Online denda txiki bat jartzea: betebeharrak eta eskubideak

Online denda txiki bat jartzea: betebeharrak eta eskubideak

4 min.

Online denda txiki bat jartzea: betebeharrak eta eskubideak

Jarduera nagusi gisa edo diru-sarrera estra bat lortzeko helburuarekin, noiz edo noiz online denda bat abiarazteko ideia bururatuko zitzaizun beharbada. Baina, nondik hasi? Autonomo gisa alta hartu behar da? BEZ ordaindu behar da? Nola aitortzen dira diru-sarrerak?

Kontratuak sinatu eta fakturak egin behar diren edozein jarduera abiarazten denean (produktu bat eskaintzean salmenta-kontratu bat egiten da bezeroarekin) behar bezala bete behar da dokumentazio guztia, eta beraz, erantzun motza baiezkoa da, alta hartu behar da autonomo gisa. Dena den, erantzun horrek hainbat ñabardura izan ditzake, printzipioz, salmentak noizbehinka egiten dituztenek ez baitute betebehar hori bete beharrik. Jarraian, alderdi horren inguruan sakonduko dugu.

Noiz hartu behar da alta Ogasunean eta Gizarte Segurantzan?

“Autonomoetako alta” deiturikoa bi izapide dira errealitatean, bat Ogasunarekin egin beharrekoa eta bestea, aldiz, Gizarte Segurantzarekin egin beharrekoa:

  • Alta ekonomia-jardueren gaineko zergan, Zerga Agentzian / Zerga Administrazioko Estatu Agentzian, 037 edo 036 ereduaren bitartez.
  • Alta Langile Autonomoen Araubide Berezian (Gizarte Segurantza), TA.0521/1 ereduaren bitartez.
Lehenengoa Ogasunarekin egin beharreko izapide bat da, eta fakturak egitea, hiruhileko BEZ aitorpena egitea eta PFEZ aitorpenean diru-sarrerak aitortzea ahalbidetzen digu. Izapide hori nahitaezkoa da jarduera abiarazi ahal izateko, salmenten bolumena dena dela.

Bigarrenak Gizarte Segurantzaren estaldura ematen digu eta hilero kuota bat ordaindu behar da. Kuota hori kotizazio-oinarriaren eta kuotan jaso ditzakegun diru-laguntzen araberakoa izango da (35 urtetik beherako emakumea, 30 urtetik beherako gizona, autonomo berria...), baina 261,83 euro ingurukoa izaten da.

Nolanahi ere, salbuespen garrantzitsu bat dago adierazi berri dugunarekin lotuta. Online denda bat abiaraztean, nahiko argia dirudi, batik bat jardueraren hasieran edo hura bigarren mailako diru-sarreren iturri gisa planteatzen badugu, ez dugula kuota hori ordaintzeko adina irabaziko. Zentzu horretan, kuota hori ordaintzetik salbuesten duen aurretiko jurisprudentzia dago diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez dutenean (2014an 9.000 euro baino gutxiago ziren urtean). Dena den, Gizarte Segurantzak ikuskapen bat egitea erabakitzen badu, une horretan hark zehaztutako irizpideak bete beharko ditugu, eta auzibidera jo beharko dugu jarduera hori noizean behin bakarrik gauzatzen dugula egiaztatzeko.

Online salmentaren betebehar espezifikoak

Edozein jarduera ekonomikori dagozkion izapide arruntez gain, online saltoki bat irekitzeko betebehar jakin batzuk bete behar dira. Betebehar horiek Informazio Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Zerbitzuei buruzko Legean, Txikizkako Merkataritzaren Antolamenduari buruzko Legean (urrutiko salmentak arautzen ditu) eta Datu Pertsonalen Babesari buruzko Lege Organikoan arautzen dira. Honako hauek dira negozio bat Sarean abiarazi ahal izateko lege horiek zehazten dituzten betebehar nagusiak:

