Nuria Gisbert: «Emaitzak modu egokian komunikatu behar dira, ezagun egin daitezen eta emaitza gehiago ekar ditzaten»
2021-02-05
Nuria Gisbert: «Emaitzak modu egokian komunikatu behar dira, ezagun egin daitezen eta emaitza gehiago ekar ditzaten»
Nuria Gisbert elkarrizketatu dugu. 20 urtetik gorako lan-eskarmentua du eta CIC energiGUNEko zuzendari nagusia da 2015etik. Energia-biltegiratzearen arloan Europako zentro garrantzitsuenetako bat den horretako buru izateaz gain, Gisbertek industria-proiektu ugari zuzendu ditu, eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) lankidetzan mentoringaren inguruko ikerketan dihardu, garapen profesionalerako formula egokia delakoan. Horregatik, hain zuzen, hainbat erakunderi aholku eman eta mota horretako programak abian jartzen lagundu du.
ENPRESENTZAKO BANKA: Gaur egun, ingeniaritzarekin lotutako ikasketetan, nabarmena da gizonen eta emakumeen arteko arrakala.
NURIA GISBERT: «Umetan, ez nentorren bat garai batean neskei zegozkien estereotipoekin. Gustuko nituen eraikuntza-jolasak, Scalextrica eta programatzea. 13 urterekin, ingelesa ikasteko udako ikasle-truke batean, ni baino bi urte zaharragoa zen Monica izeneko ikaskide batek esan zidan ingeniari aeronautikoa izan nahi zuela. Hark erakutsitako ingeniaritzarekiko zaletasun biziak eta motibazioak eragin handia izan zuten nigan. Orduan konturatu nintzen neskok ere aukera genuela karrera teknikoak egiteko. Etxera itzultzean gurasoei esan nien, eta hortik aurrera haien baldintzarik gabeko laguntza izan nuen».
BE: Iaz Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen Enpresa Saria jaso zenuen. Zer garrantzi izan zuen zuretzat goraipamen horrek?
NG: «Orduan esan nuenez, saria oso garrantzitsua izan da niretzat. 2012tik joan izan naiz sariak emateko ekitaldira, eta 2015etik elkarteko kide ere banaiz. Erreferente garrantzitsua diren emakumeak eta lagunak ikusi ditut saria jasotzen, eta ez nuen uste saritua izango nintzenik, hautagaien maila handia kontuan hartuta». «Ondo dakit sari hori CIC energiGUNEko lantalde osoarentzat dela, guztion ahalegin eta lanari esker gaudelako Europako energia-biltegiratzearen arloko 3 zentro garrantzitsuenen artean. Beraz, lantalde osoa zoriondu nahi dut, saria guztiona baita».
BE: Nola sortu zen CIC energiGUNE zuzentzeko aukera?
NG: «Aldaketa-une batean izan zen, Jesus Goiri CIC energiGUNEko aurreko zuzendaria erretiroa hartzekotan zen eta patronatuak hautaketa-prozesua iragarri zuen. CIC microGUNE proiektuaren zuzendari nintzen, eta egitasmoa bukatzen ari zenez, neure burua hautagaitzat aurkeztea erabaki nuen. Eta hor hasi zen guztia». «CIC energiGUNEn lanean hasi nintzenerako, zentroak oinarri oso sendoak zituen, eta energia-biltegiratzearen arloan erreferentziazko erakunde gisa posizionatuta egotearekin konprometitutako lantaldea zuen. Aldaketa-garai hartan, aurrean erronka handiak genituela, lantaldearen baldintzarik gabeko babesa jaso nuen, eta bide horrek ekarri gaitu honaino».
BE: Zein izan da, zure ustez, zauden lekura iristeko gakoa?
NG: «Nigan sinistu duten pertsona askoren babesa izan dut, eta, zorionez, lankide bikainak izan ditut bidaide. Familiaren babesa ere izan dut, batez ere senarrarena; nire lanaren betebeharrak ulertu ditu eta baldintzarik gabe lagundu nau. «Maila pertsonalean, ahalegin guztiak egin ditut beti proposatu dizkidaten erronkei aurre egiteko. Lan eta ahalegin handiak eginez, lankide izan ditudan taldeak ahal den neurrian zaintzen saiatu naiz. Haien laguntzarik gabe ez nukeen lortuko».
BE: Enpresa-munduan aintzatetsita sentitu al zara?
NG: «Egia esan, ez dut aintzatespen pertsonalik bilatu modu proaktiboan. Ingeniaria naizenez, lanaren aintzatespena eta lankide izan ditudan taldeen emaitzak bilatu ditut». «Nire lehen mentoreetako batek behin esan zidanez, “ona izateaz gain, on itxura eduki behar da”, eta orduan ez nengoen horrekin ados. Baina denborarekin ikusi dut arrazoi zuela, eta emaitzak modu egokian komunikatu behar direla, ezagun egin daitezen eta emaitza gehiago ekar ditzaten». «Enpresa-munduaren aintzatespena komunikazio-testuinguru horretan iritsi zaidala uste dut».
BE: Lidergoari buruzko aholku bat eman beharko bazenu, zein izango zen?
NG: «Hasteko, esango nuke guztiok garela lider geure bizitzan eta baita lan egiten dugun taldeetan ere. Geure ingurunea eta mikrokosmos txikia hobetzen lagun dezakegu». «Gaineratuko nuke ez garela izan behar guk geure buruari ezarritako edo besteek inposatutako iritzi murriztaileen biktima. Aniztasunak taldeen emaitzak aberasten dituztelakoan nago. Bakoitzak bere ezaugarri pertsonalak ditu, eta horiei etekinik handiena atera diezaiekegu gure helburuak lortzeko, porrotari beldurrik izan gabe, horretatik ere ikasten baita, hala ez dirudien arren. Bien bitartean, ahal den neurrian, bideaz gozatu behar da». «Lidergoari buruz oso gustuko dudan liburua da Dan Millmanen El Guerrero Pacífico. Zentzuzkoak diren gauza asko esaten ditu, eta ona da horrelakoak noizean behin geure buruari gogoraraztea».
Zein da zure erreakzioa?