Norberaren finantzak kontrolatzeko aplikazio mugikorrak

Norberaren finantzak kontrolatzeko aplikazio mugikorrak

3 min.

Norberaren finantzak kontrolatzeko aplikazio mugikorrak

Haur ginela amesten genuen etorkizuna bizi dugu, nahiz eta ez garen zilarreztaturiko txandalekin janzten eta ez dugun irristari hegalaririk erabiltzen. Telefono mugikorren ordez, patrikako ordenagailuak ditugu, deiak egiteko ere balio dutenak (hala ere, eguna mezuak idazten ematen dugu eta ez horrenbeste hizketan). Gailu horiek duten ahalmena ahalik eta gehien erabili behar dugu, gure egunerokotasunean lagun gaitzaten. Horrela, etxeko finantzak antolatzeko ere lagungarri izan daitezke. Nork ez du patrikan kontulari lagunkoia eraman nahi?Finantzak kontrolatzeko aplikazio mugikorrekin ez dugu dirua irabaziko, baina hori baino garrantzitsuagoa den zerbait eskaintzen digute: informazioa. Zenbat diru dugun jakinik, errazagoa da erabakitzea erosi asmo dugun galtzarik gabe bizi gaitezkeen edo zapata garestiagoak erosteko moduan gauden. Datu arruntenak eskura ditzakegu, esate baterako, kontuan dugun diru kopurua. Baina, horrekin batera, beste datu ugari ezagutuko dugu, besteak beste, egiteko ditugun ordainketak, jasotzeko ditugun diru-sarrerak eta baita kontzeptu bakoitzarekin xahutu ohi dugun diru kopurua. Modu horretan, gastuen aurreikuspen errealista egin ahal dugu. Horrela aurreztea lor dezakegun arren, hori ez da azken helburua; baizik eta euro bakoitza zoriontsuago egingo gaituen hartan xahutzea. Finean, aste edo hilabete batzuk igaro ondotik ez damutzea da erosketa onaren baldintza.

Urte asko dira ordenagailu batekin etxeko kontularitza kontrolatzeko aukera ematen duten aplikazioak agertu zirela. Baina, horretarako, etxera iristean xahutu dugun guztia hartu behar dugu gogoan. Aplikazio mugikorrekin gastuak unean bertan adierazi ahal izango ditugu. Maiztasunez egiten badugu, finantzak ahalegin berezirik egin gabe kontrolatzea ahalbidetuko digun aztura bilakatuko da egun gutxiren buruan.

Funtsean Euskadiko Kutxaren aplikazio mugikorra instalatzea baino ez dugu egin behar. Aplikazio hori iPhone, iPad, Android eta Blackberry gailuetan erabil daiteke. Aplikazio horrekin hainbat eragiketa egin ditzakegu, besteak beste, kontuak behatu, transferentziak egin, mugikorra kargatu edota bulegoak bilatu. Baina erabilgarritasuna areagotu egin daiteke jarraian adierazten diren gaztelaniazko finantza-aplikazioetako batekin uztartuz gero. Hauek dira iOS (iPhone) eta Androiderako (Googleren sistema) gehien erabiltzen direnak:

Mis gastos

iOS (1,79 euro) eta Android (3,04 euro)

Suediatik iritsitako aplikazio horrekin erosketa, faktura, diru-sarrera eta gastu bakoitza kontularitzan barneratzea oso erraza da. Erabiltzaileak gastu eta diru-sarrera errepikariak adierazi behar ditu eta, ondoren, uneko transakzioen batura egin behar du: adibide batera, ogi bat edota gas-faktura. Egunaren amaieran zenbat diru xahutu duen ikus dezake. Horrez gain, ikuspegia aldatuta asteko, hileko edo, are, urteko egoera beha dezake.

Aurretiazko aplikazio bat da, izan ere, duela bi urte Apple etxeak bere plataformako onenetakoen artean nabarmendu zuen. Ordudanik, beti salduenen artean izan da, ziurrenera nahikoa merkea delako. Erabiltzaileak kexu azaldu dira, iPhonerako bertsioa Androiderako bertsioa baino landuagoa dela esanez, Googleko sisteman oraindik erabilgarria bada ere (5etik 3,8ko balioespena, batez beste). Kategoriak pertsonalizatzeko aukera ematen du aplikazioak eta, hain zuzen, hori da ezaugarri nagusietako bat; modu horretan, etxeko edozein erabiltzailek erabiltzeko molda daitekeelako. Datuak kalkulu-orri batera esporta daitezke, esate baterako, Excelera. Horrela, etxera iristean, mugikorra gorde eta ordenagailura jo daiteke, erosoago lan egiteko.

Moneywiz

iOS (4,49 euro) eta Mac OS X (21,99 euro)

Erabiltzaileek puntuazio gorena eman diote ia: 5etik 4,50 eta ez da harritzekoa. Interfaze oso zaindua du eta, are garrantzitsuagoa dena, iPhone, iPad eta mahaigaineko programaren artean sinkronizazioa ahalbidetzen du. Horrela, datuak kudeatzea askoz errazagoa da: kalean gaudela, mugikorrean unean egindako gastu bakoitza adierazten dugu eta, etxera iristean, ordenagailua hartu eta orotariko ondorioak atera ditzakegu. Haatik, Mac ordenagailua behar da, izan ere, oraindik ez dago Windows, Linux edo webgune bidez erabiltzeko bertsiorik (bateragarritasunarekin lotutako arazoak konponduko lituzkeena).

Sinkronizazioa oso erabilgarria da erabiltzaile batek bere kontuak une bakoitzean erosoen zaion gailuarekin kudeatzeko. Horrez gain, hainbat pertsonak kontu bera elkarren artean kudeatzeko aukera ematen du. Adibide batera, bikote batean pertsona bakoitzak bere ohiko gastuen batura egin dezake eta, ondoren, familiako kontularitzan txertatu. Eta, behar baino gehiago xahutuz gero, sistemak aurrekontu gutxi edo agortua dagoela ohartaraziko digu, gorabehera hori berandu baino lehen ebazteko.

Easy Money

Android (7,99 euro)

Aplikazio sinple baina oso erabilgarria. Baliatu Androidek ematen dituen abantailetako batzuk (gaur egun, iPhone gailuan erabil ezin daitezkeenak, esate baterako ‘widget’ direlakoak), esate baterako, hastapen-pantailatik azken transakzioa adierazteak lan asko aurrezten du. Halako tresnek eman dezaketen guztia eskaintzen du, aukera sorta zabal batekin.

Baditu alde negatiboak, esate baterako, gaztelaniazko itzulpena nahiko eskasa da. Horrez gain, AEBko finantza-premietara bideratzen da eta haiek ez datoz beti gure premiekin bat. Horrela, gurean ohikoagoa da ordainagirien ordainketa helbideratzea eta, horrenbestez, funtzio oroigarria ez dugu gehiegi erabiliko.

Badira beste aplikazio batzuk, besteak beste, iOS sistema eragilerako All Budget, Your Money Pro eta Piglet eta Android sistema eragilerako Mi presupuesto, Tupaco eta Control de gastos. Aukera ugari ditugu (agian gehiegi), baina ez da komeni tresna horiekin itsutzea: gure gastuen jarraipena egunero eta modu sinplean egin ahal izatea da garrantzitsuena. Gainerakoan, norberak ikusiko du zer egin.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Online bankua Inbertsio estrategiak