  • Gure izena edo izen soziala, harremanetarako datuak eta IFZ edo IFK datuak adierazi behar dira, argi eta garbi.
  • Era berean, produktuen informazioak argia izan behar du eta azken prezioa, dagozkion zergak, bidalketa-gastuak, garraio-epeak, eskaintzaren balioa eta abar adierazi behar dira.
  • Atzera egiteko eskubidea: Kontsumitzailearen Legean aldaketak egin ostean, 7 egunetik 14 egunera luzatu da atzera egiteko eskubidea. Eskubide hori gauzatu ahal izateko inprimaki bat helarazi beharko zaio kontsumitzaileari.
  • Saltzaile gisa, salgaiak garraioan jasan dezakeen edozein ezustekoren arduradunak izango gara, hura entregatzen den momentura arte.
  • Datu pertsonalak erabiltzen ditugunez, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian alta hartu beharko dugu. Bi babes-maila daude, oinarrizkoa eta ertaina. Ertaina bete beharko dugu bankuko datuak zuzenean erabiltzen baditugu, baina oinarrizkoa nahikoa izango da ordainketa PayPal edo saltokiko terminal birtual baten bidez egiten badugu, bankuko datuak Paypal edo banketxe baten bidez kudeatzen baitira.
  • Bezeroei eta erabiltzaileei eskaintzak edo bestelako jakinarazpenak bidali nahi izanez gero, horien aldez aurretiko baimena izan beharko dugu nahitaez. Horrenbestez, ezin izango diegu bezero guztiei promozio bat bidali horiek aurretiaz eta berariaz promozioak jaso nahi dituztela adierazi ez badute.
  • Zerbitzuaren erabilera-baldintzak eta termino orokorrak web orrian jaso beharko dira, ikusteko moduan.
Online denda bat inolako zailtasunik gabe abiaraztea

Izapide eta betebehar guztiez gain, online negozio bat sortzeko produktu horiek guztiak saldu ahal izateko web orri bat egin behar da. Jakina, web orria guk geuk egin dezakegu beharrezko ezagutza teknikoak baditugu. Bestela, Interneten orriak sortzen dituzten profesionalen edo agentzien zerbitzuekin jar gaitezke harremanetan. Arestian esan dugun moduan, seguru asko ordainketa birtualak egiteko plataforma-motaren bat beharko dugu, LABORAL Kutxan gure bezeroei eskaintzen dioguna bezalakoa.

Halere, gauzak gehiegi korapilatu nahi ez baditugu eta produktu gutxi batzuk saltzen hasi nahi badugu gauzak nola doazen ikusteko, gaur egun zerbitzu hori eskaintzen duten zenbait plataforma daude kuota finko baten edo salmenta-komisio baten truke. Gainera, plataforma horietako batzuk erakusleiho ezin hobea dira, aldez aurretiko erabiltzaileen komunitate bat baitute dagoeneko, eta horiek gure produktuetara irits daitezke merkatu birtual horretan dabiltzan bitartean.

Hona hemen horietako batzuk:

  • DaWanda: Sorkuntza originalen merkatu gisa definitzen da, eta bertan, arropa, bitxiak edo altzari sortzaileak topa ditzakegu. Produktu originalak eta sortzaileak gailentzen dira batik bat. Denda doan ireki daiteke eta % 10eko komisioa irabazten dute salmenta bakoitzeko.
  • Etsy: Eskuz egindako produktuetan oinarritzen da. 20 zentimo-dolar kobratzen ditu produktu bat 4 hilabetez argitaratzeagatik eta prezioaren % 3,5 bereganatzen du salmenta egin ostean. Etsy eta Wanda orriek merkatu global gisa funtzionatzen dute eta erabiltzaile gehiagorengana irits zaitezkeela da horien abantaila nagusia.
  • Shopify: Mota guztietako produktuak saldu daitezke, baita digitalak ere. Proba egiteko 14 egun eskaintzen ditu inolako kosturik gabe, eta hortik aurrera, hileko ordainketak egiteko hainbat aukera daude. Hilean 14 dolar ordainduz gero 25 produktu igo daitezke gehienez ere, eta Shopify-k salmenta bakoitzaren prezioaren % 2ko komisioa irabazten du. Hilean 29 dolar ordainduz gero, nahi adina produktu eskain ditzakegu % 2ko komisio beraren truke.
  • Toldo: Hilabete batez doan egin daiteke proba. Hortik aurrera, salmentek ez dute komisiorik eta hilean 10 euroko tarifa finkoa ordaindu behar da.
La Tostadora: Kamisetak, arropa edo iPhone zorroak norbere diseinuekin pertsonalizatzeko eta horiek saldu ahal izateko zerbitzu bat da. Produktuaren arabera, plataformak oinarrizko prezio bat eskaintzen du, eta hortik aurrera gehitzen den marjina sailtzailearentzako izango da. Beraiek arduratzen dira ondasunak inprimatzeaz eta horiek bidaltzeaz.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Autonomoentzako aholkularitza