta kudeatzeko?

Zer metrika eta zer helburu erabiltzen dira klimarekin lotutako arriskuak ebaluatzeko eta kudeatzeko? Eta aukera esanguratsuenak?

LABORAL Kutxaren 2020ko Jasangarritasun Memoriak gure jarduerari buruzko datu esanguratsuak hartzen ditu barnean, hala nola gure emisioak % 83an murriztea –energia berriztagarrien alde egin dugun apustuari esker–, baita energia berriztagarriei ematen diegun finantzaketari buruzkoak ere. Gainera, klimari buruzko arriskuak sartzen jarraitu dugu, eta epe luzerako emisioen murrizketarekin eta zorroaren esposizioarekin lotutako helburuak finkatzeko posibilitatea ere aztertzen dugu.

Txosten oso baliagarria epe labur, ertain eta luzerako zereginak definitzeko

Klima-aldaketari buruzko TCFDren gomendioei jarraitzen zien lehen txostena landu genuen 2020an. Oso esperientzia positiboa izan zen, hurrengo ekitaldiko ekintza-lerroak ezartzeko baliagarri izan baitzitzaigun, eta hurrengo ekitaldian burutu genituen zeregin konkretuak atera ziren azterketa horretatik.

Besteak beste, 2021ean klima-aldaketaren arriskuen eta aukeren azterketa egin genuen eta gure gobernantza jasangarritasunaren ikuspuntutik berrikusi genuen, eta nazioartean NBEk eta Europar Batasunak finkatutako irizpideekin lerrokatutako finantza jasangarrien estrategia bat lantzeko helburua finkatu genuen, baita datuaren gobernantza-plan bat lantzeko helburua ere. Halaber, gure plantillari finantza jasangarriei buruzko prestakuntza ematea erabaki genuen, baita finantza-jardueren inpaktu-azterketa bat egitea ere Nazio Batuen eta Europar Batasunaren argibideei jarraikiz.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Jasangarritasuna