ONCE Fundazioak, Laboral Kutxak, Mondragon Unibertsitateak eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateak amaiera eman diote PISCE programari
2021-03-29
ONCE Fundazioak, Laboral Kutxak, Mondragon Unibertsitateak eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateak amaiera eman diote PISCE programari
Joan den martxoaren 23an eman zioten amaiera «Promoviendo la Inversión Social de Calidad en España – PISCE» (Espainian kalitateko gizarte-inbertsioa sustatzen) programari haren sustatzaileek, hain zuzen ere ONCE Fundazioak, Laboral Kutxak, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak eta UC3Mko Gregorio Peces-Barba Giza Eskubideen Institutuak. Europako Batzordearen Erasmus+ programako «Gizarte-arreta eta laguntzako inbertsio inklusiborako aliantza» europar proiektuaren barruan kokatzen da ikastaroa.
Programaren helburua
Bi hilabete hauetan zehar, programaren helburua izan da gizarte-eragina duen inbertsioaren inguruko prestakuntza eskaintzea eta eragile publiko, pribatu eta gizarte-erakundeen arteko esperientzia-trukea sustatzea.Ikastaroan parte hartu duten hiru sektoreetako 37 profesionalek, bertako eta Europako kasu praktikoak ezagutu dituzte, bideo- eta podcast-formatuko edukien bidez. Horrez gain, topaketa birtualetan parte hartu eta gogoeta egin dute.
Europar Batasunaren arabera, datorren hamarkadan Europak urtean 150.000 milioi euro inguruko «inbertsio-gapa» izango du gizarte-azpiegituran. Baliabide osagarrien premia larria dago, proiektu eta ekimenen kalitatea eta berrikuntza areagotzeko. Hori horrela, elkarren arteko lankidetza bermatzeko nahikoa trebetasun eta konfiantza duten eragileen belaunaldi berri bat ere sortu behar da.
Ondorio garrantzitsuak ikastaroaren amaiera-ekitaldian
Egungo murrizketak direla eta, amaiera-ekitaldia joan den asteartean egin zuten, telematikoki eta honako hauek parte hartu dute: Fernando Torija, Europako Inbertsio Bankuko (EIB) Espainiarako dibisioburua; Alberto Durán, ONCE Fundazioko lehendakariorde eragilea; Javier Güemes, ONCEko Talde Sozialeko Nazioarteko Areako zuzendaria; Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoa; Oscar Muguerza, Laboral Kutxako Enpresen Negozioko garapen-zuzendaria; eta Silvia Gallart Parramon, UC3Mko Nazioarteko Harremanetako eta Lankidetzako zuzendaria.Javier Güemes izan zen hitza hartu zuen lehena, eta EIBren zeregina azpimarratu du, funtsezko eragilea baita inbertsio-ekosistema garatzeko. Hori dela eta, Europa sozialagoa eta inklusiboagoa lortzen ari da. EIBko ordezkariak, berriz, lankidetzako ekimen hauen garrantzia nabarmendu du, Espainiako gizarte-inbertsioa sustatzeko balio dutelakoan, eta bide horretan prest agertu da beste esperientzia, programa eta baliabide batzuen zerbitzuan jartzeko.
Alberto Duránek, berriz, programaren barruan egindako gogoeta-prozesua izan du hizpide, kalitateko gizarte-inbertsioaren gakoak identifikatzeko lagungarria dela azalduz. Gizarte-eragina izango duen inbertsioak arrakasta izan dezan, ezinbestekotzat jo du hiru sektoreen arteko lankidetza. Gainera, Duránen hitzetan, honelako ekimenek balio osagarria ematen diete baliabideei, betiere lehenesten badira gizarte-eragina, ebaluazio-adierazleen aukeraketa egokia eta etengabeko hobekuntza, eta aintzat hartzen badira efizientzia, eraginkortasuna eta jasangarritasuna baliabideen gestioan.
Lander Belokik, bere aldetik, programak eskainitako ikaskuntza-esparru garrantzitsua goraipatu du, bertan askotariko eragileak elkartu baitira helburu berarekin, eta gauza izan baitira etorkizuneko lan-ildoak zehazteko. Belokik gogora ekarri du Unibertsitateak, konpromisoa hartu duela sortutako ezagutza martxan diren programetara eramateko, eta gizarte-eragina duen inbertsioaren esparruan sentikortasuna eta oreka eskatu ditu erronka ekonomikoei eta sozialei ekiteko orduan.
Bestalde, Oscar Muguerzak EIBk eta EIFk gizarte-finantzaketaren arloan betetzen duten eginkizuna eskertu du. Haren esanetan, “errentagarritasun ekonomikorik gabeko inbertsio ekonomikorik ez dagoen bezala, gizarte-eraginik gabeko gizarte-inbertsiorik ez dago”. Gakoa da zer maximizatzen den: gizarte-proiektu guztiek itzulkin ekonomikoa izan behar dute, baina maximizazio soziala bilatu behar dute.
Azkenik, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko ordezkariak funtsezkotzat jo du balio hauekiko konpromisoa: inklusibotasuna, berdintasuna, irisgarritasuna eta ingurumen-jasangarritasuna.
Zein da zure erreakzioa?